Ekonomia %2tik gora handitzen ari da, ziurgabetasunari izkin eginda

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,3 hazi da bigarren hiruhilekoan. Familien batez besteko gastua 34.200 euro izan zen 2018an, eta krisi aurreko maila gero eta gertuago dago

Ekonomia %2tik gora handitzen ari da, ziurgabetasunari izkin eginda.
xabier martin
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Brexit esate hutsarekin munduko merkatuak dardarizo batean jartzen diren jokaleku batean, euskal ekonomia ez da gaizki ari, orain artean behintzat. Urteko lehen hiruhilekoan %2,3ko hazkundean jardun zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak, eta erritmo horri eusteko gai dela erakutsi du bigarrenean. Nafarroakoaren berri gaur emango du lurralde horretako estatistika erakundeak, eta %2,5etik gora egon beharko luke. Eustaten arabera, berriz, EAEko BPG barne produktu gordina %0,6 hazi da azken hiru hilabeteetan, eta urte arteko tasan, berriz, %2,3. Hala, garbi geratu da Eusko Jaurlaritzak pixka bat gora eramandako aurreikuspenak baduela funtsa. 2019rako %2,3ko hazkundea markatuta dauka Lakuak. Ekainean bertan gaurkotu zuen kalkulua, hamarren bat hobetuz.

Beraz, Alemaniaren zalantzek, Trumpen ezusteek eta brexit-ak berak ez badute ekonomiaren egoera asko okertzen, %2tik beherako lurreratze aski iragarriak itxaroten jarraitu beharko du. Eta horrek badu isla enpleguan ere, jakina. Atal horri dagokionez, lanaldi osoko lanpostuetan neurtua, %1,7 igo da urte arteko tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2019. urteko bigarren hiruhilekoan; aurreko neurketan baino hamarren bat gutxiago da hori.

Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk esan du «egoera ekonomiko egonkorra» ikusten dutela bere sailean 2019. urteari dagokionez, eta 2020. urteko hazkunde aurreikuspena %2 dela. Hazkunde horrek 2019ko urte osoari begira 16.000 enplegu sortzea eragingo duela jakinarazi du Azpiazuk azken asteetan. Ekonomia sailburuak ez du nahi hazkundea oztopa dezaketen aldagaiak inork hauspotzea, eta politika fiskala aldatzea galgatzat jo du. Zergak bere hartan uzteko dei argia egin berri du, izan ere. «Presio fiskala murrizteko edozein dei ekonomia eta aurrekontu politika txarraren adierazpena litzateke».

Ekonomiaren Termometroa

Eustatek zehaztu du sektore guztietan dutela oinarria hala urte arteko hazkundeak nola azken hiruhilekoarenak, lehen sektorean salbu. Martxotik ekainera bitarte, industria zertxobait suspertu da, eta eraikuntzaren hazkunde sendoa apaldu egin da hein batean. Estatistika institutuak irailean zabalduko du gaur plazaratutako BPG barne produktu gordinari dagokion aurrerapena.

Edonola ere, Jaurlaritzak berak lantzen duen Ekonomiaren Termometroak ere susperraldi txiki bat islatu du ekainean, eta hirugarren hila da jarraian goranzko joera dagoena. 108,1eko puntuazioa izan du ekainak; 103,3 markatu zuen martxoak; 104 apirilak; eta 107 maiatzak. Puntuazio horiek BPGarekin lotutako hamabost aldagai kontuan hartuz ematen dituzte. Besteak beste, industriaren sektorea aztertzen du txostenak, eta ekainean argi ikusi da gora egin duela industria ekoizpenaren indikatzaileak. Lehen hiruhilekoan, negatiboan zegoen erakusle hori; apirilean, 0,2an jarri zen; maiatzean, 0,8an; eta, ekainean, 1,1era igo da.

Baina txanponaren alde bat da ekoizpena, eta industriaren giroaren indizea bestea. Konfiantzari dagokion erakuslea negatiboan dago aspaldian, eta ekainak are kopuru okerragoak erakutsi ditu; merkatuen ziurgabetasunak ez die inolako konfiantzarik ematen industria sektoreei. Txostenak dio «Euskadi hazkunde bizi batean» dagoela, nahiz eta «moteltze testuinguru baten barruan»; txostenaren berritasuna da moteltzeari buruz dioena: «Galgatzen ari dela ematen du».

Familien gastua

Bien bitartean, familien gastua gora doa etengabe. 2008. urtean 34.672 euroko gastua egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek, batez beste. Ordutik, gainbehera handia izan zen—2014an, 31.881 euro—, krisiak bere zartadarik handienak ematen zituen bitartean. Susperraldiarekin batera, kontsumoa handitu egin zen, eta, 2018. urtean, familia batek egiten duen urteko gastua, batez beste, krisi aurreko mailara hurbildu da, 34.212 euro izan baita, 2008an baino 460 euro gutxiago. Nafarroan ere, antzera: 34.637 euroko gastua zenbatu du INEk, 2008koaren mailatik (36.403) urrun oraindik, baina 2013ko datutik gero eta urrunago (30.728 euro).

Horiek horrela, aurreko urtean baino %1,5 handiagoa izan da gastua 2018an. Etxebizitzak, urak, argindarrak, gasak eta bestelako erregaiek eragiten diete familiei gasturik handiena; 2017. urtearen aldean, %2,9 igo dira gastu horiek. Gastu handienetan bigarrena dira elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak. Produktu horiek apenas izan duten igoerarik gastu osoan (%0,6). Gastuak igoera handia izan du, ordea, altzariei, etxeko gaiei eta etxearen mantentze arrunterako gaiei dagokienez (%10). Aldiz, etxe bakoitzaren gastua jaitsi egin da produktu hauetan: edari alkoholdunak eta tabakoa (%3,6), jatetxeak eta hotelak (-%6,0) eta aisialdia eta kultura (-%0,6).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.