Azkenean CCOO eta UGT sindikatuen oniritzia jaso du SMI lanbide arteko gutxieneko soldata hamabost euro igotzeko Espainiako Gobernuaren asmoak, eta irailaren lehenetik aurrera, 965 eurokoa izango da SMI gordina. Sindikatuen akordioa lortzeko azken unera arte ibili da negoziatzen Madrilgo gobernua azken asteetan, bere kabuz har dezakeen neurriak behintzat langileen ordezkarien oniritzia izateko. CEOE patronalak garbi utzi du aurreko asteetan ez duela bat egingo igoerarekin, hura edozein dela ere, «ez delako une egokia eta enplegua galaraziko duelako».
Azkenean, CCOOk eta UGTk erabaki dute adostasunaren argazkia ematea Yolanda Diazi, baina ez da izan haien eskakizun nagusiak erdietsi dituztelako. Hasieran 25 euroko igoera eskatu zuten sindikatuek, eta, azkenerako, hamabost eurokoari oniritzia emateko prest zeuden; baina igoera xume hori onartzearen truke, gobernuaren konpromiso bat nahi zuen CCOOk: 2023. urte arteko gutxienekoaren igoeraren bide orria zehaztea. Alegia, 2022. eta 2023. urteetako igoerak ere paperean jasotzea, Lan Ministerioaren aditu taldeak gomendatutakoa bete dadin: 2023. urterako, Espainiako batez besteko soldataren %60 inguru izatea gutxienekoa.
Gomendio horrekin, 2023an gutxieneko soldatak 1.049 euroak iritsi beharko lituzke, eta sindikatuen ustez, aurretik, 2022. urtean, 1.000 euroen inguruan kokatu. Azkenean, soilik 2021erako igoera adostu zuten atzo arratsean, eta ondoren argitaratutako agiri bateratuan 2023an soldata 1.049 euroetara iristeko «konpromisoa» bakarrik aipatu zuten.
Ministroen arteko lehia
Hor egon da azken orduotako negoziazioa. Sindikatuen eta Lan Ministerioaren artekoak baino garrantzitsuagoak dira Espainiako Gobernua osatzen duten alderdi bien ministroen artekoak. Yolanda Diaz Lan ministroa 2023. urte arteko konpromisoak jasotzearen aldekoa zen. Gutxieneko soldataren igoera Unidas Podemoseko ministroaren banderetako bat da, eta sindikatuen oniritzia nahi zuen kosta ahala kosta. Bazekien patronalarena ezinezkoa zela, batik bat Antonio Garamendi ez dagoelako prest ezkerreko ministroari beste akordio bat oparitzeko; eskuin muturrak estu baino estuago hartu du Garamendi, azken igoerak adostu dituelako.
Nadia Calviño Ekonomia ministroa ere izan du aurrez aurre Diazek; Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko negoziazioak bukatu gabe zeudela, hamabost euroko igoera aurreratu zuen hark, eta urrian igoko zela. Irailean izango da, baina Calviñok ez du beste ezertan amore eman. Esaterako, ez zuen nahi gobernua 2023. urtera arte lotuko duen konpromisorik, eta Lan ministroaren (beste) lorpen politiko bat iluntzea ez lukete begi txarrez ikusiko Ferrazen; are gutxiago, ikusita gehien baloratzen duten lider politikoa dela Diaz, CIS inkestaren arabera.
Hegoaldean, oso urri
Eragile sozialek Espainiako lan merkatuaren errealitatea ardatz hartuta negoziatu dituzten kopuruak oso urri geratuko dira Hego Euskal Herriko lan merkatura ekartzean. Confebask patronalak garrantzia kendu dio gutxieneko soldataren igoerei, «gutxi» ei direlako lan hitzarmen baten aterkirik gabe aritzen diren euskal beharginak, baina «tentu handiz» egin beharreko igoera dela erantsi du aurreko egunetan.
Izan ere, 64.000 inguru behargin dira gutxienekoa jasotzen dutenak Hego Euskal Herrian, prekaritateak jotako sektoreetan gehienbat. Bada, legezko soldatarik txikienarekin aritu behar duten langile horiek ez dute jasotzen batez besteko soldata dutenen sariaren erdia ere, eta errealitate gordin hori ez du aldatuko Madrilek ezarriko duen igoerak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.332 euro da batezbestekoa, eta 2.217 euro Nafarroan, INEk 2019. urterako emandako datuen arabera. Beraz, gutxienekoak ia 1.400 euro beharko luke Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, Europako Batasunean gutxieneko soldata dela-eta gomendatutakoa betetzeko: batezbestekoaren %60 inguru beharko lukeela. Nafarroan, 1.330 euro beharko luke.
Baliteke Espainiako Gobernua %60ko helburu horretatik hurbil gelditzea legegintzaldia amaitzerako, baina Hego Euskal Herrian oso urrun geratuko da Madrilek ezartzen duena. Hain urrun, ezengutxieneko soldata 1.166 eurora ere ez baita iritsiko, aurtengo igoera egin arren; hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko soldataren erdira. Nafarroako batezbestekoaren erdia ere (1.108 euro) Espainiako gutxienekoa baino dezente gehiago izango da.
Gutxieneko soldataren igoera ez da iritsiko 2021. urteko inflazioa orekatzeko, eta, Hego Euskal Herrian, soldatarik apalena duten 64.000 inguru behargin erosteko ahalmena galtzeko bidean dira aurten. Hamabost euro igoko da gutxienekoa, eta iraileko soldatan jada izango du isla igoera horrek. Aurrerantzean, 965 euro izango da legez behargin batek jaso dezakeen lansaririk apalena, hamalau ordainsarikoa (13.510 euro urtean). %1,6ko igoerarekin nekez estaliko da 2021eko inflazioa, Hegoaldeko KPIa %3,3 delako orain, eta urtea bukatzean ez delako %3tik oso urrun egongo, azpitik geratzen bada ere.
Gutxieneko soldata hamabost euro igotzea adostu dute Madrilen
Espainiako Lan Ministerioak CCOO eta UGT sindikatuen babesa lortu du, baina soilik 2021. urterako igoera hitzartu dute. Irailaren 1etik aurrera gutxieneko soldata gordina 965 eurokoa izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu