Jaurlaritzak ez du emango irakasleen lanordu barruko euskara ikastarorik irailean

Hezkuntza Sailak bertan behera utzi ditu Irale programako ikastaroak, irakasleen egonkortasuna argudiotzat jarrita. Urteotan nabarmen jaitsi dute inbertsio hori

Haur batzuk ikasgelan, artxiboko irudi batean. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Koloka dago irakasleak euskalduntzeko Irale programa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren egitasmo bat da Irale, eta zeregin nagusia du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako irakasleen hizkuntza gaitasuna sendotzea. Datorren ikasturtean bertan behera geldituko da horietako ardatz bat: irakasleek lanorduetan jasotzen dituzten euskara ikastaroak. Eusko Jaurlaritzak jakinarazpen bat egin die langileei: «2020-2021eko ikasturtean, oraingoz, ez da eskainiko irakastordu barneko ikastarorik». Hezkuntza Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, arrazoia bakarra da: irakasleen egonkortasuna ziurtatu nahi dute. Izan ere, ikastaro horiek liberazioak dakartzate, eta ikastaroetan ari diren irakasleak ordezkatu egiten dituzte. Datorren ikasturte hasierarako aurreikusi dute ikastaro horiek etetea. Ikastaroetara joan nahi zuten irakasleei soilik ez, ordezkoen listan daudenei ere eragingo die, beraz.

Urteotan diru gutxiago jarri du Jaurlaritzak Iralen. 2012an, esate baterako, 3,6 miloi euro bideratu zituen programara; 2014an, 3,3 milioi euro; eta 2016an, 1,5 milioi. Euskara aurrekontuen estatistikako datuak dira, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarenak.

Iraleko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, kideei jakinarazi diete hurrengo ikasturteko lehen hiruhilekoan ez dituztela ikastaro horiek emango. «Arazo puntual bat bezala planteatzen digute». Irale programan ikasturte honetan 650 irakasle inguruk parte hartu dute euskara sakontzeko egindako ikastaroetan, eta 45ek euskalduntze ikastaroetan. 84 langile aritu dira lan horietan.

Iturri horien arabera, euskara zerbitzuak proposamen bat aurkeztu dio Hezkuntza Sailari, langile horiekin zer egin zehazteko, kontuan hartuta eskolak bertan behera gelditzearen ondorioz hainbat haurrek martxotik irailera arte ez dutela euskararekin batere harremanik izango. «Sailari proposatu zaio Iraleko irakasleak datorren ikasturteko lehen hiruhilekoan behar handiena daukaten ikastetxeetara joatea, eta irakasleei prestakuntza ematea». Batez ere bi esparrutara bideratu nahi dute formakuntza hori: irakurmenera eta ahozkotasunera. Oraingoz, ordea, sailak ez dio proposamen horri erantzun.

Langileen egoera

BERRIAk jakin duenez, Iraleko langileek oraindik ez dute sinatu datorren urtean jarraitzeko zerbitzu eginkizuna, eta normalean martxo aldera egiten dute urrats hori.

Iraleren eginbeharra ez da, nolanahi ere, datorren ikasturterako bertan behera gelditu diren ikastaroak ematea soilik. Beste ikastaro mota batzuk ere badituzte: esate baterako, eskola orduetatik kanpo irakasleei ematen dizkietenak, edo eskolako klaustroek jasotzen dituztenak. «Horiek emango dira». Alegia, irakasleen liberazioa dakarten ikastaroak kendu dituzte; kontuan izatekoa da haiek dutela gasturik handiena, ordezkapenen harira.

Ikastaroak ematetik harago, Iralek baditu beste funtzio batzuk ere: irakasleen hizkuntza eskakizunen azterketa lanak, euskarazko ikasmaterialen kalitatea bermatzea, hizkuntza kontsultak egiteko zerbitzua... Horiekin zer gertatuko den ere badute kezka. Hain justu, egunotan bilerak egitekoak dituzte Hezkuntza Sailak, sindikatuek eta Iraleko langileek.

Hezkuntza Sailak baditu bestelako egitasmo gehiago ere euskararekin lotutakoak, eta horietan oraingoz ez dute iragarri aldaketarik datorren ikasturterako.

Datorren ikasturtea irailaren 7an hastekoa du Jaurlaritzak, eta lehen aurreikuspena da aurreko urteetan bezalako ikasturte hasiera izango dela: aurrez aurre, eta ikasle kopuru bera geletan. Beste egoera batzuetarako neurriak prestatzen ari dira, nolanahi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.