Pandemia osteko susperraldiak inflazioaren gorakada handia ekarri du azken hilabeteetan, besteak beste, energiaren eta lehengaien eskaera izugarri handitu delako itxialdien depresioaren ondoren. Prezioen gorakada orokorraren agertokian erraza izaten da langileek erosteko ahalmena galtzea, sektore askotan ez delako bizitza garestitzen den bezainbeste igotzen lansaria, ez bada itunean jaso soldata KPIa bezainbeste igoko dela. Arlo publikoan, Espainiako Gobernuaren esku dago soldata igoera zenbatekoa izango den erabakitzea, eta Madrilek jakinarazi du langile publikoek %2ko igoera baizik ez dutela izango 2022rako. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko langile publikoek erosteko ahalmena galduko dutela.
Batetik, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Madrilek markatutako bidetik joango direlako gertatuko da hori, eta langile publikoen soldata igoera %2 baizik ez delako izango, hortaz; bestetik, 2021. urteko inflazioa %2tik gorakoa izango delako galduko dute erosteko ahalmena. Espainiako INEk jakinarazitako KPIaren azken datua, irailekoa, %4koa izan da. Hego Euskal Herriko inflazioa datorren astean ezagutaraziko dute, eta %4ko langa horretatik gertu geldituko da. Beraz, inflazioaren erdia baino ez luke parekatuko langile publikoen soldata igoerak, 2021eko KPIa %4 izango balitz. Baliteke abendurako apalagoa izatea, litekeena delako Madrilgo gobernuak hartu berri dituen neurriek bridatzea gora eta gora ari den argindarraren prezioa; baina, edonola ere, segurutzat jo daiteke inflazioa %2tik gorakoa izango dela.
Sindikatuen salaketa
Sindikatu abertzaleek gogor salatu dute Pedro Sanchezen gobernuak egin nahi duen «inposizioa». Madrilgo Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean parte hartu ondoren, ELA sindikatuak proposamen horiek ez betetzeko eskatu die Euskal Herriko alderdi politikoei. «Sektore publikorako, austeritate, esku hartze eta zentralizatzeko politikarekin jarraitzen du Madrilek», esan du ohar batean. ELAk ohartarazi du langile publikoek erosteko ahalmen handia galdu dutela Atzeraldi Handia hasi zenetik. «Soldatak %2 igotzeko proposamena betetzen bada, %13tik gorakoa izango da langile publikoek azken hamarkadan metatutako galera».
LAB sindikatuak ere dei egin die Hegoaldeko gobernuei «inposizioa» bazter dezaten. «Hego Euskal Herriko administrazioetan izango den soldata igoera Madrilek inposatzea ez dugu onartzen. Argi eta garbi, negoziazio kolektiboaren eskubidearen kontrako neurri bat da, onartezina». LABek argi dauka Espainiako Gobernuak langile publikoak «pobretu» nahi dituela.
Hegoaldeko langile publikoen soldatak Espainiako Gobernuak erabakitzea Atzeraldi Handiaren ondorioz orokortu zen. Defizit publikoa murrizteko, 2010ean Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak erabaki zuen langile publikoen soldata %5 txikitzea, eta hurrengo bost urteetan, 2011-2015eko epean, soldatak izozturik izan zituzten; 2012an, gainera, Gabonetako aparteko saria kendu zieten, ondoren berreskuratu zuten arren. 2016. urtean itzuli ziren soldata igoerak; 2020an %2koa izan zen, eta 2021ean, berriz, %0,9koa.
Soldata igoera bakarrik ez, erretiroa hartzen duten langile publikoak ordezkatzeko tasa ere jakinarazi du Espainiako Gobernuak Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean. Izan ere, Zapateroren gobernuak eta haren ondoren Mariano Rajoyren gobernuak hartutako beste erabaki bat zera izan zen, erretiroa hartutako langile publikoak ez ordezkatzea. Horrek asko handitu du lanpostu publikoen behin-behinekotasuna, eta, ondorioz, arlo batzuetan langileen %50 aldi baterakoak dira.
Bada, ordezkatze tasa orokorra %110ekoa izango da; %120koa funtsezko sektoreetan, eta %125ekoa segurtasun indarrei dagokienez. «Pandemiak argi erakutsi du zerbitzu publikoak indartzeko premia larria dagoela», esplikatu du ELAk: «Madrilen proposamena, ostera, kontrako bidean doa». Espainiako Gobernuak «zer zerbitzu publiko behar eta nahi ditugun erabakitzeko eskubidea» aitor dezan nahi du sindikatuak. Horretarako, ordezkapen tasak kentzea eta, aldi berean, «LPEen premiazko aldaketa» exijitu du, «sektore publiko osoan enplegua egonkortzeko».
LABentzat, berriz, ordezkatze tasei eustea «oso larria» da. «Zerbitzu publikoen pribatizazio estrategia hauspotzea da euskal administrazioetan deialdi publikoak mugatzea», azaldu du. «Negoziazio kolektiborako eskubidea gauzatu dadin», Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Mahai Orokorretara deitzeko exijitu die, «Madrilek ezarritako mugak gainditzeko».
%2ko igoerak erosteko ahalmena galtzea ekarriko die langile publikoei
Espainiako Gobernuaren soldata igoera bera egingo dute Hegoaldeko gobernuek, eta KPIaren azpitik geratuko da funtzionarioen saria. Sindikatuek salatu dute %13ko galera metatuko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu