Soleimaniren hilketak ataka eta etapa berri baten atarian ezarri du Ekialde Hurbila

Teheranek sendotasuna erakusteko baliatu dute jeneralaren heriotza. Bertan behera utzi du akordio nuklearra. AEBek tropak erretiratuko dituzte Iraketik

Teheranen ehunka mila lagun elkartu ziren atzo Qassem Soleimaniri azken agurra ematera. Irudian ina oina. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ruhollah Khomeini errepublika islamikoaren sortzailearen heriotzatik ez zen horrelako irudirik ikusten. Teheran hiriburuko kaleetan ehunka mila lagun elkartu ziren atzo jenerala zenari azken agurra ematera. Igandetik milioika izan dira lore sortaz eta ikurrez apaindutako zerraldoa pasatu den lekuetatik hura agurtzera gerturatutakoak. «Amerika hil» oihua izan dute ahoan. Aiatolen gobernua sendotasuna islatzeko baliatzen ari da ikur bilakatu den militarraren hilketak herrian eragin duen dolumina, ezen duela hilabete herrialdean izandako protesten aurrean emandako erantzunak kritika ugari eragin ditu—ehunka hildako izan ziren—, eta aurretik ere zatikatuta dago gizartea, errepresioa tarteko.

Qassem Soleimaniriekitaldi xume batean emango diote lur, jaioterrian, Kermanen. Teherangoa, baina, estatu hileta izan zen. Ali Khamenei aiatola nagusiak malko artean zuzendu zuen errezoa, eta, beste behin ere, «mendekua» iragarri zuen: «Erresistentziaren bideari tinko eutsiko diogu». Hassan Rohani presidentea zuen alboan.

Irango Guardia Iraultzaileko Al Quds Indarren komandantea zenaren hilketak erreakzio ugari eragin ditu, zein baino zein kezkagarriagoa. Ali Akbar Velayatirenak dira, akaso, orain arteko adierazpen irmoenak. Khameneiren aholkulariak mezu zuzena bidali die Ameriketako Estatu Batuei: «Vietnam berri baten aurrean egongo zarete, baldin eta eskualdetik tropak erretiratzen ez badituzue». Mohamed Yavad Zarif Irango diplomazia burua ere zehatza izan da: «AEBek Asia Mendebaldean duten presentzia zitalaren amaiera hasi da».

Ekialde Hurbila ataka eta etapa berri baten atarian dago. Donald Trump AEBetako presidenteak agindutako hilketak tenkatu egin ditu errepublika islamikoaren sorreratik zailak izan diren harremanak; Washingtonen eta Teheranen arteko talka, baina, une latzenean dago.

Trumpen mehatxua

Iranek igandean iragarri zuen ez duela akordio nuklearra beteko, eta, egun berean, propio duen estiloan, balizko eraso baten aurrean zer-nolako erantzuna emango lukeen iragarri zuen Trumpek: «Irango 52 helburu izango ditugu jomugan, horietako batzuk kulturarentzat oso inportanteak». Kopuru hori ez da kasualitatea: 1979ko iraultzan 52 estatubatuar bahitu zituen Iranek, 400 egunez. Trump, bada, ez dirudi egoera leuntzeko prest dagoenik, erantzuna «azkarra» eta «gogorra» izango dela ohartarazi baitzuen.

Antoni Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, mezu zurrunbilo honen erdian, tentsioa apaltzeko deia egin zuen atzo: «Aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak saiheste aldera, indarkeria giroa bertan behera uzteko eta neurritasunez jokatzeko eskatzen dut; elkarrizketa eta lankidetza sustatzea da bidea».

Teheranek nola erreakzionatuko duen ez dago argi; eraso militar azkar bat egingo duen, edo epe luzerako estrategia bat zuzenduko duen, aliatu dituen estatuetan okupazio indarren kontra egiteko, milizia xiiten laguntzarekin. Hassan Nasral Libanoko Hezbollah miliziaren buruzagiak dagoeneko aurreratu du aliatu guztiek «mendeku ekintzak» egingo dituztela: «Zigor justua litzateke AEBen tropak Ekialde Hurbiletik botatzea». Hamas ere hilketa «mendekatzeko» prest agertu da.

Itun nuklearra

Iranek gaur-gaurkoz eman duen pauso bakarra izan da jakinaraztea ez duela akordio nuklearra beteko. Trumpek 2018an hartu zuen AEBak itunetik kanpo uzteko alde bakarreko erabakia, eta, neurri batean, hor kokatzen da oraingo egoeraren abiapuntua. Washingtonek zigor ekonomikoak ezartzeari ekin zion eta, Teheranek, trukean,konpromiso batzuk betetzeari uko egin zion iaz, nahiz eta ukatu egin duen uranioa arma atomikoak egiteko beharrezkoa den mailan aberasten ari dela. 2015ean sinatu zuen ituna, eta orduan %20an aberasten zuen uranioa —bonba atomikoa egiteko %90ean aberastu behar da—. Erabakiak, hala ere, kezka handia eragin du nazioartean. Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, itun horretako sinatzaileek, akordioa bermatzeko ahalegina egin dute orain arte, eta orain ere ildo horri eutsi eta konpromisoetara itzultzeko eskatu diote Irani. Komunikatu bateratu batean, «alde guztiei» arduraz jokatzeko eskatu diete: «Irakeko indarkeria zikloak amaitu egin behar du. Ekintza biolentoak saihestu beharra dago». Europako Batasunak ere ohartarazi du «ituna errespetatzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela.

Irakek ere jada hartu ditu norabidea aldatzea ekar dezaketen erabakiak. Parlamentuak, diputatu xiiten babesarekin —sunitek eta kurduek kontra bozkatu zuten—, herenegun eskatu zion gobernuari tropa estatubatuarrak erretiratzeko. AEBek atzo iluntzean jakinarazi zuten soldaduak erretiratuko zituela «datozen egun eta asteetan». Iraken «subiranotasunarekiko errespetua» aipatu zuten. Irakek eta Washingtonek Estatu Islamikoari aurre egiteko akordioa sinatua zuten —AEBek zuzentzen du nazioarteko koalizioa—.

Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak, berriz, iragarri du Trumpen ekintza militarrak «mugatzea» helburu duen ebazpen bat bozkatuko dutela «datozen egunetan». Agintari demokrataren arabera, Soleimani hiltzea «neurriz kanpoko» erabakia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.