Aiaraldeko langileak kalera atera dira Glavistako 240 lanpostu babesteko

Langileak ziur dira lantegia bideragarria dela oraindik. Enpresak joan den astean egin zuen kaleratze kolektiborako eskaria. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote egin diezaiola presio handiagoa Guardiani

Autoglas-Glavistako langileek eta Aiaraldeako beste enpresa batzuetakoek atzo Laudion egin zuten manifestazioa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Autoglas-Glavistako 240 langileak iazko azarotik daude ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean, eta «aski da» esan dute. Enpresaren zuzendaritzak kaleratze kolektiboa egiteko eskaera egin zuen joan den astean, eta ez daude onartzeko prest.Aiaraldeko beste langileen elkartasuna jaso zuten atzo Laudion (Araba) egindako manifestazioan.

Aitor Merino Autoglas-Glavistako enpresa batzordeko kidea da, eta adierazi zuen eskualdeko hainbat fabrika, eragile eta kolektibotako jendea bildu zela atzoko protestara, «eskualde mailako manifestazioa» eginaz.

Mugimendu feministako kideak, pentsiodunak eta bestelakoak izan ziren bertan, eta, martxaren aurretik, Tubacexeko langileak itxialdian zeuden langileengana hurbildu ziren elkartasuna erakusteko. Langileek «Guardian errudun» eta «Glavista ez itxi» zioten pintaketak egin zituzten fabrikaren fatxadan, eta leihoetatik manikiak bota zituzten, buruz behera. Alderdi politiko batzuetako ordezkariak ere bertaratu ziren.

Manifestazioaren aurretik, lantegian asteazkenetik itxita zeuden langileak atera ziren, Laudioko karriketan protesta egiteko. Merinok, hala ere, esan zuen itxialdia hasi zenetik plantilla gogotsuago dagoela, gorabehera askoko hilabeteak izan baitira aitzinekoak. «Uztailean bazirudien lanera itzuliko ginela, baina azkenean atzera bota zuten proiektua, eta beheraldia eragin zuen jendearengan. Langileekin soldata zorrak dituzte, eta batzuek beste lan bat topatu dute. Bulegoetako batzuek kontua eskatu dute».

Merinok argi du Guardianek ez duela jarrera aldatuko, eta erakundeen laguntza eskertu zuen: «Guardianek dio Autoglas-Glavista erosteko dagoen proiektua ez dela bideragarria, eta ez ditu lurrak eman nahi. Baina ez da egia, guztiz bideragarria baita, eta Eusko Jaurlaritza Guardianen argudioak eraisten saiatzen ari da».

Halako egoerei aurre egiteko tresna publikorik ez izatea deitoratu du: «Enpresa honek enplegua eta aberastasuna sortzen du, eta lotsagarria da hemendik 6.000 kilometrora Michiganen (AEBak) hartutako erabaki batengatik kalean geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.