Bizkaiko 11.000 zergapekok dirua eta finantza produktuak dituzte atzerrian. Guztien artean 1.500 milioi euro dituzte, eta horietatik 600 milioi Suitzan daude. Bizkaiko Ogasunak emaniko datuak dira, historian aurreneko aldiz informazio hori jasotzeko aukera izan baitu DAC-2 Europako direktibari esker. Zuzentarau horri jarraituz, 50 herrialdek euren herritarren datu ekonomikoak trukatu dituzte, eta tartean daude paradisu fiskaltzat jotako batzuk. Besteak beste, Andorra, Bahamak, Kaiman uharteak, Irlanda, Jersey, Luxenburgo, Panama eta Suitza daude multzo horretan.
2017ko datuak dira horiek, ogasunek iragan udan jasotakoak. DAC-2 Espainiako Gobernuak sinatu zuen; beraz, Hego Euskal Herriko lau ogasunek jaso dituzte haien zergapekoen datu horiek, baina Bizkaiak bakarrik egin ditu publiko. Horrek, baina, ez du esan nahi iruzurrik dagoenik, atzerrian kontua izatea ez baita delitua. «Ez dakigu zenbateko iruzurra dagoen. Diru hori deklaratzen badute, ez dago iruzurrik; arazoa dago deklaratzen ez dutenekin. Arreta berezia jarriko dugu ikerketan», azaldu zuen atzo Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak.
Bizkaiko Aldundiak zerga iruzurra borrokatzeko 2020rako planaren aurkezpenean eman zituen datuok, eta horien ikerketa izango da iruzurrari aurre egiteko ardatzetako bat. DAC-2aren datuen bilketa, trataera eta trukea egin dute, baina prozesu luzea da, eta horregatik jaso dituzte bi urteren buruan. Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendaritzak azaldu zuenez, orain ari dira prozesatzen. Atzerrian 50.000 eurotik gorako aktiboak dituzten bizkaitarrek 720 formularioaren bitartez eman behar dute haien berri, eta aitorpen horiekin gurutzatuko dituzte.
Eta zenbat da zehazki atzerriko diru hori? Bada, alderatzen jarrita, Bizkaiak 7.740 milioi euro bildu zituen 2018ko errenta aitorpeneko kanpainan. Datuak aletzen hasiz gero, Europako Batasunetako beste herrialde batzuetako erretiro dirusariak jasotzen dituzten 5.500 pertsona daude Bizkaian, eta AEBetan diru kontuak dituzten 400 zergapekoren informazioa jaso du. Azken datu hori FATCA akordioari esker jaso du.
Datu horiez gain, eta 2020ra begira, Bizkaiko Ogasunak arreta berezia jarriko du nazioarteko enpresa talde handien kontuen ikerketan. Enpresa horiek ariketa komertzial asko egiten dituztela azaldu zuen Alonsok, eta bakoitza non eta nola egiten duten aurkitzen saiatuko dira, behar den tokian tributatzen duten jakiteko. Zuzendariak jakinarazi zuenez, ogasuneko hainbat langile bereziki trebatu dituzte horretarako. Izan ere, Bizkaian biltzen den sozietate zergaren %52 enpresa talde handiek ordaintzen dute. Ehuneko hori 239 enpresa multzori dagokie, eta 2.000 zergapeko inguru elkartzen dituzte. Bizkaian 30.000 enpresak ordaintzen dute zerga hori.
Iruzurrari aurre egiteko asmoz, ogasunak sinplifikatu egin ditu zorrak dituztenen ordainketak geroratzeko eskaerak. Eskaera horiek automatikoki onartuko ditu baldin eta zorra 20.000 euro baino gutxiagokoa bada eta 36 epetan ordaintzen bada; 50.000 eurora iritsi ez, eta 24 epetan kitatzen bada, edota, 500.000 euro baino txikiagoa izanik, hamabi epetan ordaintzen bada.
2019ko errenta kanpainari dagokionez, ogasunak 55.000 zor- geroratze eskaera onartu zituen, eta 592 gelditu ziren bakarrik sistema automatikotik. Hori bai, 592 horien artean 110 milioi euro zor dituzte, eta geroratze eskaera guztien kopurua 443 milioi eurokoa da. Ogasunak, halaber, aurreko beste urteetatik geroraturiko zorren berri eman zuen: 2019an 403 milioi kobratu ziren, eta 329 milioi daude kobratzeke.
Bizkaitarrek 1.500 milioi euro dituzte atzerrian, eta horietatik 600, Suitzan
Bizkaiko Ogasunak 2017ko datuak jaso ditu 50 herrialdetatik, tartean hainbat paradisu fiskaletakoak. 11.000 zergapeko dira, eta haien errenta aitorpenak ikertzen hasia da iruzurrik dagoen jakiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu