Next Euskadi planaren gardentasun falta salatu du oposizioak, berriz ere

Urkullu ez da izan Europako funtsei buruzko legebiltzarreko eztabaidan. Gobernuko alderdiek «liskar mediatikoa» piztu nahia leporatu diote oposizioari, eta atzera bota dituzte haien proposamenak

Europako funtsei buruzko eztabaida EH Bilduk eskatu zuen. Irudian, Mikel Otero atzo. ASIER BASTIDA / EUSKO LEGEBILTZARRA.
Irune Lasa - Iker Aranburu - Imanol Magro Eizmendi
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
EH Bilduk eskatuta Europako funtsei buruz Eusko Legebiltzarrean atzo egindako eztabaida monografikoan zaharrak izan ziren berri. Hitza hartu zuten guztiek azpimarratu zuten zer garrantzitsuak izango diren funts horiek, eta guztiek aipatu zituzten «hurrengo belaunaldiak», «elkarlana» eta «elkarrizketa». Hortik aurrera, eztabaida gorren arteko elkarrizketa izan zen. Oposizioko alderdi nagusiek proiektu hautagaien inguruko itxitura eta argitasun falta salatu zuten, eta gobernuari leporatu zioten ez diela ia informaziorik eman Euskadi Next planaren osaketari buruz.

EH Bilduko Mikel Oterok honela esan zuen: «Nahi duzue gu konforme egotea Next Euskadi planaren berri egunkarien bitartez izatearekin, eta gero noizean behin zuek informazioren bat ematea egiten ari zaretenari buruz. Baina informatzea ez da elkarlanean gobernatzea; informatzea ez da parte hartzea. Eta gauzak horrela egiten direnean, gezurretan edo erdi egiak esaten aritu beharra etortzen da. Esaten zaigu esparru argia egongo dela gure ekarpenak egiteko, baina gero ez dago mekanismorik. Esaten duzue prozesu gardena izango dela, baina gero diozue zerrenda gordeko duzuela zalaparta ez sortzearren».

Miren Gorrotxategik ere (Elkarrekin Podemos) planari buruzko gardentasun falta salatu zuen: «Itsu gaude; ez dakigu zer gertatzen ari den». Ohartarazi zuen ez dagoela inolako aktarik Eudelekin egin ei diren elkarrizketei buruz.

Urkullu ez zen han

Oterok bere hitzaldiaren hasieran gogor gaitzetsi zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu legebiltzarrean ez egotea: «Garrantzitsuagoa da Banco Santanderren foro batean egotea? Hori da [monografikoaren deitzaileei] zor zaigun errespetua?».

Gobernuko alderdiek (EAJ eta PSE) eta Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, berriz, funtsei buruz, Europari buruz, proiektuentzako ildo orokorrei buruz eta proiektuen zerrenda aurkeztu ondoko elkarrizketa eta akordioei buruz bakarrik hitz egin zuten. Bestelakoan, azpimarratu zuten lan handia egin dutela plana osatzeko, eta oposizioari leporatu zioten atzoko eztabaidaren helburua gobernuari kritika egitea zela.

Europako dirua jasotzeko hautagaiak zein diren oraindik ez da publikoa. Eusko Jaurlaritzak abenduaren 29ko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko du proiektuak zerrendatuko dituen Euskadi Next planaren lehen bertsioa Madrilera bidaliko da.

Itxaso Berrojalbizek (EAJ) azaldu zuen hainbat eragilerekin hitz egiten dutela plana osatzeko, prozesua irekia eta parte hartzailea izan dela, eta zera esan zion Mikel Oterori: «Zuek alderdi politiko gisa foro horretan ez egoteak ez duezerezten prozesuaren lana». Eztabaida monografikoarekin «liskar mediatikoa» bilatu nahi izatea egotzi zion Itxaso Berrojalbizek EH Bilduri. Eneko Andueza (PSE) ere Oterori mintzatu zitzaion: «Zuek gaur gobernua kritikatzera etorri zarete, ez proiektuez hitz egitera».

Proposamenak, bereak

Goizeko saioaren ondoren, arratsaldean talde politikoen ebazpenak eztabaidatzeko eta bozkatzeko txanda izan zen. Gobernuko taldeek beren gehiengo osoa erabili zuten EH Bilduren 22 proposamenak eta Elkarrekin Podemos-IUren 66ak atzera botatzeko. Halaber, ez zuten onartu ezkerreko oposizioaren proposamen bateratu bat, zeinak eskatzen zuen elkarrizketa eta negoziazio gune bat sortzeko funtsen banaketari buruz.

EAJk eta PSE-EEk ontzat hartu zituzten beraiek aurkeztutako 22 proposamenak. Horietako batean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gai izan daitezen administrazio egiturak sendotzeko funtsak kudeatzeko. Beste batek, berriz, Espainiako Gobernuari galdegin dio funtsen kudeaketa erkidegoen esku uztea haien eskumeneko gai bati dagokionean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.