Mecanerreko langileek fabrikaren geroa eta beren lanpostuak defendatzeko borroka hasi dute. Enpresaren jabeak, Stellantis autogintza multinazionalak, Urdulizko lantegia (Bizkaia) itxi nahi du, eta han aritzen diren 148 langileak kaleratu. Beharginek greba eginez eta ekoizpena erabat geratuz erantzun zioten atzo, eta manifestazioa egin zuten herriko kaleetan, Mecaner ez itxi! lelopean.
Manifestazioan parte hartu zuen langileetako bat da Josu Gaminde —50 urte ditu—. «Esan digute ez garela produktiboak eta bideragarriak, baina badakigu hori ez dela egia», salatu du. Gamindek argi du Urdulizko lantegia ixteko arrazoiak bestelakoak direla: «Guk badakigu lan egiten, baina haiek ez dute gurekin lan egin nahi. Kostu merkeagoak dituzten herrialdeetan egin nahi dituzte autoak, gero hemen saltzeko». Etekinak handitzea da, haien ustetan, Stellantis taldearen helburu nagusia.
Kaleratu nahi dituzten 148 langileetatik lau azpikontratatutako garbitzaileak dira. Gaminderen iritzi berekoak dira haiek ere; hala azaldu du, behintzat, Teresa Albizu 59 urteko garbitzaileak. «Ez genuen kaleratzerik espero, enpresaren egoera ona baita. Ezusteko erabakia izan da garbitzaile guztientzat». Ez dute uste enpresa negoziatzeko prest egongo denik, eta badakite ahaleginak egin beharko dituztela egoera hobetzeko. Horregatik batu dira, hain zuzen, grebara: «Mecanerreko langile eta administrari guztiek gauza bera eskatzen dugulako».
Grebak instituzioetarako bidea irekiko diela uste dute garbitzaileek, eta, ondorioz, haien laguntza ere eskuratuko dutela. Gamindek azaldu duenez, instituzioen laguntza ezinbestekoa da aurrerapausoak emateko, baina ez daki greba egitea nahikoa izango den hori lortzeko. «Udalarekin batzartu gara, baina zer egin dezake? Grebak egitea eta komunikabideetan lekua hartzea ondo dago, baina gehiago egin behar dugu». Zer edo nola egin dezaketen ez daki, baina uste du Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea behar-beharrezkoa dela.
Langileek eta sindikatuek jakinarazi dutenez, laster ez badute Mecanerren eta Eusko Jaurlaritzaren erantzunik jasotzen, urriaren 7an beste manifestazio bat egingo dute Urdulizen.
Mecaner enpresako langile guztiek bat egin dute greba deialdiarekin
Stellantis taldeak Urdulizko lantegia itxi nahi du, eta hango 148 langileak kaleratu, argudiatuta ez direla «produktiboak eta bideragarriak». Langileek salatu dute etekinak handitzea dela enpresaren asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu