2008ko abenduraino egin behar da salto atzera Euskal Herrian hain langabezia tasa apala topatzeko. Ordukoan, %8,23 zen tasa, eta joan den ekainaren amaieran, ostera, %8,3. Hamarkada oso bat eta sei hilabete behar izan dirakrisi handia sortu zeneko mailara apaltzeko langabezia tasa.
Gaindegiak egin du langabezia tasaren zazpi lurraldeetako kalkulua, Espainiako INE k eta Frantziako INSEEk egindako neurketak baliatuta. Hala, Euskal Herrian 123.700 langabe zeuden joan den ekainean: aurreko hiruhilekoan baino 12.900 gutxiago, eta iazko ekainean baino 22.100 gutxiago. Horrela, langabezia tasak 0,79 puntu jaitsi daaurtengo lehen hiruhilekotik bigarrenera bitartean, eta tasa %8,3an finkatu da.
Lurraldez lurralde, eta INEren inkestaren arabera, Bizkaian jaitsi da gehien langabezia tasa (-1,49 puntu), eta jaitsiera leunagoa baina aipagarria izan da Gipuzkoan (-0,9). Aldiz, Nafarroa Garaian eta Araban puntu erdi jaitsi da tasa, eta Ipar Euskal Herrian 0,08 puntu baino ez da murriztu.
Dena dela, kalkulu orokorrerako Eustaten azken inkesta aintzat hartuz gero, emaitzak ezberdinak dira INEren datuekin alderatuta. Izan ere, Eustaten arabera, Araban jaitsi da gehien langabezia tasa (-1,6), eta Bizkaiko jaitsiera ez da izan INErena bezain nabarmena (-0,1).
«Oro har, bi iturrien emaitzak ez datoz bat, ez biztanleria aktiboan, ezta langabe gordinen kopuruak azken hiruhilekoan izandako bilakaeran ere», azaldu du Gaindegiak. Eustatek adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoan 5.000 pertsona aktibo gehiago daudela, eta 6.700 langabe gutxiago. INEk, ordea, adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.100 pertsona aktibo gutxiago daudela, eta 10.300 langabe gutxiago.
«Azpimarratzekoa da langabe kopuruaren beherakadan bat baldin badatoz ere, diferentzia nabarmena dagoela biztanleria aktiboaren joeran, INEk jaitsiera adierazi baitu eta Eustatek igoera», nabarmendu du Gaindegiak.
Bizkaian, tasarik handiena
Edonola ere, inkesten arteko ezberdintasunak ezberdintasun, Euskal Herriko langabezia tasarik handiena Bizkaian dago: %9,7 da,INEren arabera, eta %11,3, Eustaten arabera. Ostera, tasarik apalenak Ipar Euskal Herriak (%7,4) eta Gipuzkoak (%7,1) dauzkate. Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren ustez, «enpleguaren norabide ona» erakusten dute datuek, eta formakuntzagehiago eskatu du, enplegu maila handiagoa lortzeko.
Badira datu positiboak INEren inkestan: urtebetean 26.100 landun gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta biztanleria aktiboa ere handitu egin da, 3.700 pertsona gehiagorekin. Bestalde, Nafarroa Garaian, emakumeen langabezia tasa handiagoa da (%8,5) gizonezkoena baino (%6,8); aldiz, EAEn, gizonezkoen langabezia tasa handiagoa da (%9,5) emakumeena baino (%7,63).
Europako Batasunarekin alderatuta, Euskal Herriko langabezia tasak bilakaera hobea izan du EBkoak baino azken hiruhilekoan: 0,5 puntu jaitsi da tasa EBn, eta 0,79 Euskal Herrian. Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko langabezia tasa oraindik ere EBkoa baino 2 puntu handiagoa da, nahiz eta bi tasen arteko aldea aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa izan. Gaur-gaurkoz, beraz, Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa daukate EBn bost herrialdek: Greziak (%18), Espainiak (%14), Kataluniak (%11,2), Italiak (%10), eta Frantziak (%8,4).
Langabezia tasa %9tik beherakoa da Euskal Herrian, hamar urteren ostean
Zazpi lurraldeetan, 123.700 langabe zenbatu ditu Gaindegiak bigarren hiruhilekoan, eta langabezia tasa %8,3 da. EBn, bakarrik bost herrialdek dute Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu