Auto berrien salmenta %7,4 txikitu da Hegoaldean urtearen lehen erdian

Jaurlaritzaren diru laguntzek arindu egin dute erorialdia, baina ezin izan dute eten. Dieselaren salmentak beste heren bat txikitu dira, eta %25etik beherako kuota dute. Alternatiboak dira hamarretik bat

Noranahikoek eta SUV autoek merkatuaren ia erdia lortu dute azken hilabeteetan. CJ GUNTHER/ EFE.
Iker Aranburu - Paulo Ostolaza
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Sei urtez gora egin ondotik, beheranzko bide garbia hartu du autoen merkatuak. Urtearen lehen erdian 26.800 auto matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iazkoan baino %7,4 gutxiago. Jaitsiera are handiagoa izango zatekeen baldin eta Eusko Jaurlaritzak ez balu indarrean ezarri auto berriak erosteko laguntza programa bat. Horrela, bere menpeko hiru lurraldeetan %4,3 jaitsi dira salmentak, eta Nafarroan, laguntzarik gabe, %17,2.

Renove plana indarrean jarri zutenean, auto saltzaile batzuek ziurtatu zuten jarritako dirua motz geratuko zela eta ez zuela eragin erabakigarririk izan. Zenbakiek erakusten dute eragina mugatua izan dela. Guztira 2.411 autok baliatu zuten Jaurlaritzaren 2.000 eta 3.000 euro arteko laguntza: urte osoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan saldutako autoen %11,5. Badira diru publikoz lagundutako autorik saldu ez duten kontzesionarioak ere, beren ibilgailuak ez baitziren agertzen Jaurlaritzaren zerrendan.

Merkatuaren erorialdia oso-osorik lotuta dago dieselaren amiltzearekin. Urtarrilaren 1etik ekainaren 30era gasolioa erretzen duten 6.344 auto saldu dituzte, iragan urtean baino %35,8 gutxiago. Dieselaren kuota %34tik %23,6ra jaitsi da urtebetean. Bestemende batekoa dirudi lau autotik hiru diesel ziren garaia, baina 2010ean izan zen, eta 2017ra artemerkatuaren erditik gorakoa izan zen haren kuota.

Gora doa, berriz, gasolina autoen merkatu kuota: %59,6 izan zen iazko lehen sei hilabeteetan, eta %65,8ra iritsi da. Kopuru osoetan, igoera txikiagoa da: 17.648 saldu dituzte, iaz baino %2,3 gehiago.

«Etorkizuna elektrikoa da»

Merkatu kuota gehien handitu dute gasolina eta gasolioa ez beste sistemak darabiltzaten autoek: %6,2 ziren iaz, eta dagoeneko %10,4 dira. Urtarriletik ekainera 2.808 matrikulatu dira, iaz epe horretan baino %55 gehiago. Alternatiboen artean, hibridoak dira nagusi, hau da, motor elektriko batez gain gasolioa eta gasolina erretzen duen beste bat dutenak.

Auto elektriko hutsak, oraindik,salmenten zati txiki bat dira. Hego Euskal Herriko daturik ez dago oraindik, baina Espainian, aurten salmentak bikoiztu egin diren arren, %0,7 baizik ez dira (5.459).

Autowag auto saltokiko iturriek baieztatu dute salmentak oraindik txikiak direla atal horretan. «Prezioen diferentziak oso handiak dira. Asko hitz egiten da ekologiaz, baina poltsikoak agintzen du. Gasolina autoenekin berdindu arte, jendea ez da erosten hasiko. Jendea ez dago prest ingurumenarengatik hamar edo hogei mila euro gehiago ordaintzeko».

Edonola ere, sektoreak uste du etorkizuna elektrikoa dela. «Une jakin bat iristen denean, asko handituko da auto elektrikoen kopurua, motor elektriko bat egitea diesel bat egitea baino merkeagoa baita fabrikatzailearentzat. Hemendik hamar urtera baino gutxiagora, autoen %95 elektrikoak izango dira», adierazi dute Autowageko iturriek.

Eusko Jaurlaritzaren Renove planak, esate baterako, soilik lau auto elektrikoren salmenta lagundu du, harentzat izan arren laguntzarik handienak, 3.000 eurorenak. Kontua da aldi berean jarri dela martxan Espainiako Gobernuak emandako 6.500 euro arteko diru laguntza ematen duen plan bat (Moves), eta hara jo dute auto elektrikoetan interesa zeukatenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak