Gasa hidrogenoarekin nola nahastu probatzen jarraitzen du H2Sareak

Frogatu du egungo gasbideetan modu seguruan garraia daitekeela hidrogenoa %10 eta gainerakoa gas naturala duen nahastea. Urte amaierarako %20 hidrogenoa duen nahastea probatuko dute

H2Sarearen erreplika, gasa banatzeko sare baten osagaiekin, Zamudioko Parke Teknologikoan.  - / H2SITE.
Irune Lasa.
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Eguneroko bizitza deskarbonizatzeko asmo eta proiektu guztiak aintzat hartuta, noiz arte izango da gas naturalaren moduko erregai fosil bat berokuntzarako modu nagusia etxebizitzetan eta industrian? Oraindik urte batzuk beharko dira galdera horren erantzuna izateko.

Aukera bat izan daiteke gas naturala erabiltzen jarraitzea, baina beste erregai garbiagoekin nahastuta, argindar berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdearekin edo biometanoarekin. Horrek, gas konpainien arabera, modua emango luke gas naturalerako gasbide sarea eta galdarak erabiltzen jarraitzeko, gaur egun baino karbono gutxiago isuriz.

Modu seguruan jarduteko nahasketa horren proportzioa nolakoa izan daitekeen, hau da, nahasketak zenbat hidrogeno eraman dezakeen probatzen ari da Nortegas azken hilabeteetan H2Sarea proiekturako, non zenbait euskal enpresa dauden—ABC, Erreka, H2Site, Orkli, Tecnalia eta Ikerlan—.

Gas banaketarako sareen araudiak gaur egun jada baimentzen du %5a hidrogenoa daraman gas nahasketa, eta proportzioa %10era igo daitekeela frogatu duela jakinarazi du Nortegasek.

Horretarako, nahastea injektatu dute 3.000 orduz gasa banatzeko sare baten erreplikan, non hogei urtetik gorako erabilera erreala izan duten elementuak jarri dituzten, hala nola erregulatzeko eta neurketarako tokiak, balbulak, erregulagailuak eta kontagailuak. Hiru hilabetetan ez da sareko elementuen portaera arrarorik antzeman, ez da gas ihesik izan, ezta materialen hondatzerik ere.

Bezero baten etxebizitzan ere probak egin dituzte %10 hidrogeno %90 gas natural nahaste horrekin, eta ondorioztatu dute instalazioa normal ibili dela. H2Sarea proiektuan hidrogenoaren proportzioa %15era handitu dute aste hauetan abian duten proban, eta asmoa da urte bukaeran %20rainoko hidrogeno injekzioa probatzea.

Industrian ere

Etxebizitzetarako erabileraz gain, aztertzen ari dira hidrogeno eta gas naturalaren nahasketa horrek ze proportzio beharko lukeen industria jardueretan ere erabiltzeko. Ordenagailu simulazioetan ikusi dute lurrun galdara batean erabil daitekeela, eta baita tratamendu termikorako labe batean ere, non erregai gasek kontaktu zuzena duten berotu beharreko aluminio piezekin. Bi kasuetan ondorioztatu dute gas nahastearen %30 hidrogenoa izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.