«Ene Jainkoa! Libra nazazu nire adiskideengandik! Nire etsaiak libratzeaz neu arduratzen bainaiz». Voltaire filosofo frantsesaren esaldi ospetsua ezin egokiagoa da Europako Batasuneko buruzagiek azken asteetan pentsatu dutena adierazteko. Kasu honetan, adiskidea AEBetako Gobernua da, eta libratu beharreko borroka da hark bultzatu duen inflazioa gutxitzeko legearen aurkakoa. Arau horren bitartez, AEBetan han bertan egindako makinei eta osagaiei lehentasuna emango diete energia trantsizioan, eta haientzako gordeko dira diru laguntzak. Legeak kalte handia egin diezaioke Europari, inbertsioen ihes bat eragin dezakeelako, eta horregatik iragarri du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak laguntza publikoen arau zorrotza malgutu egingo dutela, diru publikoa errazago erabil dadin klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat egiten duten proiektuetarako.
Laguntza publikoen gaia jorratu zuten atzo AEBek eta EBk, bi aldeak biltzen dituen Merkataritza eta Teknologia Kontseiluan. Marylandeko Unibertsitatean (AEB) izan zen bilera, eta han izan ziren Valdis Dombrovskis eta Margrethe Vestager EBko lehendakariordeak. Akordio bat baino gehiago, espero zen AEBetako ordezkariek adieraztea zerbait egiteko prest zeudela.
Modu horretako konpromiso bat lortu zuen Bidenen ahotik Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, joan den astean Washingtonera egindako bisitan. «Moldaketa batzuk egin daitezke Europako herrialdeek ere parte hartzeko, baina oraindik landu beharko ditugu», esan zuen Bidenek, ostegunean.
AEBetako presidenteak argi utzi du inflazioaren aurkako legea Txinako inportazioei bidea trabatzeko tresna bat dela, eta horren bitartez lortu nahi dutela AEBetan trantsizio energetikoa egiteko industria propio bat garatzea. Hori bultzatzeko, laguntza publikoa jasoko dute AEBetan egindako osagaiekin eraikitzen diren auto elektrikoa edo eguzki panelak erosten dituztenek.
Zuzenketa baten bidez, Mexikon eta Kanadan egindako osagaiak ere sartuko dira laguntza jaso ditzaketen artean, bi horiek AEBekin merkataritza ituna dutelako; EBk, ordea, ez du, baina hori zuzendu daitekeela azaldu zuen Bidenek. «Zuzenketa hori egin zuen kongresukideak onartu du aliatuei buruz ari zela; ez zuen literalki esan nahi merkataritza itunak dituztenak. Hortaz, egin daiteke zerbait». Ikusteko dago AEBetako Kongresuak prestasun hori duen, legeak ozta-ozta egin zuelako aurrera demokraten botoekin.Trukean, AEBek nahiko dute Europak gogorrago jokatzea Txinarekin, eta ez dute erraza izango.
Politika propio bat
Baina AEBekin akordioa lortu eta merkataritza gerra bat eragotziko balu ere, EBri argi geratzen ari zaio zerbait egin beharko duela energia berriztagarrietan eta trantsizio energetikoaren beste ataletan bere enpresak atzean gera ez daitezen. «Geure lehiakideen industria politika indartsuek egiturazko erantzun bat behar dute», adierazi zuen igandean Von der Leyenek.
«Ikusten badugu sektore estrategikoetan egindako inbertsioak EBtik kanpora doazela, horrek geure merkatu bakarrari kalte egingo lioke. Horregatik ari gara aztertzen nola sinplifikatu eta egokitu behar ditugun laguntza publikoen inguruko arauak». Hau da, Brusela prest dagoela onartzeko estatu kideek diruz laguntzea sektore batzuk, inbertsioak egin ditzaten energia berriztagarrietan eta halakoetan. Estatu laguntzei buruzko araudi zorrotza du EBk, laguntza horiek enpresen arteko lehia libreari kalte egiten diotelakoan.
Baina gai horretan EBk betiko harriarekin egingo du topo: herrialde batzuek beren kabuz lagun ditzakete enpresak, baina beste batzuk ez dute nahiko dirurik. Hori gertatu zen COVID-19aren pandemiarekin, eta horregatik sortu zuen EBk Next Generation funtsa. Oraingoan ere EBk beste funts berezi bat sortzeko aukera aipatu du Von der Leyenek: «Europaren industria politika komunak finantzaketa komuna behar du».
Brusela, ordea, ez dago prest proposamen bat aurki egiteko, eztabaida hasi berri delako. Ez daeztabaida erraza izango, Alemaniak eta beste herrialde batzuek dagoeneko ohartarazi dutelako kontra daudela. Diru freskoa jarri beharrean, dagoeneko onartuta dagoena egokitzea eta erabiltzea proposatu du Berlinek.
EBk bere enpresak lagunduko ditu, energia trantsizioan atzean ez uzteko
Von der Leyenek agindu du laguntza publikoen araudia bigunduko dutela industria sustatzeko. Batzordeak beste funts bat sortu nahi du proiektuak finantzatzeko, baina kide guztiak ez dira ados
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu