Errusiak COVID-19aren aurkako lehenengo txertoa erregistratu du

Putinek adierazi du «immunitate iraunkorra» ematen duela; OMEk, berriz, ohartarazi du erakundearen azterketak igaro beharko dituela. Munduko kutsatu kopuruak hogei milioiren langa gainditu du

Emakume bat COVID-19aren proba egiten, New Delhin, Indian. STR / EFE.
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Koronabirusaren aurkako lehen txertoa erregistratu zuen Errusiak atzo. Vladimir Putin Errusiako presidenteak nabarmendu zuen munduko lehen herrialdea izan dela: «Gaur goizean erregistratu da, munduan lehen aldiz, COVID-19aren aurkako txertoa». Putinek ziurtatu zuenez,Errusiak aurkeztutako txertoa «eraginkorra» da, beharrezko proba guztiak gainditu ditu, eta birusaren aurkako «immunitate iraunkorra» lortzeko bidea zabalduko du.

Errusiako Osasun Ministerioak, adierazpenen ondoren zabaldutako ohar batean, azaldu zuen bi dosiko txertoa dela, eta «bi urtera arte ere luza» daitekeen «immunitate iraunkorra» ematen duela. Hain zuzen ere, Putinek Ministroen Kontseiluan azaldu zuen bere alaba izan dela txertoa hartzen lehenengoetarikoa. «Lehenengo dosiaren ondoren, 38 graduko sukarra izan zuen», adierazi zuen Kremlineko buruak. Bigarren dosiaren ondoren, «tenperatura igo zitzaion, baina, gero, normaltasunera bueltatu zen», eta orain «ongi sentitzen da, eta antigorputz kopuru handia du».

Putinek eskerrak eman zizkien txertoa lortzeko prozesuan lan egin duten zientzialariei eta «lehen pausoa eman duten guztiei», eta gehitu «oso garrantzitsua» dela Errusiarentzat eta «mundu guztiarentzat». Denbora gutxian sendagaia masiboki ekoizten hasi ahal izatea espero du. Gainera, argitu zuen txertoa hartzea ez dela derrigorrezkoa izango, eta «hala nahi duenak» jarri ahalko duela, «bere borondatez».

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) erantzun egin zien Errusiako presidentearen adierazpenei, eta arretaz hartu zuen albistea. Esan zuen Errusiako txertoak ere erakundeak ezartzen dituen azterketak pasatu beharko dituela, gainerakoen antzera. «Aurrerapausoak azkartzeak ez du zalantzan ipini behar segurtasuna», esan zuen Tarik Jasarevic OMEko bozeramaileak. Jasarevicek jakinarazi zuen harremanetan daudela Errusiako agintariekin eta beste herrialde batzuekin, txertoen inguruko ikerketen aurrerapenak gainbegiratzeko. Iragan astean, OMEk iragarri zuen txertoen bilaketan zeintzuk ziren ikerketarik aurreratuenak; Errusiakoa ez zegoen haien artean.

Hogei milioitik gora

Pandemiako kutsatu kopuruak munduan hogei milioiren langa gainditu zuen egunean eman zuen txertoaren berri Errusiako presidenteak. Hildakoak, berriz, 736.000 baino gehiago ziren atzo, Johns Hopkins Unibertsitateak zabaldutako datuen arabera. Horrez gain, hamabi milioi lagunek birusa gainditu dute atzo arte.

Egun, Errusia laugarrena da kutsatze gehien dituzten herrialdeen artean. Azken datu ofizialen arabera, 897.599 positibo zeuden atzo, herenegun baino 4.945 kasu gehiago. Orokorrean, Europan birusaren agerraldiak bihurtu dira kezka nagusi. Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak ohartarazi du «agerraldiak» daudela hainbat herrialdetan, eta «kasuak areagotzeko arrisku handia» dagoela kontinente osoan. Parisen, esaterako, maskararen derrigorrezko erabilera ezarri dute hainbat toki turistikotan, eta Greziak esan du, ofizialki, bigarren olatua jasaten ari direla.

Zeelanda Berrian ez dute izan herrialde barruko kutsatzerik edo agerraldirik ehun egun baino gehiagoan, atzo arte: lau kasu erregistratu zituzten, etxe berberekoak. Jacinda Ardern lehen ministroak iragarri zuen atzo Auckland hirian itxialdia ezarriko dutela, gaurtik hasita ostiralera arte. Herrialdeko hiririk handiena da hori eta 1,4 milioi biztanle ditu.

Edonola ere, kutsatuen zerrendan lehenengo hiru postuetan daude oraindik ere Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta India. Hamar milioi kasu baino gehiago dituzte hiru herrialdeek batera: guztira mundu osoan zenbatu diren kutsatzeen erdiak. Afrikan, Hegoafrika da kutsatu gehien dituen herrialdea, eta mundu osoko zerrendan bosgarren dago, 563.598 kasu positibo baititu; hildakoak, berriz, 10.621 dira. Latinoamerikako herrialdeak dira, ondoren, kasu gehien dituztenak: Mexiko (485.836), Peru (483.133), Kolonbia (397.623) eta Txile (375.044). Iran dago hamargarren postuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.