Gipuzkoako Auzitegiak ez du aintzat hartu Mondragonen aurkako auzia

Ordainduk eta Eskuratuk aurkeztutako helegitea baztertu egin du. Ekarpenen gaineko auzia preskribatuta zegoela ebatzi zuen Bergarako Epaitegiak, eta erabaki hori berretsi egin du auzitegiak

Ordaindu elkarteak deituta Basaurin 2013. urteko azaroan egin zen manifestazioaren artxiboko irudi bat. LUIS TEJIDO / EFE.
Irune Lasa.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ordainduk eta Eskuratuk galdu egin dute oraingoan ere. Joan den urteko uztailean, Bergarako 1. Epaitegiak baztertu egin zuen Fagor Etxetresnak kooperatibako eta Edesako langile ohiek aurkeztutako auzi eskea, preskribatuta zegoelako. Auzi jartzaileek epai haren aurkako helegitea jarri zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, eta, atzo jakinarazitako epaian, azken horrek ebatzi du Mondragonek ez duela erantzukizunikauzian.

Oraingo epaian, hori bai, Probintzia Auzitegia neurri batean auziaren funtsean sartu da; preskripzioa berretsi du, baina harago ere joan da, eta Mondragon absolbitu egin du Ordainduk eta Eskuratuk leporatutako ekintzetatik. Epaiaren arabera, «auzi jartzaileek bazuten aurretiaz kooperatibaren finantza egoeraren berri».

Auzitegiaren ustez, auzi jartzaileek kooperatibaren konkurtso prozesuaren hastapenetan—2013. urtearen amaieran— jakin ahal izan zuten jada ez zutela aukerarik izango Fagorren ekarpenetan jarritako dirua berreskuratzeko; are gehiago garai hartan kooperatiba horietan oraindik indarrean zeuden informazio kanal ugariekin.

Probintzia Auzitegiak berak azaldu du ekarpenekin jasotako kaltearen berri izan eta askoz beranduago —urtebeteko epea aise gaindituta— iritsi zela Mondragon Korporazioaren kontra propio ezarritako auzi eskea.

Horrekin batera, Mondragonen erantzukizunaz ere iritzia eman du auzitegiak. Haren arabera, auzia aurkeztu aurretik, Ordainduk eta Eskuratuk berek ere ez zuten aipatu Mondragon Korporazioaren ardurarik eta erantzukizunik. Bi taldeek egindako agerraldi eta protesta ugarietan, Mondragoni ez zioten zuzenean leporatu ez engainurik eta ez jokabide maltzurrik, eta dei egin zioten Fagor Taldearen, MCCren eta kooperatiben arteko elkartasunari.

47 milioi euroko auzia

Ordaindu eta Eskuratu elkarteetan bildutako Fagor Etxetresnak kooperatibako langile ohiek—900 kidetik gora— 47 milioi euro eskatu zizkioten Mondragoni, 2015. urteko azaroan aurkeztutako auzi eskean, «jokabide maltzurra» leporatuta. Haien arabera, Mondragonek «engainatu» egin zituen: jakitun zegoen bai Fagor Etxetresnak bai Edesa Industrial itxi egingo zirela, baina, «informazio engainagarriekin», bazkideak euren ekarpenei eustera bultzatu zituen, eta, ondorioz, kooperatibak hondoa jo zuenean, galdu egin zituzten ekarpen horietan utzitako aurrezkiak.

Horrela jokatu zuela ukatu egin du beti Mondragonek. Eta Probintzia Auzitegiak ere ebatzi du ez zela engainurik egon. Atzo jakinarazitako epaiari buruz, Arrasateko taldeak azpimarratu du Mondragonek «hasieratik defenditu dituen argudioak berretsi» dituela Probintzia Auzitegiak: horien artean, «Mondragonek ez zituela auzi jartzaileak engainatu, kooperatibak autonomoak eta burujabeak direla, eta, beraz, horien etorkizunari buruzko erabakien erantzukizuna soilik eurena dela, eta ezin dela beste ezein instantziatan delegatu». Arrasateko taldearen arabera, epaiak azpimarratu egiten du «Mondragoneko kooperatibek Fagor Etxetresnak taldeari eta Edesari laguntzeko garatutako elkartasunezko esfortzua».

Salatzaileak, «suminduta»

Gipuzkoako Auzitegiaren epaia «suminduta» jaso dute Ordainduk eta Eskuratuk, haien iritziz«kontraesan handiak» dituelako. Ziurtatu dute epaileek ez dutela «batere sentsibilitaterik erakutsi adineko pertsonen talde batekin», eta berriro nabarmendu dute zein den beren salaketa: «Mondragon Korporazioak borondatezko ekarpenaren luzapena eta hartzekodun konkurtsoa antolatu zituen, enpresen aktibo nagusiak Arrasateko taldearen esku gera zitezen».

«Bizia eman genuen Mondragon Korporazioaren alde, eta orain bazterrean utzi gaituzte», salatu dute. Epaiak alde batera utzi du «zalantzan jarri ezin daitekeen egia bat», hau da, «engainatu» egin zituztela beren aurrezkiak Fagorren eta Edesan uzteko, «zuzendaritzako kideek beren inbertsioak oztoporik gabe ateratzen zituztela». Hurrengo egunotan batzarrak egingo dituzte Ordainduko eta Eskuratuko bazkideek, eta hor erabakiko dute Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarriko ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.