Muga zergak ordainetan

Txinak AEBetako inportazioei tarifak igota erantzun die Trumpen azken muga zergei. Trumpek iragarri du orain arte salbuetsi dituen kontsumoko produktu txinatarrak ere zergapetuko dituela

Itsasontzi bat kargatzen, Txinako Quingdao portuan, iazko irudi batean. ROMAN PILIPEY / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bakea gertu izatetik elkarri erabateko gerra komertziala deklaratzera igaro dira AEBak eta Txina. Pekingo gobernuak 60.000 milioi dolarren AEBetako inportazioei %10 eta %25 arteko muga zergak jarrita erantzun zion atzo Washingtonek ostiralean ezarritakoei. Donald Trumpek ez zuen asko itxaron bere apustua bikoizteko, eta iragarri zuen orain arte tarifa berezirik ordaindu beha r ez zuten kontsumoko ondasunei ere muga zergak jartzeko prozesua abiaraziko duela. Bi potentzien arteko merkataritza gerraren gogortzeari kezkaz begiratzen diote munduko beste herrialdeek,ekonomia globalari kalte egingo dion beldur.

Astelehen goizean, Trumpek ohartarazi zion Txinako Gobernuari «oso kalte handiak» izango zituela baldin eta AEBen muga zergei erantzutera ausartzen bazen. Espero zenez, hizkera horrek ez zituen kikildu Pekingo agintariak, eta, bi ordu geroago, «AEBen aldebakartasunari eta protekzionismoari» odolkiak ordainetan eman zizkion. Muga zerga ordaindu beharko duten 2.500 produktuen artean dago gas naturala, Texasen eta Oklahomaren errepublikanoetatik irteten dena.

Hori bai, negoziaziorako aukera zabalik utzi zuen Txinak, jakinarazi baitzuen tarifak ekainaren 1ean jarriko direla indarrean; gutxi gorabehera orduan hasiko dira aplikatzen AEBetako azken tarifak ere, dagoeneko bidean zeuden produktuei ez jartzea hobetsi baitzuen Washingtonek—Txinatik AEBetara doazen produktuen %90 itsasontziz garraiatzen dituzte—.

Kontsumoko ondasunak

Muga zergei dagokienez, botikaren neurrian dago bi aldeen arteko desberdintasuna: ostiralaz geroztik, Txinak AEBetara esportatzen dituen 250.000 milioi dolarreko produktuek ordaindu behar dute ezohiko %25eko muga zerga. Txinaren arazoa da ezin duela maila horretara heldu,AEBei erosten dizkien produktuak ez baitira 200.000 milioira iristen. Funtsean, hori da arazoaren muina:Trumpek uste du Txinaren inportazio handiek milaka industria eta milioika lanpostu lapurtu dizkietela AEBei. Tarifen bitartez merkataritza harremana orekatzeko ametsa du Trumpek: Txinako produktuak garestitzen dituztenez, inportatzaileak bultzatzen ditu produktuak AEBetan edo beste leku batzuetan erostera, baita ekoizpena Txinara eraman duten AEBetako enpresak itzultzera ere.

Ikusi beharko da zer gertatzen den Trumpek bere mehatxuak bete eta Txinaren inportazio guzti-guztiak zergapetzen dituenean. Orain arte tarifarik ordaindu ez duten inportazioak—300.000 milioi dolarrenak— zergapetzeko lehen urratsa eman zuen atzo. Horien artean ohiko kontsumo produktuak daude: sakelako telefonoak, gailu elektronikoak, jostailuak, bizikletak eta halakoak. Nahita salbuetsi ditu orain arte, haien prezioaren igoerak herritarrak haserre ez zitzan, baina arrisku hori hartzeko nahiko indarrarekin ikusten du bere burua AEBetako presidenteak: ekonomia sendo hazten ari da; langabezia azken hamarkadetako txikiena da; burtsa gora doa; eta Txinarekin gogor jokatzeak babes politiko handia dauka, baita demokrata gehienen aldetik ere.

Muga zergak Txinako esportatzaileek ordaintzen dituzten zerga gisa aurkeztu ditu Trumpek, baina errealitatea da nagusiki inportatzaileek pagatzen dituztela; hots, AEBetako saltokiek eta osagarriak behar dituen AEBetako industriak. Orain arte, inportatzaileek Beren irabazi tartea txikituta egin diete aurre muga zergei, baina, %25era heltzen direnean, derrigorrean kontsumitzaileen bizkar jarriko dituzte kostu gehigarri horiek.

Trumpen aholkulari ekonomikoak, Larry Kudlowk, onartu egin du merkataritza gerra ez zaiela doan aterako estatubatuarrei: «Bi aldeek ordainduko dute; bi aldeek sufrituko dute». Edonola ere, sufritzea merezi duela ziurtatu du Kudlowk, «Txina behartzen badugu AEBak hobeto tratatzera».

Moldaketak besterik ez

Trumpen administrazioak zabaldu duen kontakizuna da Txinak «tranpa» egin diela estatubatuarrei, eta sistema bere onerako baliatu duela. Neurri batean, irakurketa hori bere egin du Xi Jinping Txinako presidenteak, saiatzen ari baita gaur egungo arkitektura mantentzen, moldaketa txiki batzuekin. Izan ere, ukaezina da Txinak jakin duela etekina ateratzen nazioarteko merkatu irekiei eta globalizatuei. Azken bi hamarkadetan, bere fabrika handietan ekoitzitako produktuez bete du mundua, eta, horrela, gai izan da ehunka milioi txinatar miseriatik ateratzeko. Munduko potentzia nagusia izateko helburua duenez, Xik ez du arrazoirik norabide horretatik ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.