Nafarroako Gobernuak %5 gehiago izango du 2021eko aurrekonturako

Datorren urtean, 4.464 milioi euroko gastu muga izango du, aurten baino 208 milioi gehiago. Saizek azaldu du susperraldia bultzatu nahi dutela, eta, horregatik, «arduraz» jokatzera deitu ditu taldeak

Elma Saiz, eskuinean, ekainean egindako prentsaurreko batean, gobernuaren egoitzan. JESUS DIGES/ EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hurrengo aurrekontuak prestatzeko bidean, lehen harria jarri du Nafarroako Gobernuak. Atzoko kontseiluan, 4.464,6 milioi euroko gastu muga ezarri zuen, eta, horrenbestez, aurtengo aurrekontuetan baino %5 gehiago izango du gastu eta inbertsio publikorako. 208 milioi euroko hazkunde hori pandemiaren ondorioei aurre egitekoeta susperraldi ekonomikoa bultzatzeko baliatu nahi du. Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak gogorarazi zuen «munduan inoiz ikusi gabeko egoera bat» eragin duela pandemiak, eta, horregatik, parlamentu talde guztiei «erantzukizunerako dei berezia» egin zien. Gobernua sostengatzen duten lau indarrak gutxiengoan direnez, EH Bilduren edo Navarra Sumaren babesa beharko du ezinbestean. Gobernuaren asmoa da urtarrilaren 1erako aurrekontuak onartzea.

Onartutako gastu muga horretatik, 240 milioi euro Tokiko Ogasunen Funtserako izango dira, udalen eta tokiko erakundeen artean banatzeko. Halaber, gaur egun jasota dago estatuari 560 milioi euroko ekarpena pagatuko diola Nafarroak. Dena den, datozen bost urteetarako (2020-2024) ekarpenaren kalkulua negoziatzeko du Madrilgo gobernuarekin, eta, horren arabera, diferentzia likidatu beharko dute bi aldeek. Negoziazioari begira, hartu-eman «iraunkorra» dutela adierazi zuen Saizek, baina ez zuen argitu noizko egon daitekeen akordioa. «Mahai gainean gauza asko daude, eta lehenago edo geroago helduko diogu horri».

Saizek azaldu zuen datozen urterako %6ko hazkundea aurreikusi duela Nafarroako Gobernuak, eta Airef Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak berretsi duela datu hori. Dena den, kopuru hori aldatzeko tartea «handia» dela iritzi dio.

Finantza arlokoak ez diren diru sarrerak 3.964 milioi eurorenak izango dira. Eztabaidari begira, hainbat taldek, tartean EH Bildu, aldarrikatu dute zerga arloan aldaketak egin beharko liratekeela. Horri buruz galdetuta, Saizek erantzun zuen ez dutela planteatu «zerga igoera orokorrik». Era berean, estatuarekiko doikuntzak 28,5 milioi eurorenak izango dira, eta, aurreko egunetan zehaztu bezala, datozen urterako defizit muga barne produktu gordinaren %2,2 izango da. Hala hitzartu zuten Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak aurreko astean.

ELAren azterketa kritikoa

Akordio horren harira, ELA sindikatuak uste du «onartezina» dela Nafarroako Gobernuak bere gastu ahalmenari muga bat ezartzea. Sindikatuaren ustez, akordio horrekin autogobernuari uko egiten dio, eta «gizartearen beharra asetzeko borondaterik eza» erakusten du. Gogorarazi du defizitaren eta zorraren helburuak eta gastu arauak politika publikoetan doikuntzak ezartzera behartzen dituela administrazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.