Esne ekoizleentzat «prezio duina» aldarrikatu dute EHNEk eta UAGNk

Gaur egun, 32-37 zentimoan erosten die litroa industriak, eta azaldu dute pentsua %30 garestitu dela urtebetean. Elikagai katearen legea aplika dezala galdegin diote Nafarroako Gobernuari

Iruñeko Buztintxuri auzoko Mercadona saltoki handian egindako elkarretaratzea, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko abenduaren 29a
00:00
Entzun

«Ez badira prezioak igotzen, berriro ikusiko gaituzue». Atzo eguerdian, Nafarroako EHNEk eta UAGNk elkarrekin protesta egin zuten Iruñeko Buztintxuri auzoko Mercadonaren aurrean, eta Fermin Gorraiz EHNEko presidenteak ohartarazi zuen ez direla hor geratuko baldin eta euren aldarrikapenak aintzat hartzen ez badira. Izan ere, azken urtean pentsua %30 garestitu zaie esnearen alorrean aritzen diren baserritarrei, eta, horri argindar edo erregai kostuen igoera gaineratuz gero, oraintxe «galerekin» ustiatzen dute abeltzainek esnea. Egun, industriak 32-37 zentimoan erosten die, eta sindikatuek nabarmendu zuten jarduera errentagarri egiteko «prezio duina» 40 eta 42 zentimo artekoa dela.

 

Euskaraz eta gazteleraz, Pentsuak jaten gaitu eta Distribuzioak kateatzengaitu zioten kartelei heldurik, ehun abeltzain inguru elkarretaratu zen Berriozarren eta Iruñearen artean dagoen Mercadonan. Mahai baten gainean, supermerkatuetan saldu ohi diren hainbat markatako esne tetrabrikak jarri zituzten, zeinak kontsumitzaileei litroa 70 zentimotik beherako prezioetan saltzen zaizkien. Kostuen igoeraz harago, sektorea oso haserre dago merkataritza eta banaketa arloko enpresen jarrera ez delako aldatu.

Egun, Hego Euskal Herrian 398 abeltzain aritzen dira sektorean Nafarroan, zehazki, 146. Azken datuen arabera, batez besteko adina 50 urte da Nafarroan. Nekazaritza sindikatuek ohartarazi zuten balitekeela sektorearen gainbehera areagotzea 2022an, egoera «bideraezina» delako, eta bere horretan jarraituz gero etxaldeek ez dutelako iraungo «bizpahiru hilabete» baino.

Prezioen mahaia

Horrelako egoera bati aurre egiteko, indarrean sartu zen, 2020an, elikagai katearen legea Espainian. Ekoizlearengandik bezeroarenganainoko hornidura katean gehiegikeriak eragozteko onartu zen, eta bi sindikatuek atzo aldarrikatu zuten esnearen sektorean «bete-betean» sartu beharko litzatekeela. Bariainek nabarmendu zuen legea aplikatzeko ardura Nafarroako Gobernuari dagokiola. Horregatik, prezioen mahaia antolatzeko eskatu dute. Bertan ordezkaritza izango lukete esne industriak, abeltzainek, banaketa alorrak eta garraio sektoreak, eta bakoitzak bere kostuak mahai gaineratu beharko lituzke, kate osoan errentagarritasuna bermatzeko.

Gorraizen arabera, ekoizleentzat, prezio duin baten marjina 40 zentimotik gorakoa da gaur egun. Irizpide hori esnearen kate osoan aplikatuz gero, bezeroen poltsikoek apenas nabarituko luketen, Gorraizen arabera. Urtean, herritar batek batez beste 70 litro kontsumitzen ditu, eta igoera txikia litzateke: «Horrek esan nahiko luke 10 zentimo inguru igoko litzatekeela salneurria. Kate osoan lehen sektorearentzat, garraiolarientzat eta banaketa sektorearentzat esnea errentagarri izan dadin, herritar batek urtean zazpi euro gehiago ordainduko lituzke. Ez da inongo erokeria. Hori barneratzen erraza da», azaldu zuen.

«Zentzugabekeria»

Felix Bariainen arabera, arazo nagusietako bat da merkataritza talde handiek bezeroak erakartzeko baliatzen dutela esnea, eta batik bat marka zuriko esne markak merkaturatzen dituztela.«Marka horiek abeltzainak eta esne ustiategiak erailtzen ari dira zuzenean. Haien erruz, itxi egingo dira». Haren ustez, apaletan 70 zentimotik beherako esneak saltzea «zentzugabekeria handia» da, eta ikuskatzaileek horren aurka egin beharko lukete. Bariainek salatu zuen enpresa handi horiek gizarte erantzukizunaz hitz egiten dutenean «gezur handi bat» dela hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.