LPEE eta Errusia petrolio gehiago ekoiztuz joango dira pixkanaka

Ekoizpena modu mailakatuan handitzea adostu dute petrolio esportatzaileek eta aliatuek. Saudi Arabiak men egin die presioei. Uztailerako orain baino bi milioi upel gehiago merkaturatuko dituzte

Khurais petrolio putzua basamortuaren erdian, Riyahdetik (Saudi Arabia) 160 kilometrora. ARAMCO / EFE.
Irune Lasa.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Pixkanaka egingo dute. Produkzioa modu mailakatuan handituz joatea erabaki du Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek (Errusia buru) osatutako kartelak. Petrolio ekoizpena eguneko 350.000 upeletan handituko dute maiatzean, beste hainbeste ekainean, eta eguneko beste 450.000 upeletan uztailean. Horri gehituko zaio Saudi Arabia ere arinduz joango dela bere kabuz egindako milioi bat upeleko murrizketa.

Horrek esan nahi du uztailerako orain baino bi milioi petrolio gehiago egongo direla merkatuan. Petrolio ekoizleek uste dute ekonomia globala eta eskaria suspertzen ari direla. Eta Saudi Arabiak men egin diela ekoizpena handitzeko presioei, bai erakunde barnetik, bai aliatuen aldetik eta baita kanpotik ere egin dizkioten presioei. Hala ere, garai batean baino dezente gutxiago ekoizten jarraituko du LPEEk.

NONDIK DATOZ MURRIZKETAK?

Petrolio kartelak oraindik urrun ditu 2020ko hasierako ekoizpen kopuruak. Munduko ekonomia ia izoztuko zuen pandemia iristean, jarduera asko eta asko gelditu eta munduaren petrolio egarria apaldu egin zen, eta, ondorioz, upelaren prezioa amildu, 20 dolarreraino. Prezioei eutsi nahian, petrolio dezente gutxiago merkaturatzera behartuta ikusi zuten beren burua LPEEk eta aliatuek, eta iazko maiatzean eguneko 9,7 milioi upeleko ekoizpen murrizketa ikusgarria ezarri zuten.

Udarekin, mendebaldeko herrialdeetan konfinamendu gogorrenak arindu egin ziren, upela pixka bat garestiago salerosten hasi zen, eta abuztuan murrizketa arintzea erabaki zuten, eguneko 7,7 milioi upeleraino.

Hilabeteek aurrera egin ahala, COVID-19aren olatuak gorabehera, upela ez zen gai 45 dolarren langa gainditzeko, eta LPEEko herrialdeei ezinezkoa zitzaien petrolio gehiago punpatzen hastea. Abenduarekin txertoek ekonomiaren pizkunderako itxaropena ekarri zutenean soilik hasi zen upelaren prezioa gorantz —60 dolarrerantz— eta, arnasa pixka bat gehiagorekin, LPEEren eta aliatuen milioi erdi upeleko beste igoeratxoa iritsi zen aurtengo urtarrilean, murrizketa 7,2 milioi upeletan utziz.

ZALANTZAK, ZERGATIK?

Orduz geroztik, LPEEko herrialdeetan indartsuena, Saudi Arabia, tentu handiz ibili da beste igoera baterako mugimendu eta presioekin, eta bere kabuz ekoizpen propioa eguneko milioi bat upel gutxitzera ere iritsi da.

Izan ere, zalantzak hor daude. Batetik, ez delako erraza iragartzea nolakoa izango den ekonomia globalaren bilakaera, ezta noiz iritsiko den ere; eta, bestetik, kartelaz kanpoko herrialdeen ekoizpen igoerak ere kontuan izan behar direlako.

Ekonomia eta, ondorioz, petrolio eskaria noiz berreskuratuko diren jakitea ia ezinezkoa da oraindik. AEBetan eta Erresuma Batuan txertaketak aurrera doazen bitartean, Txinaren eta Japoniaren eskariak sendo dirauela, Europan gauzak geldoago doaz, eta pandemiaren olatu berriak panorama belztu du. Urtearen bigarren erdian egoerak hobera egingo duela uste dute aditu gehienek, munduak petrolio gehiago beharko duela.

Baina ekoizpena goizegi handitzeak beldurra ematen dio kartelari. Are gehiago beste ekoizleek, AEBetakoek adibidez, produkzioa handitu duten honetan. Upelaren prezioan eragiteko ahalmenari eusten jarraitzeko, ekoizpena handitzeko gehiago itxarotearen aldeko indar gehien Saudi Arabiak egin du, atzo arte.

NORK NAHI ZUEN LPEE-K EKOIZPENA HANDITZEA?

Baina Saudi Arabiak, azkenean, men egin die presioei. Adibidez, LPEEk barruan bertan ditu ekonomiaren bilakaeraz bera baino optimistago agertu diren Emirerri Batuak, petrolio gehiago ekoizten hastearen aldekoak. LPEE+ delakoaren barruan dituen aliatuen artean, Errusia ere ekoizpena handitzearen aldekoa zen, edo, bestela, kartelean aldaketarik ez bazen ere, berentzat igoera txiki bat gutxienez izatea nahi zuen.

Edonola ere, badirudi dei bat izan dela Saudi Arabia soka lasaitzera bultzatu duena. Jennifer Granholm AEBetako Energia idazkariak, LPEEren bilkuraren bezperan, Saudi Arabiako Energia ministro Abdulaziz bin Salman al-Saudekin hitz egin zuen «kontsumitzaileentzako energiaren neurrizko prezioez».

Ekonomia suspertzerakoan petrolio garesti batek eragin dezakeen inflazioarekin kezkatuta daude AEBetan, eta baita Indian eta petrolioa kontsumitzen duten beste herrialde batzuetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.