Keinu bat komunitate beltzari

Kamala Harris senataria izango da AEBetako demokraten presidentegaia. Zentro-ezkerrekoa da Harris, Biden bera bezala, baina politikagintzan hasiberria. Mike Pence izango da Trumpena

Kamala Harris senataria izango da Alderdi Demokrataren presidentegaia. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiak eta krisi ekonomikoak kanpaina erraztu diote Joe Biden presidentegai demokratari. Donald Trump presidente eta bozetarako hautagai errepublikanoaren irudia gain behera doa, krisiaren kudeaketaren ondorioz. Duela urte bat ekonomia berpizteko gaitasuna aitortzen ziotenek ere ezkor begiratzen diote orain. Baina Bidenek ez du nahi ezustekorik Etxe Zurirako bidean, eta, horregatik, emakumeen eta komunitate beltzaren botoa ziurtatuko dion hautagai bat aukeratu du presidenteordetzarako: Kamala Harris, Kaliforniako senataria.

Harris Oaklanden jaio zen, Kalifornian, 1964an. Etorkinak zituen gurasoak: aita jamaikarra, eta, ama, indiarra. Kaliforniako fiskal nagusia izan zen 2011tik 2017ra, eta senataria izan da azken hiru urteotan. Senatari kargua duen emakume beltz bakarra da, eta baita historiako lehen emakumezko presidenteordegai beltza ere. Horrela, hautagai demokratak komunitate beltzaren eskaria bete du, alegia, demokraten hautesle nagusia den horrena. Neurri batean, behintzat. Izan ere, Harrisek, Bidenek bezala, beltzen eskubideen alde maiz hitz egin duen arren, zuzenbidearekin eta segurtasun indarrekin lotutako ibilbidea izan du.

Politikoki, moderatuen artean sailkatzen da Harris, Biden bera bezala. «Ez da ezker muturreko hautagaia, fiskal ohi bat da, eta, fiskala bazara, erabaki zailak hartu behar dituzu», nabarmendu du Janet Napolitanok. Barack Obamaren lehen agintaldian Segurtasun idazkari izan zenak. Bestalde, haren ibilbideak demokrata liberalenen nahiak aseko ez dituen arren, hautesle moderatuagoak erakarriko ditu. Horrez gain, litekeena da liberalenek ere Bidenen aldeko hautua egitea, euren gertuagoko hautagairik ez dutelako eta alternatiba Trump litzatekeelako.

Obamak ez bezala, hala ere, politikan hasi berri bat aukeratu du Bidenek taldekide gisa, kanpainari nolabaiteko freskotasuna eta bizia emango diona. Izan ere, Harrisek harreman onak ditu alderdiaren babesle nagusiekin, eta askok urrunera helduko dela iragarri dute, baina 55 urte ditu, eta soilik hiru daramatza senatari karguan behin hautagaitza berretsita, bera litzateke alderdiko zuzendaritzako kiderik gazteena. Horrez gain, nolabaiteko ausardia ere agertu du Bidenek, duela lau urte Hillary Rodham Clintonek egin ez zuena eginez, alegia, emakumezko beltz bat hautatuz presidenteordetzarako. Izan ere, bozak irabaziz gero, urte batzuk barru presidentetzara aurkezteko aukera izango luke Harrisek, eta urrats hori egiten duen lehen emakumezko beltza bilakatuko litzateke.

Trump, erasora

Errepublikanoek oraingo taldeari eutsiko diote azaroaren 3ko bozetan. Trump bera izango da beste behin presidentegaia, eta Mike Pence presidenteordegaia. Taldea estu dabil, ordea, azken asteetan. COVID-19aren kasu gehien duten herrialdeen zerrendan AEBak lehen postuan egoteak min handia egin dio estatuburuaren kanpainari. Hori dela eta, hautagai errepublikanoak erasora jo du Bidenen erabakia zein izan den jakin orduko.

Estatuburuak bi minutu baino gutxiago behar izan ditu Harrisi «nazkagarri» deitzeko eta Bidenen aukera «ezin okerragoa» izan dela esateko. Bide batez, aukera baliatu du kritikatzeko «errespeturik gabe» aritu zela Kaliforniako senataria, demokraten presidentegaia aukeratzeko primarioetan Bidenekin izandako eztabaida batean. Errepublikanoaren esanetan, orain arteko hautagairik liberalena eta ezkertiarrena da Harris. «Joe Bidenek eta Kamala Harrisek Amerika suntsituko dute», ohartarazi zuen estatuburuak atzo egindako agerraldian.

Ez da lehen aldia Trumpek aurkari politiko bat iraintzen duena. Baina haren irudia nola dagoen kontuan hartuta, kanpainako arduradunak kezkatuta daude halako hitzek ez ote dioten kalte gehiago egingo. Egia da, duela lau urte diskurtso hori bera baliatu zuela Clintonen aurka. Baina orduan ez zuen agintaldi bat bere bizkar gainean, ez azken urteetako krisi ekonomikorik gogorrena kudeatu beharra eta, are gutxiago, bost milioi kasu utzi dituen pandemia bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.