Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker

Bilketa %9,6 handituko da aurten, eta %4,6 datorren urtean. Diru gehigarria zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dute. Aurrekontuak 13.000 milioiren langa gaindituko du lehen aldiz

Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker.
aitor biain
Gasteiz
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19aren krisiaren ondotik, susperraldi betean da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia. Uste baino lehenago eta indartsuago eman dio buelta egoerari. Hala berresten dute zerga bilketaren emaitzek: iazko kopurua ez ezik, pandemia aurrekoa ere gaindituko baitu urte amaierako aurreikuspenak. Albiste ona da hori Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuarentzat, susperraldia egonkortzeko aurrekontuak estuasunik gabe prestatu ahalko dituelako. Gainera, ez Bruselak, ez Madrilek ez dute kontuak orekatzeko araua betearaziko, eta horrek aukera emango dio inoizko gasturik handiena egiteko. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak lehen aldiz gaindituko du 13.000 milioiren langa.

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera izan zuen atzo, Gasteizen. Aurtengo zerga bilketaren itxiera eta heldu den urtekoaren aurreikuspena onartu zituzten Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek. Aurten egiten duten hirugarren bilera izan da bi izan ohi dituzte urtean, baina aurrenekoa Ekarpen Lege berria indarrean denetik. Hainbat urtez luzatu ondotik, iragan uztailean adostu zuten testu berria, eta aurreko astean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege berriarekin egin dituzte kontuak.

Zuhurtziaz egin zituzten kalkuluak iaz, ez baitzekiten noiz amaituko zen osasun larrialdi egoera. Birusari aurre egiteko hartutako neurriak arindu ahala suspertu da ekonomia, ordea, eta, horrekin batera, baita zerga bilketa ere. Horregatik, iragarri baino %9,6 gehiago biltzea aurreikusten da aurten. Dirutan, 1.300 milioi euro gehiago da hori. Hiru foru ogasunek 15.580 milioi euro bilduko dituzte denera.

Kopuru horrek aise gainditzen du iaz bildutakoa ere: %11,7 gehiago jasoko dira aurten zergen bidez. Sailburuaren hitzetan, kontsumoaren susperraldiak, batetik, eta lan merkatua lehengoratu izanak, bestetik, ekarri dute hazkunde hori. Hain zuzen, BEZ zergaren bitartez bildutakoa igoko da gehien: iaz baino %18 gehiago batzea aurreikusten da urte amaieran, ia mila milioi gehiago. Gora egingo dute, halaber, errenta zergaren bidez bildutakoak (+%7,7) eta zerga bereziek ere (+%11,3), tabakoari eta erregaiei ezartzen zaizkienak.

Espero baino gutxiago bilduko da, ordea, sozietate zergaren bidez: %1 jaitsiko da iazkoaren aldean. «Logikoa» da, Azpiazuren esanetan, aurreko urteko irabaziak zergapetzen dizkielako enpresei, eta 2020a pandemiaren urtea izan zelako.

Datorren urtera begira, halere, datuak baikorragoak dira, eta iragarritako BPG barne produktu gordinaren %6,4ko hazkundeari lotuta handituko litzateke zerga bilketa ere. Zehazki, aurreikusi dute %4,6 gehiago jasoko liratekeela zergen bidez 2022an: 16.290 milioi euro denera; inoizko kopururik handiena da hori. Sozietate zerga %5 handituko litzateke; errenta zerga, %3,8, eta BEZ-a %1,7.

«Funtsezko aurrekontuak»

Eusko Jaurlaritzarentzat izango dira bildutako hamar eurotik zazpi. Ekarpen Lege berriari esker, gainera, zertxobait gehiago jasoko du aurten: 11.004 milioi euro guztira, gobernuak eskuduntza gehiago hartu dituelako. Bizkaiak jarriko du diru gehien (%50,39); ondoren, Gipuzkoak (%33,45), eta, azkenik, Arabak (%16,6).

Azpiazuk azaldu duenez, kalkulatutakoa baino gehiago bildu izanak aurrekontuak «ziurtasunez eta koherentzia ekonomikoarekin» egiten lagunduko du. Izan ere, azpimarratu du datorren urteko kontuak bereziki garrantzitsuak izango direla: «Euskadi suspertzeko funtsezko aurrekontuak dira, pandemiaren ondorioz galdutako maila berreskuratzeko balioko dutenak». Bi aste barru aurkeztuko ditu kontuak. Hala ere, sailburuak esan du zerga bilketako gehigarria inbertsioak egiteko eta, batez ere, zorra txikitzeko erabiliko dutela; aurten gastu araua eta zorpetze mugak «etenda» egon arren 2023an berriz indarrean egongo direlako.

Aldundiak ere pozik azaldu dira bilketaren emaitzekin, eta baikor azaldu dira datorren urtera begira ere. Zuhurtzia eskatu dute, hala ere, hornikuntza krisia eta argindarraren gehiegizko prezioa «mehatxu» izan daitezkeelako. Hain zuzen, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, energia enpresei mozkinak txikitzeko Espainiako Kongresuak herenegun onartutako dekretuaren ondorioz, lurraldeak 30 milioi gutxiago jaso ditu zergetan sei hilabetean. Markel Olanok eta Ramiro Gonzalezek azpimarratu dute, edonola ere, ziurgabetasunak iraun arren erakundeek «anbizioz» jokatu behar dutela, horretarako «gaitasuna» badutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.