Urtarrilaren 30ean izango da «pentsioak eta bizitza duina» defendatzeko greba orokorra

«Mobilizazioetan jauzi kualitatibo» bat emateko garaia dela uste du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Lehen lanuzte orokorra izango da 2013az geroztik

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kideak, atzo, Bilbon. Hizketan, pentsiodunen mugimenduko Arantxa Corrales eta Txomin Lorca. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Greba orokorra urtarrilaren 30ean izango da. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak atzo jarri zion eguna lanuzteari. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskutik, mobilizazioetan «jauzi kualitatibo» bat emateko garaia dela uste du, «pentsio publikoen, enpleguaren eta bizitza duinaren alde». Mobilizazioetara deitu dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleetan.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak urrian egin zuen publiko greba deialdia egiteko asmoa. Hartaz geroztik, erakunde askorekin bilerak egin ditu proposamenak entzun eta atxikimenduak biltzeko. Azken bilera atzo bertan egin zuten, Bilbon, Bolsa eraikinean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, eta elkarteko horretako kideek jakinarazi zutengreba eguna.

«Aberastasunaren bidezko banaketa, pentsioen sistema publikoaren defentsa eta eskubide sozialen aitortza ez dira promesekin lortuko; ekintzak beharrezkoak dira pentsioen, eskubide sozialen eta soldaten bitartez bizi baldintza duinak bermatzea nahi badugu». Arantxa Corral pentsiodunen mugimenduko kideak egin zuen mobilizazioaren aldarria, eta zortzi eskaera egin zizkien «Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eta patronalari». Horietako batzuk oso zehatzak dira: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata; 40 urtez kotizatuz gero, kenkaririk gabeko erretiroa; eta lan erreformak eta pentsioen erreformetako neurri murriztaileak ezabatzea.

Greba deialdi ofiziala, dena den, gutuneko kide diren sindikatuek egin dute: ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek, EHNEk eta Hiruk. CNT gehitu zaie, baita Ikasleen sindikatua, Ikasle Ekintza, Ernai eta Eragin ere. Deialdiari «atxikimendu osoa» erakutsi dioten eragile askok egin dute bat grebarekin: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriko mugimendu feministak, Harro LGTBi plataformak, Etxeko Langileen Elkarteak, PAH Bizkaia-Kaleratzerik ez-ek, Argitan-ek, Berri Otxoak bazterketa sozialaren aurkako elkarteak... Atxikimendu bilketa oraindik irekita dago eta zerrenda luzatzea espero dute.

Pentsiodunen efemeridea

Urtarrilaren 30 efemeride borobila da pentsiodunen mugimenduarentzat, 2018ko egun horretan egin baitzuten «pentsio duinen» aldeko lehen mobilizazio handia Bilbon. Hartaz geroztik astelehenero egin dituzte kontzentrazioak, eta baita manifestazio handiak ere ziklikoki, azkenekoa iragan hilaren 16an. Bada, urtarrilaren 30en berriz ere «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak betetzera» deitu zuen Corralek. Ez zuten mobilizaziorik iragarri Ipar Euskal Herrirako.

Urtarrilekoa azken sei urteetan Euskal Herrian egingo den lehen greba orokorra da. Azkenekoa 2013ko maiatzaren 30ean izan zen. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CNT sindikatuek deitu zuten, eredu sozial eta ekonomiko propioa eskatuz. Greba orokor askoko aroa izan zen hura, zazpi deitu baitzituzten aurreko lau urteetan, horietako hiru 2012an —martxoaren 29an, irailaren 26an eta azaroaren 14an—. Hartaz geroztik egindako lanuzte handiena aurtengo martxoaren 8koa izan da, mugimendu feministak deiturikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.