Dekretu bidez onartu nahi zuena lege egitasmo moduan tramitatuko du Espainiako Gobernuak, eta hitzeman du beste taldeen ekarpenak jasoko dituela. Besteak beste, puntu hauek aztertzeko prest agertu da: hamar urte baino gehiagoko esperientzia duten aldi baterako langileei plaza oposiziorik gabe ematea, eta administrazio batek hala nahi badu oposizio proba ez-kanporatzaileak egiteko aukera izatea, azterketa guztien eta esperientziaren emaitzen batuketa aintzat hartuz, horietako bat gainditzen ez bada ere.
Atzo, urte politikoaren azken legebiltzar saioan, administrazio publikoan behin-behinean ari diren langileen auziari heltzeko egitasmoak ERCrekin egindako azken orduko akordio bati esker lortu zuen aurrera egitea. Irudi aldetik kolpe gogorra izango litzateke Pedro Sanchezen gobernuarentzat berau babestu ohi duten talde parlamentarioek atzera botatzea. Legealdi honetan behin baino ez da gertatu hori: iaz, udalen superabitak Madrilen esku uztea eskatzen zuen dekretuarekin.
Oraingoarekin ere ez zeuden ados. Eta, haiez gain, gobernuko kide Unidas Podemosek ere aldaketak eskatu zituen. Azkenean, dekretuak lege egitasmo gisa tramitatuta egingo du aurrera, diputatu baten boto bakar batengatik izan bada ere. Gobernuko bi kideez gain, hura babesten dutenen artean soilik ERCren aldeko botoa jaso zuen. EAJk «abstentzio kritikoaren» aldeko hautua egin zuen; Mas Pais ere abstenitu egin zen, eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen, Junts, CUP eta BNGrekin batera. Euskal Herriko gehiengo sindikalak dekretua baztertzeko eskatu zien «euskal alderdiei» aurreko astean, oinarrian dagoen arazoa konpontzen ez duelakoan eta autogobernuaren aurkako «erasoa» delako. Azpimarratu zuten funtsean Madrildik jarraituko dutela ezartzen zenbat langile publiko beharko dituzten euskal administrazioek.
Sakoneko arazoa
Izan ere, egungo behin-behinekotasun tasa handiak lotura zuzena du aurreko hamarkadako krisi ekonomikoaren ondorioekin: urteotan aldi baterako kontratazio formulak ugaritu egin dira administrazioan, eta apenas egin den lan eskaintza publikorik, Espainiako Gobernuak erkidegoei eta udalei ezarritako debeku eta mugengatik. Besteak beste, Madrilek ezartzen du funtzionarioek erretiroa hartu ondoren hutsik utzitako zenbat eta zein postu bete behar diren (birjartze tasa deiturikoa); azken hamar urteetan horietako asko konkurtsora atera gabe geratu dira, eta behin-behinekotasuna nabarmen handitu da.
Hain justu, araudi berriaren puntu beroenetako bat da hori, eta Madrilen esku jarraituko luke oraingo testuaren arabera. Atzoko saioan, EH Bilduk muga hori bertan behera uzteko eskatu zuen, eta euskal administrazioen eskumenen esparrua errespetatzeko. EAJrentzat, egitasmoaren tramitazioak aukera eman dezake «hainbat gauza zuzentzeko» eta euskal administrazioek alor horretan duten erabakitzeko gaitasuna aintzat hartzeko. ELA sindikatuarentzat ere birjartze tasa ezabatzea ezinbestekoa da behin-behinekotasun tasa murrizteko.
Araudi berriak horixe du xede, %8tik behera jaistea (%28koa da Espainian), Europako Batasunak Espainiako Gobernuari behin baino gehiagotan eskatu dion moduan; azkenekoz, Next Generation funtsen harira. Hego Euskal Herrian %40koa da, eta 60.000tik gora langile daude, sindikatuen arabera.
Aukera gehiago
Miquel Iceta Funtzio Publikoko ministro ohiak hilabete hasieran aurkeztu zituen CCOO, UGT eta CSIF sindikatuekin adostutako dekretuaren edukiak. Berritasun gutxi jaso zituzten; oposizioei begira, bat bereziki: esperientziak orain arte baino balio handiagoa izatea (%40 gehienez). Orain, ERCrekin adostutakoa sartzen badute, autonomia erkidegoek aukera izango dute oposizioetan proba ez-kanporatzaileak egiteko; horrek aukera gehiago emango lieke behin-behinekoei azterketa bat gainditu ez arren plaza eskuratzeko edo lan poltsan sartu eta posizio hobea lortzeko.
Era berean, akordioaren arabera, aztertuko dute egiturazko lanpostu batean hamar urte baino gehiago daramaten behin-behinekoei plaza hori eman ahal izatea oposiziorik igaro beharrik gabe, merezimenduen balorazio baten bidez soilik. Dena den, eta egon badauden arren, horrenbeste denbora daramatenak salbuespena dira.
Baliteke, ordea, neurri horrek helduleku juridiko zaila izatea. Auzitegi Konstituzionalak galarazi izan ditu gisa horretako salbuespenak, konkurrentzia askearen oinarrizko printzipioaren kontrakoak direlako. Icetaren ordezko Maria Jesus Monterok atzo azaldu zuenez, kasu horretan Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 61.6 artikuluan aurreikusitako salbuespena aplika daiteke; horrek bide ematen du lehiaketa batekin soilik baloratzeko karrerako funtzionarioak hautatzeko merezimenduak.
Azkenik, dekretuak jasotzen du postua eskuratzen ez duten behin-behinekoentzako kalte-ordainak zein diren ere. Lanpostuan hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna dutenei lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko soldata ordainduko zaie, gehienez ere hamabi hilean, eta lan poltsan sartuko dituzte, azterketa gainditu ez arren.
Hamar urte daramatzaten behin-behinekoek ez dute oposiziorik egin beharko
Espainiako Gobernuak lege gisa tramitatuko du araudia, eta aldaketak sartzea onartu du. Administrazioek azterketa ez-kanporatzaileak egin ahalko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu