Tubacex, salbatzeko zorian

Tubacexeko langile batzordeak, enpresak eta Jaurlaritzako Lan Sailak gatazka konpon dezakeen bilera egingo dute gaur. Borondatezko kaleratzeen arazoa bideratuta, akordioak oso gertu dirudi

Tubacexeko langileen aldeko itsasgarri bat, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren aurrean eginiko protestaldi batean. AIARALDEA.EUS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Tubacexeko lan gatazkak egun erabakigarria izango du gaur. Hodigintza enpresako langile batzordeak, zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bilera egingo dute arratsaldean, Lakuan (16:00), eta, azken orduko aldaketarik ezean, litekeena da grebari amaiera jarriko dion akordioa sinatzea. Atzo zortziko bileran, sindikatuek ez zuten onartu Jaurlaritzaren «sintesi eskaintza», borondatezko kaleratzeen inguruko baldintzetako bat aldatu zuelakoan. Astebete geroago, baina, oztopo nagusia zenak konpondua dirudi, edo horrela jakinarazi dio behintzat enpresak Lan Sailari. Gaur ikusi beharko da borondate onerako asmo hori benetakoa den. Dena den, eta bileraren emaitza edozein izanda ere, langileek afiliatuen bileretan berretsi beharko lukete akordioa.

Baikortasun giroa zabaldu zen atzo Laudio eta Amurrio artean (Araba). Azken asteetan diskrezioa eta sukalde lana gailendu dira negoziazioetan, eta Lan Sailaren artekaritza, enpresak hala eskatuta, erabakigarria izan da prozesuan. Iragan asteko bileraren ondoren, zubiek hautsiak ziruditen, baina langile batzordea (ELA, CCOO, STAT, LAB eta ATAL) izan zen ostiralean telefonoa altxatu eta konponbide berri bat iradoki zuena. Elena Perez Barredo Lan sailburuordeari azaldu zioten, hark enpresari helarazi ziezaion, eta zuzendaritza ñabardura hori onartzeko prest agertu zen atzo. Sindikatuak, halere, zuhurrak dira, iragan astean egoera zuritik beltzera igaro baitzen egun batean. Oraingoan, baina, baldintzak hobeto zehaztuta daudela dirudi.

Baina zer aldatu da iragan astetik hona? Korapilo nagusia lan erregulazioaren hasieran egin ziren borondatezko 22 kaleratzeren tratamendua zen. Sindikatuen ustez, langile horiek egoerak behartuta onartu zuten kaleratzea, enpresak esan zielako beren lanpostuak desagertu egingo zirela. Baina, batzordearen ustez, EAEko Auzitegi Nagusiak erregulazio espedienteko 129 kaleratzeak indargabetu zituenean, 22 kaleratze horiek borondatezko izateari utzi zioten, eta behartuak bihurtu ziren. Eta sindikatu guztiek aho batez esana zuten ez zutela onartuko jarraitzeko prest dagoen langile bakar baten kaleratzerik. Orain kalkulua berriz egin dute, hemendik aurrera borondatezko kaleratzea onartzeko prest dauden langileekin eta 22 horietatik itzultzeko asmoa dutenekin. Datu hori eskuan hartuta, akordioko paragrafo hori aldatuko dute, eta horrek nahikoa beharko luke zazpi hilabeteko grebarekin amaitzeko.

Auzibidearen amaiera

Korapiloa ñabardura bat zen, baina akordioaren bizkarrezurra osatzen duten baldintzak iragan astetik dira ezagunak. Garrantzitsuena da enpresak kendu egingo duela Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegitea. EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen zuzendaritzak egin asmo zuen lan erregulazioa, eta berriz onartu behar izan zituen neurriaren barruan sarturiko 129 langileak. Erabakiarekin ados ez zegoenez, enpresak helegitea jarri zion, eta hori marra gorri bat zen sindikatuentzat.

Akordio honekin, 129 langile horiek bermatua dute 2024ra arteko lana, enpresak konpromisoa hartu baitu hiru urtean kaleratze beharturik ez egiteko. Borondatezko kaleratzeak egongo dira bakarrik, enpresa utzi nahi duten langileenak alegia. Kontratu etete horiek kaleratze bidegabe moduan kudeatuko dira, eta kalte ordainaz gain 3.000 euroko ordainsari bat jasoko dute. Era berean, hamasei langilek erretiro aurreratua hartuko dute.

Langileek, bestalde, eta logikoa denez, greba utziko dute. Arrazoizko epeak betetzen badira, litekeena da astelehenean bertan sartzea lantegietan. Hiru urterako lan hitzarmen berria sinatuko dute, eta baldintzak gogortu egingo dira. Besteak beste, KPIaren araberako soldata igoerak izoztu egingo dira, enpresak BGAEan egiten duen ekarpena %4tik %1era igaroko da, eta langileek urtean beste 40 ordu egin beharko dute lan: 1.696 guztira.

Azken baldintza hori deigarria da. Kaleratzeen epaiketan, enpresak esan zuen ez zuela lantalde guztiarentzako lanik; orain, berriz, ordu gehiago sartzeko eskatu die. Negoziaziotik gertuko iturriek uste dute Tubacexek eskariak espero dituela hurrengo asteetan. Gaur-gaurkoz, Araban egiteko moduko enkargu batzuk bideratu ditu Austriako plantara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.