Hurrengo krisi ekonomikoa eta atzeraldia ate joka ikusten dutenek gehixeago itxaron beharko dute beren iragarpena betetzeko. Eurogune osoko ekonomiak uste baino emaitza hobeak izan ditu 2019ko lehen hiruhilekoan, eta %1,2ko hazkunde tasari eutsi dio. Kopuru horretatik oso gora dago Hego Euskal Herria, baina egia da moteltzen ari dela: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %2,4tik %2,2ra jaitsi da hazkundea, eta Nafarroan, %3tik %2,9ra.
Nafarroako Estatistika Erakundeak atzo eman zuen urte hasierako kontu ekonomikoen lehen aurrerapena. Egiaztatu duenez, lehen aldiz 2016 amaieraz geroztik, %3tik behera geratu da barne produktu gordinaren hazkundea. Azken bi urteetan %3,2 igo ondoren, aurtengo lehen hiruhilekoan %2,9 handitu da.
Nafarroako Estatistika Erakundeak nabarmendu duenez, «industriaren dinamismo txikiagoak» ekarri du hazkundearen moteltzea, baina «zati batean bederen», eraikuntzaren «portaera onak» konpentsatu du. Eskariari dagokionez, esportazioen ekarpena ere apur bat txikitu da.
Urteko bigarren hiruhilekoan ere pixka bat gehiago apaltzea espero da, iazko lehen erdia oso indartsua izan zelako Nafarroako ekonomiarentzat —hiruhileko batetik bestera %1 hazi zen—, baina gerta daiteke urtearen bigarren erdian berriro ere gorantz egitea. Izan ere, hiruhileko arteko tasan bizkortu egin da hazkundea. 2018ko hirugarrenean %0,6 handitu ondoren, %0,4ra jaitsi zen laugarrenean, baina berriro %0,8ra igo da.
Nafarroako datuak txiki uzten du Hego Euskal Herriko beste lurraldeena. Joan den astean Eustatek zabaldu duenez, urtearen hasieran %2,2 hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. Jaurlaritzak uste baino hobea izan da datua. Kasu horretan ere, 2018ko azken hiruhileko datua (+%0,5) baino hobea izan da 2019ko lehenengoa (+%0,6).
Italia atzeralditik atera da
Ustekabe positiboa iritsi da eurogunetik ere. Eurostatek atzo zabaldu zuenez, euroa partekatzen duten hemeretzi estatuetan hazkundeak ez du erritmorik jaitsi urtearen hasieran, eta %1,2an geratu da. Hori baino garrantzitsuagoa izan daiteke hiruhileko arteko tasan hazkundea bikoiztu egin dela: %0,2tik %0,4ra. Horrek iradoki dezake euroguneko ekonomiak gainditu duela 2018 amaierako ahultasuna. Hala balitz, azken iragarpen ezkorragoak gezurtatuko lirateke. Horrela, Europako Banku Zentralak kalkulatu zuen lehen hiruhilekoan %0,2 handituko zela BPGa, eta %0,3 bigarrenean.
Alemaniak oraindik bere datuaren berri eman ez duenez, euroguneko beste kide handien emaitzek osatu dute euroguneko datuaren muina. Haien artean Italia nabarmendu da, iazko bigarren erdian atzeraldi teknikoan sartu ondoren, hazkundera itzuli baita: %0,2 hiruhileko batetik bestera, eta %0,1 urte batetik bestera.
Frantziak, berriz, %0,3ko hazkundeari eusten dio —%0,8 urteko arteko tasan—. Neurri batean kontsumoaren suspertzeari zor zaio datua (+%0,4), Jaka Horien mugimenduaren protestek ostalaritzari eta merkataritzari egin ziotelako kalte 2018 amaieran.
Hazkundearen eskutik, langabeziak jaisten jarraitzen du. Eurostaten arabera, martxoan 12,63 milioi lagun zeuden lanik gabe eurogunean (%7,7), otsailean baino 174.000 gutxiago.