Espainiako Gobernua garraioaren arloan hasiko da zergak igotzen

Dieselaren zerga soilik ez, gasolinarena ere igotzeko prest azaldu da Madril 'Espainia 2050' txostenean. Hegazkin bidaiak mugatzeko eta zergapetzeko helburua ere agertzen du gobernuak agirian

Hegazkin bat Valentziako aireportuan lurreratzeko prestatzen, artxiboko irudi batean. MANUEL BRUQUE / EFE.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Trantsizio ekologikoa hauspo nagusi gisa hartuta, garraioan jarri du mira Espainiako Gobernuak zergak igotzeko; zerga tranbertsalak bakarrik ez, Madril fiskalitatean hainbat aldaketa egiteko prestatzen ari da, ezinbestekotzat jotzen duelako gehiago biltzea, pandemiak eragindako zuloari aurre egingo badio eta Europarekiko aldea txikitu nahi badu. Hala, Espainia 2050 txostena plazaratu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, 30 urte barru izan nahiko lukeen estatuaren itxura marraztearekin batera, zerga igoera nondik abiatuko duen garbi uzteko. Lan merkatu eraginkorrago bat ere desio du Madrilek, eta, horretarako, prekaritatea txikitzea eta lanaldia 35 ordura jaistea du jomugan.

600 orrialde baino gehiagoko txosten bat da Espainia 2050 izenekoa. Ez du, berez, gobernuak berak idatzi, «askatasun osoz» aritutako aditu talde batek baizik. Baina plana Sanchezen kabineteburuak koordinatu du, eta hainbat atal moldatu dituzte oraingo gobernuaren ildo nagusiekin talkarik ez egiteko. «Eztabaida nazionala» sortu nahi du haren inguruan, eta eztabaida berehala sor dezakete etorkizuneko mugikortasuna aztertzen duen zatiko proposamenekin. Izan ere, garbi uzten du dieselaren gaineko zergabakarrik ez, gasolinarenak ere igotzeko helburua duela gobernuak. Errepideko garraioarekin batera, airekoa ez du ahaztu txostenak, eta zerga berriak ezartzeko asmoa islatu du, hegazkin bidaiei dagokienez.

Edonola ere, Espainia 2050 agiriak argi utzi du zerga igoera orokor bat dagoela pandemiaren tunel luzearen amaieran. Europako Batasunarekiko Espainiak duen arrakala fiskalari aurre egin nahi dio Sanchezen gobernuak, eta hamarkada honetan bertan desagerrarazi nahi du zerga presioaren batezbestekoarekin duen bost punturen aldea. Izan ere, EBren presio fiskala BPGaren %40,1 da, eta Espainiarena, %35. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %32,3 da, eta, Nafarroan, %31, ELAk aste honetan emandako datuen arabera.

AUTOAK
Erabilera zergapetuz


Gasolioaren eta gasolinaren zergak igoko ditu gobernuak, eta zerga berri bat ezarriko du autoen «erabilera errealaren» batezbestekoarekin lotua; azken zerga horrek matrikulazio zerga ordezkatuko luke. Zerga igoera horiek guztiak zero isuriko motor garbiak sustatzeko politika batekin lotzen ditu gobernuaren agiriak. Baina, bien bitartean, EBko zortzi herrialde nagusien batez besteko zerga tasak jarri nahi ditu erregai bietan.

Hiri barruko joan-etorriei dagokienez, kutsadura apaltzeko, hiriko bidesariak ezartzeko aukera aipatzen du txostenak. Herritarren osasuna zaintzeko premia eta isuri apaleko eremu zabalak sartzen ditu autoak hiri barruan mugatzeko ekuazioan. Auto partekatua eta garraio publiko garbia zabaltzeko helburuak lehentasuna duela esplikatzen du agiriak, eta hiri barruan mugitzeko errealitate berri horretara egokituko den fiskalitate berria sortzeko atea zabaltzen du.

HEGAZKINAK
Bidaia motzik ez


Frantziak hartutako bidetik, trenean bi ordu eta erdiz egin daitezkeen tarteetan hegaldiak debekatzeko proposamena aztertzen ari da gobernua; hegazkinen kutsadurari aurre egiteko neurria da hori. Agiriak dio neurri hori ez litzatekeela oztopo handia izango aire konpainientzat, haien negozioaren muina hegaldi luzeak direlako. Halaber, zerga berriak ezartzeko aukerak aztertzen ditu txostenak: esaterako, ohiko bidaiari edota tarte laburreko bidaien txartelei.

LAN MERKATUA
35 orduko lanaldia


Lan merkatuari ere begirada bat eman dio Espainia 2050 txostenak. Bi helburu handinahi jarri dizkio bere buruari: enplegu tasa %62tik %80ra handitzea tarte horretan —batez ere emakumeen parte hartzea handituz eta «legezko» immigrazioaren bidez—, eta langabezia orain %18tik %7ra jaistea, horixe baitzen azken krisiaren aurretik EBk zuen batezbestekoa —Euskal Herriak %8,7koa zuen 2019an—. Gazteen langabezia tasa ere txikitu nahi dute, %40tik %14ra.

«Produkzio sistemaren defizientziak zuzentzea eta errealitate sozial, ekonomiko eta teknologiko berrietara egokitzea» da horretarako bidea. Aldatu beharrekoen artean dago lan araudia bera, «lan harremanen behin-behinekotasunaren kultura» ezabatzeko, krisi garaietan langabezia asko handitzea ekartzen duelako. Berez, ez da 2050 arte itxaron beharko horretarako, Yolanda Diaz Lan ministroak helburu hori jarri baitio esku artean duen lan merkatuaren erreformari. Aurten bertan egingo duela agindu du ministroak, nahiz eta gobernuaren barruan desadostasun handiak dauden azken erreformen zati handi bat ezabatu nahi dutenen —Diaz bera— eta atal batzuk findu nahi dituztenen artean —Nadia Calviño Ekonomia ministroa—.

Enplegu gehiago sortzeko neurrien artean legoke asteko lanaldia laburtzea, eta gaur egungo batezbestekotik (37,7 ordu asteko) 35 orduetara iristea 2050ean.

Langileen trebakuntzari ere eman dio lekua txostenak. Onartu du gaur egun diru asko bideratzen dela langabezia sarietara—enplegu politika pasiboak—, eta helburua dela gehiago bideratzea politika aktiboetara, hau da, lanik gabe geratu direnei formakuntza eta jarraipena egin ahal izatea, enplegua aurki dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.