Argindarraren prezioaren igoerak ez du etenik. Inoizko garestienean egongo da gaur Hego Euskal Herrian eta Espainian: megawatt-ordua 130,53 euro ordainduko dira. Hori horrela, agerraldia egin zuen atzo Teresa Ribera Trantsizio Energetikoko ministroak Madrilgo diputatuen kongresuan, berak hala eskatuta. Baztertu egin zuen handizkako merkatuan esku hartze publikorik egitea, argudiatutaEuropako zuzenbideak berariaz debekatzen duela hori. Bestalde, jakinarazi zuen gobernua prest dagoela argindarraren zerga batzuk berrikusteko, eta kontsumitzaileen tarifa arautuan (PVPC ) aldaketak egiteko, prezioa «egonkorragoa» izan dadin; dena den, batean zein bestean ez zuen zehaztasunik eman.
Unidas Podemosek mesfidantzaz hartu zuen iragarpen hori. Gogoratu zuen «konpainia elektrikoen lobbyak» antzeko proposamen bat egin duela, eta gakoa dela «zein preziotan egonkortu» nahi den faktura. Gobernuko kidearen proposamen nagusiari buruz, energia enpresa publiko bat sortzeko aukeraz Riberak ez zuen atea erabat itxi; baina esan zuen hori zentral hidroelektrikoen kudeaketaz arduratuko litzatekeela soilik, egungo ustiapen kontzesioak iraungi ahala.
Ministroak bere hizketaldian gogoratu zuen argindarrarena Europa osoan gertatzen ari den fenomenoa dela, gasaren merkatuak eta CO2 isurketenak baldintzatuta. Adibidez, Erresuma Batuan 132,69 eurotan ordainduko da gaur megawatt-ordua, eta 108,17tan Frantzian. Espainiako Gobernuak aitortu du igotzen jarraituko duela, eta urte amaierako faktura %25 inguru garestiago izango dela aurreko urtekoa baino.
Dena den, Riberak azaldu duenez, argindarraren handizkako prezioa fakturaren zati bat da (%24 inguru), eta azpimarratu du gorabehera horien menpe dagoen tarifa arautua (PVPC) %20 merkeagoa dela oraindik ere librea baino —konpainiek eta bezeroek adostutakoa—.
Fakturari dagozkion beste atalei buruz —azpiegitura eta garraio kostuez, eta zergez— prest agertu zen proposamenak aztertzeko, baina ez zuen zehaztasunik eman. Gobernuak ekain amaieran %21etik %10era jaitsi zuen argindarraren BEZa urte amaierara arte, eta ekoizleek ordaintzen duten zerga (%7koa) bertan behera utzi zuen hirugarren hiruhilekorako.
Enpatia sozial eskasa
Bere agerraldian, konpainia elektrikoentzako mezu bat ere izan zuen Riberak; «enpatia sozial eskasa» leporatu zien, zentral hidroelektriko batzuk nahita husteagatik «irabaziak handitzeko». Hala, jakinarazi zuen Kongresuan batzorde bat sortuko dutela, horrekin batera, argindarraren prezioaren etengabeko igoeren bestelako arrazoiak aztertzeko. Era berean, Riberak nabarmendu zuen bere gobernuak bi lege proiektu aurkeztu dituela, datozen urteetan faktura %15 inguru merkatu ahal izango dutenak. Sistema Elektrikoaren Iraunkortasunerako Funts Nazionala sortu nahi du, horrela berriztagarrien erregimena finantzatzen laguntzeko eta gizarte bazterketa arriskuan dauden kontsumitzaileentzako bonu sozialak zabaltzeko. Horri buruzko argibide gehiago eskatu zuen oposizioak.
Madrilek baztertu du argindarraren prezioan gehienekoak ezartzea
Ribera ministroak argudiatu du Europak debekatzen duela esku hartze publikoa. Esan du fakturak «egonkorrago» egiteko modua bilatzen ari direla, eta zerga batzuk berrikusteko aukera aipatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu