Pentsioekin lotutakoa baizik ez da izan Pedro Sanchezek bere lehen Ministro Kontseilu osteko agerraldirako gordea zuen munizioa. Pentsioak KPIra loturik igo ditu Madrilek lege dekretu baten bidez, eta indargabeturik utzi du 2013ko pentsio erreformak jasotzen duen %0,25eko igoera; Rajoyren gobernuak onartu zuen hura. Horraino mugatu dira Espainiako Gobernuaren lehen Ministro Kontseiluaren erabaki ezagutaraziak. Ez da albisterik egon langileen kaleratzea ahalbidetzen duen gaixo baimenen pilaketaren inguruko arauarekin loturik, ezta gutxieneko pentsioen igoerarekin loturik ere, esaterako. Baina inor gutxik jartzen du zalantzan gobernu berriak gutxieneko pentsioen igoera aurrerago iragarriko duela. Edonola ere, Sanchez pentsiodunei begira jarri da bere lehen pausoa emateko presidente gisa, eta %0,9ko igoerak hamar milioi pentsiodun/boto emaileri eragingo die.
Hego Euskal Herrian, hamaika euro baino gehiago igoko da batez besteko pentsioa urtarrilaren lehenaz geroztik —atzerako eraginez onartu dute dekretua—, eta 1.230 euro ingurura iritsiko da. Iazko abenduan 699.500 pentsio zeuden Hegoaldeko lau lurraldeetan, eta pentsioen gastua ia 853 milioi eurorena izan zen.
Pedro Sanchezek berak azaldu zuen atzo, Ministro Kontseiluaren ondoko agerraldian —aurrerantzean astearteetan izango da ministroen batzarra—, pentsiodunek 2021eko apirila baino lehen jasoko dutela konpentsazio ordainketa bat, baldin eta 2020ko KPIa %0,9 baino gehiago igotzen bada. «Erosteko ahalmena gal ez dezaten hartu dugu erabaki hori», esan zuen Sanchezek, gogoratuz Rajoyren garaian pentsiodunek hainbat urtez galdu zutela erosteko ahalmena, pentsioak %0,25 besterik igo ez ziren urteetan. Sanchezen gobernuak pentsioak berriro inflaziora lotzeko neurriak 1.397 milioi euroko kostua izango du, Gizarte Segurantzaren Ministerioak jakinarazi duenez.
Pentsiodunen eskaerak
Bi urte dira pentsiodunak kalean direla protestan, «pentsio publiko duinen alde». Haien aldarrikapen taulako bat besterik ez da pentsioak KPIra lotzeko eskaera. Hasteko, pentsioak betiko KPIra lotzea nahi dute, eta ez urtez urte aldatzea, egun indarrean dagoen pentsioen erreformak behartua. Gainera, jasangarritasun faktorea baztertzea eskatzen ari dira, erretiro adina gehiago atzeratu ez dadin eta pentsioak apalduz joan ez daitezen haiek kalkulatzeko tarteak zabaltzearekin batera.
Sanchezek, ordea, aditzera eman zuen aldagai horiek guztiak Toledoko Itunean erabaki beharko direla, adostasun handiagoa beharko dutela. «Enpresariek eta sindikatuek ere zeresan handia dute pentsioen inguruan», gaineratu zuen. «Gobernuaren konpromisoa da pentsioen jasangarritasuna bermatzea»
Zehaztasun falta horretan utzi zituen, halaber, lan erreformarekin lotutako gaiak: adibidez, gaixo baimenak pilatzeagatik kaleratzea ahalbidetzen duen araua; aurreko beste eduki guztiak bezala, hori ere elkarrizketa sozialeko mahaira bideratu zuen. Gobernu berria azken lan erreformaren hainbat eduki aldatzeko prest legoke: adibidez, ultraaktibitatea—urtebetekoa alboratu, eta mugagabea ezarriko litzateke— eta negoziazio kolektiboaren itunen lehentasunak, enpresa itunei kenduta eta sektorekoei emanda.
LAB sindikatuak salatu zuenSanchez «oso urrun» geratu dela pentsiodunen eskaeretatik: «Berandu iritsi da, eta ez du inor asebete».
Espainiako Gobernuaren lehen erabakia: pentsioak %0,9 igotzea
PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak lege dekretuz igo ditu pentsioak bere lehen Ministro Kontseiluan. Aurtengo KPIa %0,9tik gorakoa bada, 2021eko apirilean pagatuko dute aldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu