Euskara diru laguntzetarako irizpide izatea ezetsi egin du Auzitegi Gorenak

2017an, Lasarte-Oriako Udalak baldintza gisa jarri zuen 16 urte artekoen jarduerak euskaraz izatea antolatzaileek laguntza jasotzeko. Kontseiluak «oso larritzat» jo du epaia; «esku hartzea» salatu du

2016an eginiko 40 egun euskaraz egitasmoaren amaiera ekitaldia, Lasarte-Orian. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
2017ko martxoan onartutako ordenantza baten arabera, Lasarte-Oriako Udalak (Gipuzkoa) ezarri zuen udalaren diru laguntzak jasotzen dituztenek irizpide batzuk bete behar dituztela hizkuntzari dagokionez. Honela zioen lehen puntuak: «Jarduera 16 urtetik beherakoei zuzendua bada, euskaraz izango da, ahoz zein idatziz». Jesus Zaballos (PSE-EE) zen alkatea. Horren kontrako helegite bat aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuak duen ordezkariak—PPko Javier de Andres zegoen orduan kargu horretan—, eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion udalari, baina Espainiako Estatuko Abokatuak Auzitegi Gorenera eraman zuen auzia.

Orain, epaileek ebatzi dute ordenantza horren 10.1, m) artikuluak tratu berdintasunaren printzipioa urratzen duela, eta jarduera horietatik kanpo uzten dituela «euskaraz derrigor jakin behar ez dutenez gaztelaniaz hitz egiten dutenak». Auzitegi Gorena ez dator bat EAEko Auzitegi Nagusiarekin, uste baitu EAEko epaileek «ahaztu» egin zituztela Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua eta Diru Laguntzen Legearen 8.3 artikulua; horietan jasoa dago tratu berdintasunaren eta bazterketarik ezaren printzipioa.

Hala idatzi dute epaileek ebazpenean: «Baldintza horren inposizioarekin, hizkuntz irizpide batek galarazten du arrazoia edozein dela ere euskara ezagutzen edo menperatzen ez duen edonor biztanleriaren sektore bati zuzendutako jarduera baten hartzaile izatea. Hizkuntza koofizial baten erabileraren sustapena eta dinamizazioa ez litzateke baztertzailea izan behar, inklusiboa baizik; alegia, orokortze handiago bat bilatu beharko luke».

Funtsean, laburbildu dutenez, Espainiako Konstituzioaren 3.1 artikuluak ez du ezartzen nahitaez ezagutu behar direnik gaztelania ez diren hizkuntza koofizialak, eta, beraz, jarduera baten sustapena ezin da mugatu hizkuntza ofizial bakarrera, hizkuntza hori ez delako ezagutu beharrekoa.

Epaiak boto partikular bat dauka, Pablo Lucas Murillo de la Cueva eta Pilar Teso Gamella epaileek sinatua. Horiek uste dute EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela urratzen ordenamendu juridikoa.

«Oso arriskutsua»

Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakasleak BERRIAri azaldu dionez, «oso arriskutsua» da Gorenaren epaia: «Esan nahi du hizkuntza bat ez dagoela bestearen gainetik sustatzerik; euskarazko sustapena ez dagoela diruz laguntzerik». Arauaren defentsan, argudiatu zuten neurri selektiboa dela 16 urtetik azpikoentzako jardueretan euskara lehenestea, ez dela jarduera guztientzako arau orokor bat, eta gaur egun 16 urtetik beherako haur eta nerabe guztiak euskaldunak direla, hezkuntza sistemak hala bermatu beharra duelako; hortaz, ez dela neurri baztertzailea, publiko oso-osoa izan daitekeelako hartzailea.

EAEko Udal Legeak udalei ematen dien ahalmenetan oinarrituta ezarri zituen Lasarte-Oriako Udalak hizkuntza irizpide horiek, eta lege hori moldatzeko premia nabarmendu du Urrutiak, argiago jaso dezan udalei emandako babesa gisa horretako jarduerak antolatzeko orduan: «Udal Legeak ahalmen bat ematen du euskararen sustapenerako, eta zehaztapen handiagoa jaso beharko luke».

Kontseiluak oso larritzat jo du epaia: «Estatuaren beste esku hartze baten aurrean gaude. Beste behin erakutsi nahi dute hizkuntza politikaren inguruko neurrietan zeinek duen azken erabakia», salatu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Auzitegi Gorenaren sententzia ulergaitza da, Bilbaoren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.