Grebarik ezean, manifestazioa

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek lan erreformaren aurkako mobilizazio bateratuak antolatu dituzte hilaren 30erako. Ezustekorik ezean, deialdiak bidea itxiko lioke lanuzte orokor bati

Urtarrilaren 30erako mobilizatzera deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Manifestazio handiak bai, baina greba orokorrik ez. Ez behintzat ezusteko handirik ezean. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek lan erreformaren aurkako mobilizazioetara deitu dute hilaren 30eko eguerdirako (12:00). Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan irtengo dira kalera, Lan erreforma honi, ez lelopean. Egun horretan, Katalunian eta Galizian ere egingo dituzte manifestazioak, sindikatu deitzaileek erreforma ez babesteko eskatuko dietelako Espainiako Parlamentuan ordezkaritza duten «alderdi subiranistei». Legearen bozketaren bezperan ere egingo dituzte elkarretaratzeak —data zehazteke dago oraindik—. Hori bai, ondo bidean, lanuzterik ez da egongo. Are gehiago, ELAk eta LABek ez dute argibiderik eman greba antolatzeko aukeraren eta negoziazioen inguruan.

Euskal Herriko gehiengo sindikalaren ustez, oraindik aukera dago lan erreforma indargabetzeko edo aldaketa garrantzitsuak egiteko. Proposamena onartzeko epea otsailaren 7an amaituko da, eta astebete lehenago saiatuko dira azken estualdia ematen. ELAk eta LABek batasun irudia berreskuratu dute deialdi bateratua egiteko, baina, haren aurkezpenean, agerian gelditu da grebaren inguruko jarrera ezberdinak dituztela. Mahaian Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABekoa egon arren, greba deialdiari buruzko kazetarien galderak Nagore Landa Steilaseko ordezkariak saihestu ditu: «Erreformaren inguruan eta mobilizazioei buruz hitz egitera etorri gara gaur». Baztertua dago greba orokorra? «Greba erreminta bat da. Ikusiko dugu».

Galiziako eta Kataluniako hainbat sindikatuk ere deituko dute 30eko mobilizazioetara, eta erreformaren inguruko bi eskakizun egingo dituzte. Batetik, kaleratzeak zailtzea, eta inor kaleratzekotan 45 eguneko kalte ordaina berreskuratzea. Bestetik, Euskal Herriko eta probintziako lan itunek lehentasuna izatea. Lakuntzak azken eskaera horren inguruan dauden zalantzak argitu ditu: «Euskal Herriko itunak Espainiakoaren aurretik daudela diote, baina ez dago horren bermerik, eta Confebaskeko zerbitzu juridikoek badakite hori. Lanbide arteko 2017ko akordioak gabezia batzuk dauzka, eta gabezia horiek segurtasun juridiko faltan oinarritzen dira. Hemen akordio bat egon da, baina guk beti esan dugu: norbaitek erabakitzen badu epaitegietara jotzea, arriskuan jartzen du akordioa. Berme juridikoa nahi dugu, eta, egun gaiarekin eztabaida badago, horregatik da, berme hori ez delako sartu erreforman».

Aranburuk gehitu du bi eskaera horiek zentralak direla, eta, besteak beste, lan erreforma horregatik ez dela baliagarria Euskal Herriko langileentzat. LABeko idazkariak kirol metafora bat erabili du presio sozialak izan dezakeen garrantzia nabarmentzeko: «Minutu garrantzitsuak Madrilen jokatzen dira, baina ez partida osoa». LABek, halaber, hilaren 27an Aldarrikapen Eguna egitekoa zuen lantokietan, eta aurreratu zuen agendaren arabera erabakiko dutela deialdi horri eutsi ala ez: «30ean eta legearen bozketaren bezperan elkartuko gara. Azken data horren arabera ikusiko dugu 27koa nola gelditzen den. Agendaren esku dago. Dena den, balioa eman nahi diegu sindikatuen artean adostutako mobilizazioei».

Lakuntzak egoeraren analisi politikoa egin du, eta kritika zorrotza egin dio Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroari: «Gezurretan ibili da behin eta berriz. Negoziazioa antzerki bat izan da, patronalak nahi zuena». Espainiako Gobernuari eta CCOO eta UGT sindikatuei atzera egin izana egotzi die, eta iritzi dio demokratikoki arbuiagarria dela patronalari men egin izana. Legea eztabaida parlamentariorik gabe onartua izatea ere gaitzetsi du.

UGT aipatuta, Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, ELAri eta LABi eskatu die azaldu dezatela lan erreformak zer kalte egiten dien langileei. Bi idazkariek erantzun diote. Lakuntza: «Langileei ez dizkie itzuli galdutako eskubideak. Lorpen gutxi batzuk baino ez daude, eta horiek beste guztia ez ukitzearen truke lortu dira». Eta Aranburu: «2010eko eta 2012ko erreformak indargabetzeko borrokan ibili gara, eta hori ez da gertatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.