Zerga bilketa handiak eta inflazioak auzitan jar dezakete deflatazioa

Hiru aldundiek %2 deflatatu zituzten errenta zergaren taulak, baina azpiko inflazioak goitik segitzen du oraindik. Neurriak apenas eragin duen zerga bilketan: PFEZ zergaren ekarpena %8,4 handitu da

Gizon bat, Gipuzkoako ogasunaren bulego baten atarian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
aitor biain
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Neurri gabe hazten ari zen inflazioa arintzeko irtenbide gisa aurkeztu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek deflatazioa. Herritarren erosteko ahalmena gehiegi mugatu ez zedin, errenta zergaren taulak egokitu egin zituzten KPI kontsumorako prezioen indizearen igoerara. Iaz, %5,5 deflatatu zituzten ogasunek errenta zergaren taulak, eta, aurten, %2. Bada, azken hilabeteetan prezioen garestitzea zertxobait apaldu bada ere, zenbateko horretara hurbildu ezinik dabil oraindik inflazioa. Ondorioz, haren eragina txikia da.

Joan den urtean, deflatazioak ez zuen inflazio osoa estali, nahiz eta urteko batezbestekotik gertu geratu zen azkenean. Puntu baten aldea baino ez zen izan deflatazio osoaren eta KPIaren urteko batezbestekoaren artean (%6,5).Gaur-gaurkoz, egoera antzekoa da. Inflazioak beheranzko joera hartu badu ere, deflatazioak oraindik ez baitu kontuan hartuprezioen igoera osoa: uztailean %2,6 izan baitzen inflazio tasa orokorra Hego Euskal Herrian.

Are handiagoa da azpiko inflazioarekiko aldea, ordea; hau da, energiaren eta landu gabeko elikagaien prezioen gorabeherak kontuan hartzen ez dituen adierazlearekiko aldea. Joan den hilabetean, %6,4an kokatu baitzen tasa. Eta hor dago gakoetako bat: erakundeek adierazle hori hartu baitzuten oinarritzat errenta zergak zenbat deflatatu erabakitzeko. Hala iragarri zuen lehendakariak Eusko Legebiltzarrean iaz, politika orokorreko eztabaidan, neurriaren berri ematean.

Azpiko inflazioaren bilakaera da, hain zuzen ere, neurriaren eraginkortasuna auzitan jar dezaketen argudioetako bat. Urtarrilean, zerga aringarria indarrean jarri zenean, deflatazioa halako hiru baitzen inflazio orokorra (%5,8), eta zertxobait gehiago azpiko inflazioa (%7,3). Uste baino gehiago ari da kostatzen bigarren adierazle hori makurtzea, azken hilabeteetan beheranzko joera orokorra izan arren. Edonola ere, eta dena esaten hasita, iaz inflazio osoa aintzat hartu ez bazuen ere, aise estali zuen deflatazioak azpiko inflazioaren batezbestekoa.

Zerga bilketa handitzen

Neurriaren eragina zalantzan jar dezakeen beste argudioa, baina, zerga bilketa da. Ez alferrik, prezioen garestitzeak eta lan merkatuaren bolada onak bultzatuta, uste baino diru gehiago ari baita sartzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen kutxetan. Eta marka guztiak hausteko bidean da bilketa bigarren urtez jarraian: uztailera bitarte, 10.080 milioi euro bildu dituzte ogasunek denera, duela urtebete baino %7,3 gehiago da hori. Eta iazko urrian aurreikusi zuten aurten urte osoan 18.072 milioi bilduko zituztela aurten, hau da, 2022an baino %5,5 gehiago.

Emaitza positiboekin itxi dituzte ogasunek aurtengo errenta kanpainak ere. Are gehiago, nabarmen handitu dute zerga horren bidez bildutakoa: 3.913 milioi euro izan dira, iaz baino %8,4 gehiago. Aurtengo bilketa osoaren ia %39 da hori, gainera. Ezin esan daiteke, beraz, deflatazioak bereziki kalte egin dionik zerga bilketari. Ez, behintzat, PFEZ zergari. Jaurlaritzak kalkulatu zuen zerga aringarrien bidez iaz 250 milioi euro geratu zirela bildu gabe. Aurten, ordea, bildu gabeko kopuru hori ez litzateke ehun milioira iritsiko.

Fiskalitatea eztabaidagai

Deflatazioaren neurriak, halere, hasieratik eragin du desadostasuna, eta haustura txiki bat ere ekarri zuen gobernu bazkideen artean. Izan ere, neurria iragartzeko orduan jada, PSE-EEk deflatazio handiagoa galdegin zuen. Aldundiek argudiatu zuten, ordea, nahikoa zela deflatazioa %2 izatea. Batetik, ez zekitelako zein izango den urteko batezbestekoa; eta, bestetik, aurreikusten zutelako azpiko inflazioa %3ra jaitsiko dela urte amaierarako. Erabakia berrikusteko prest azaldu ziren agintariak orduan, baina iaz ez bezala, aurten ez dute deflatazioa handitu.

Oposizioak ere hasieratik kritikatu du neurria. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu zuten neurria «erregresiboa» dela, ez duelako zerga sistemaren progresibotasuna aintzat hartzen —deflatazioa atxikipen taula guztietan neurri berean aplikatzen da—. Horregatik, pauso bat harago eman eta zerga sistema aldatzeko eskatu zieten EAJri eta PSE-EEri. PPk, berriz, zergak jaistea eskatu zuen.

Bada, zerga sistemaren inguruko eztabaida mahai gainean egongo da ikasturte berrian. Eztabaida horri sarri uko egin badiote ere, zerga sistemaz hausnartzeko konpromisoa agertu baitzuten EAJk eta PSE-EEk urte hasieran. Bozen osterako utzi zituzten lanak, dena den. Batzar nagusiak eta aldundiak eratuta, ikustekodago noiz eta nola egikarituko dituzten asmo horiek. ikusteko dago, halaber, ate joka diren hauteskundeek zenbateraino baldintzatuko duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.