Bostehun migratzaile baino gehiago daude nazioarteko uretan, nork hartuko zain. Open Arms eta Ocean Viking erreskate ontzietan daude. «Pasatzen den egun bakoitza zailagoa da», aitortu zuen Oscar Camps Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak. Egunak daramatzate portu seguru batean porturatzeko baimenaren zain—bihar bi aste beteko dira Open Arms-ek lehen erreskateak egin zituenetik, baina ezezkoak besterik ez dituzte jaso—. «Lotsagarria da Europaren isiltasuna. Gizatasun eta enpatia faltak errudun bilakatzen ditu», azpimarratu zuen ontziko buruak, atzo.
«Irtenbide bat aurkitzea estatuen esku dago», nabarmendu zuen Europako Batzordeak, atzo. Izan ere, Vanessa Mock Europako Batzordearen bozeramaileak azaldu zuenez, erakundeak ez dauka eskumenik erabakitzeko migratzaileak non porturatu behar diren. Horregatik, Europako Batasuneko estatuei «solidaritatea» eskatu die, eta migratzaileen porturatzea aurrera eramateko konponbideak proposatzeko deia egin die.
Open Arms-ek hiru erreskateegin ditu azken egunotan, eta Libiatik zetozen 151 migratzaile daramatza ontzian. Maltako uretan dago, Lampedusa Italiako uhartetik 29 miliara. Izan ere, indarrean jarraitzen du Italiako lehen ministrorde eta Barne ministro Matteo Salviniren debekuak. Ocean Viking ontziak 356 migratzaile daramatza. Atzo, Libiako kostaldetik aldentzeko erabakia hartu zuen, eta Italia eta Maltara gerturatzen hasi zen.
Open Arms-ek Maltara zortzi migratzaile ebakuatzea lortu zuen herenegun: gaixo zeuden bi emakume eta haien familiak. Atzo, bi jaioberri eta haien gurasoak ebakuatzeko eskatu zuen, bikietako batek «arnasa hartzeko zailtasunak» baitzituen. Maltak eskaera onartu zuen, eta helikopteroz eraman zituzten. GKEak, bestalde, babesa eskatu zion, herenegun, Espainiak Maltan duen enbaxadari, ontzian dauden 31 adingabeei asiloa emateko, baina Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak atzo erantzun zuen ontziaren kapitainak ez daukala «botere juridikorik» erreskatatuentzako asiloa eskatzeko.
CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen ustez, ordea, gobernuak 31 adingabeko horiek Espainiara ekar litzake. Izan ere, Estrella Galan CEARen zuzendariakazaldu zuenez, «ontziaren kapitainak aurkeztutako asilo eskaeraren ondoren asiloari buruzko legearen 38. artikulua aplikatu daiteke».
Espainia, «solidarioa»
Abalosek atzo azaldu zuenez, Espainia herrialde «solidarioa» da, baina honako hau adierazi zuen: «Erreskateak gertuen dagoen portuan egin behar dira; beraz, Italiaren erantzukizuna da». Hala ere, argi utzi du Open Arms ontziak ez diola eskaerarik egin Espainiari bertan porturatzeko. Bestalde, gogorarazi zuen Espainiak ahalbidetu zuela Aquarius ontzia porturatzea pasa den urtean. Campsek, ordea, gobernuaren jarrera kritikatu du, eta Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari eskatu dio «zentzuz» jokatzeko.
Valentziako Udala eta Kataluniako Generalitatea prest agertu ziren Open Arms ontzia bertan porturatzeko, pasa den astean. GKEak, ordea, baztertu egin zuen aukera hori, migratzaileek ezin ziotelako «bost eguneko bidaia bati aurre egin». Atzo, Jose Maria Gonzalez Cadizko alkateak hango portua eskaini zuen, haren ustez «migratzaileek ezin baitute gehiago itxaron».
Salvinik Open Arms itsasontziaren kontrako jarrera irmoa erakutsi zuen, eta, azaldu zuenez, migratzaileak Madrilen erantzukizuna dira, ontzia «Espainiakoa» delako. «Gaur goizetik lanean, bostehun migratzaileren lehorreratzea ekiditeko», idatzi zuen haren sare sozialetara igotako argazki batean, atzo.
Italiako Gobernuak GKEren aurkako zigorrak handitzeko erabakia hartu zuen, uztaila hasieran. Horrela, gogor zigortuko dituzte Italian «baimenik gabe» sartzen diren ontzien arduradunak: kartzela zigorrak eta milioi bat euroko isunak jarri ahalko dizkiete epaileek.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Europako herrialdeei eskatu die Open Arms ets Ocean Viking ontziek erreskatatutako 500 bat migratzaileei lehorreratzeko baimena emateko. «Portu seguru bat eman behar diegu, eta, ondoren, erantzukizuna estatuen artean banatu behar dugu», azaldu zuen UNHCRek, atzo.
Mediterraneora buelta
Azken egun hauetan, Open Arms ontziari porturatzeko baimena ematearen aldeko zenbait manifestazio egin dituzte. Bartzelonan, adibidez, bostehun pertsona inguru elkartu ziren herenegun, eskatzeko Espainiako Gobernuak alde batera utz ditzala «makillaje politikak» eta «aurrerapauso bat» eman dezala. Bilbon eta Palman (Herrialde Katalanak) ere kalera atera ziren herritarrak, Italiako eta Maltako gobernuen «ezezko kriminala» salatzeko.
Aita Mari erreskate ontzia Mediterraneora itzultzekoa da hurrengo astean, baina Espainiako Gobernuaren baimena behar du horretarako. Izan ere, erreskateak egitea debekatu zion.
Bruselak «estatuen esku» utzi du migratzaileak hartzeko ardura
Abalos Espainiako Sustapen ministroaren ustez, 'Open Arms'-en kapitainak ez dauka «botere juridikorik» migratzaileen asiloa eskatzeko. 'Ocean Viking' ontzia Italia eta Maltara gerturatzen hasi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu