VWek lan itunaren aurreakordioa ixtear du CCOOrekin eta UGTrekin

Langileen gaixo agiri arruntak mutualitateari kentzeko prest azaldu da multinazionala, urte batez. ELAk eta LABek salatu dute agiria «orokorkeriaz betea» dela eta «dena airean» uzten duela

Volkswagen Nafarroak Iruñeko Landabenen duen fabrikaren atarian, txanda aldaketa bat. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da Nafarroako Volkswagenen 10. lan itunaren negoziazioa. Aurreko zazpi bileretan aztertutako gai guztiak dokumentu batean bildu, eta akordio baterako proposamena egin zien langileen batzordeko bost sindikatuei. Ixtear da atal hori, enpresak gaurko beste bilera batera deitu dituelako UGT, CCOO, ELA, LAB eta CGT, euren iritzia eman dezaten. «Gehiengoak begi onez hartzen badu, sinatu egingo da». Egintzat ematen da, orain arte eskutik helduta joan direlako UGT eta CCOO, aldeko iritzia agertu dutelako, eta enpresa batzordean gehiengo osoa dutelako. Aldiz, ELA eta LAB kritiko agertu dira.

Akordioa azkenean gauzatzen bada, hiru urteko iraupena izango du, 2024tik 2026ra. Auto elektrikorako produkziora eraldatzeko obren garaian egongo da indarrean. ELAko Igor Peñalverri iruditzen zaio lan itun hori aurrekoaren «luzapen bat» dela. «Ez dugu hitz egin hitzarmenetan ohikoak diren gaiez: lanorduez, malgutasun neurriez. Asmo batzuk jarri ditu zuzendaritzak, eta horri buruz zehatzago hitz egingo dugu beharra etortzen denean». Horregatik, uste du «dena airean» geratu dela.

«Antzezpen bat izan da»

LABeko Raul Portilloren arabera, berriz, «antzezpen bat» izan da, elkarrizketa hasi aurretik «egina» zutelako enpresak zein batzordean nagusi diren bi sindikatuek. «Dena orokorkeriak dira: ez da gauza handirik zehaztu. Akordioaren mamia ondorengorako utziko da».

Atzokoa zortzigarren bilera izan zen, eta zuzendaritzak mahai gainean jarri zien langileen gaixo agiriak kudeatzen dituen mutualitateari urte batez ardura hori kentzea. Akordioaren arabera, 2025etik aurrera erabakiko dute zer egin. Jesus Galindo Industria Harremanetako zuzendariaren ustez, absentismoa murrizteak izan behar du enpresaren eta langileen lehentasuna. Hala eginez gero, VW prest dago mutualitaterik gabe jarraitzeko, eta bestela oraingo egoerara itzuliko dira.

Oraintxe, absentismoa %9-10ekoa da Landabengo fabrikan. Portillok gogorarazi zuen mutualitatea sartu denetik ez duela ezer konpondu, eta, alderantziz, «arazo ugari» eragin dituela.

Peñalverrek gaineratu zuen absentismoa apaldu beharrean handitu egin dela azken urteetan. Haren esanetan, mutualitatearen joera da langileen gaixo agiriak ez lotzea lanarekin, baizik eta gaitz arruntekin. «Negozio bat da, bideratzen da dirua zerbitzu publikoetatik pribatuetara». ELAko kidearen ustez, absentismoaren gaia produkzio ereduarekin dago lotuta, baina horretan ez du sartu nahi izan VWek.

Negoziazioari ekin aurretik, enpresak ohartarazi zuen urte eta erdiz 400 lanpostu sobran izango zirela. Enpresak lanpostu gutxitze hori neurri hauek ezarriz bete nahi du: errelebo kontratuak eginez, eta 60 urtetik gorako langileek lana borondatez utz dezatela bultzatuz. Alta, autogintzako errelebo kontratuekin jarraitzea Espainiako Gobernuaren erabakia izango denez, enpresa uzteko lanpostu horien irizpideak VWekezarri nahi ditu.

Testuak ez du zehazten zer irizpide ezarriko diren horretarako, baina sindikatuek susmoa dute behin-behineko langileekin lotu daitekeela. LABeko Raul Portillo kritiko azaldu da horregatik, borondatezkoa izateari utz diezaiokeelako: «Gaixo agiriak dituzten horiek kendu nahi dituzte gainetik, eta absentismoa apaldu nahi dute horrela, beste ezer egin gabe».

Soldatari dagokionez, VWek proposatu du urtero KPIa adina igotzea. Gainera, errendimenduaren araberako sari bat proposatu du. Hiru urtean 900 euro ordainduko ditu: 200 euro 2024an, 300 euro 2025ean, eta 400 euro 2026an. Azken 400 euro horien ordainketa loturik egongo da auto elektrikoaren helburuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.