Euro 7: malgutu edo atzeratu

Autoen kutsadura murrizteko araua oztopo ugari izaten ari da onartua izateko bidean. Autogileak ez ezik, zenbait herrialde ere aurka azaldu dira, beren industriari kalte egingo liokeelakoan

2035etik aurrera CO2a isurtzen duen autorik ezingo da matrikulatu Europako Batasunean, baina, Euro 7rekin, kutsadura aurretik gutxitu nahi du EBk. NEIL HALL / EFE.
aitor biain
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Aurka ditu auto ekoizle nagusiak eta sektoreko gainerako ordezkariak; eta aurka ditu, halaber, autoak ekoizten dituzten Europako Batasuneko herrialdeak. Errekuntza motorren isurketak gutxitzea helburu duen Euro 7 araua oztopo ugari izaten ari da onartua izateko bidean. Ez zen kontrakorik espero, autoaren industriak hasieratik hartu baitzuen gogo txarrez. Baina bereziki indarra egiten ari da orain, helburuak arindu daitezen edota indarrean sartzeko epea atzeratu dadin.

Behar baino beranduago aurkeztu zuen Europako Batzordeak bere proposamena, iazko azaroan, eta orain Europako Parlamentuan ari dira eztabaidatzen. Tarteko helmuga bat izan nahi du arauak, errekuntza motorreko autoak saltzeko debekua 2035ean indarrean sartu baino lehen. Gaur egun indarrean dagoen Euro 6 araua ordezkatuko du, ibilgailuen kutsadura apaltzeko bidean koska bat estutuz.

Bi dira Euro 7 arauak jasotzen dituen berrikuntza nagusiak. Batetik, arauak ez du ezartzen ibilgailu edota erregai motaren araberako mugarik; aitzitik, muga orokor bat proposatzen du guztientzat. Eta, bestetik, motorraren isurketekin loturarik ez duten beste kutsadura batzuk ere erregulatuko ditu lehen aldiz: pneumatikoena eta balaztek eragindakoena, adibidez. Izan ere, ibilgailu guztiei eragingo die arauak, baita auto elektrikoei ere.

Diru gehiago

Autoaren industriaren iritziz, ez dago beharrik kutsadura muga horiek ordezkatzeko, jakinda helmuga nagusia 2035. urtean ezarria duela jada Bruselak. Urte horretan jarriko baita indarrean atmosferara CO2-a isurtzen duten auto berriak saltzeko debekua. Sektorea data horri begira dago lanean, iparrorratza elektrifikazioan jarrita.

Tarteko helmuga hori, beraz, beste mugarri bat litzateke eraldaketa betean den sektore horrentzat. Beste aldaketa handi bat, dirutza eskatuko duena. Izan ere, egungo autoak egokitzea eskatu du araudi berriak, ezarritako helburuak bete ahal izateko. Eta egokitzapen hori urtebeteko epean egin beharko litzateke, gainera, Bruselak 2025ean indarrean nahi baitu Euro 7 araua.

Sektoreak argudiatu du arau berrira egokitzeko kostua handiagoa izango dela ingurumenean eragingo duen hobekuntza baino; eta fabrikatzaileei ez baizik kontsumitzaileei eragingo diela horrek, ekoizpena garestitzeak autoak garestituko dituelako.

ACEA Ibilgailuen Fabrikazioaren Europako Elkarteak aditzera eman duenez, diesel autoak 2.629 euro garestituko dira batez beste, eta gasolina autoak, berriz, 1.862 euro inguru. Kamioiak, bestalde, 11.707 euro garestituko dira. Europako Batzordeak kalkulatutakoa halako bost edo hamar da hori. Bada, autogintzako Europako patronalaren hitzetan, arriskutsua da hori sektorearentzat. Izan ere, datozen urteetan errekuntza motorreko autoen salmentak gutxituz joango direnez, kostu gehigarri hori ekoizleen bizkar geratuko da oso-osorik, eta, ondorioz, ezingo dute diru hori auto elektriko berriak garatzeko erabili.

Elkartearen iritziz, gainera, bereziki auto txikiei eragingo die arau berriak, isuriak gutxitzeko katalizatzailerik ez dutelako gaur egun, ibilgailu handiez bestera. Eta, hain zuzen ere, argudio horrek batu ditu Batasuneko zortzi herrialde Euro 7 arauaren aurkako gurutzadan: Frantzia, Italia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Errumania, Eslovakia, Polonia eta Bulgaria.

Autogintzaren industriak pisu handia du herrialde horietan; besteak beste, Renault, Stellantis (Peugeot, Citroen, Fiat... ) eta Volkswagen etxeetako autoak eta osagaiak ekoizten dituzte, eta badakite autoen salneurria garestitzeak kalte egin diezaiokeela ekoizpenari eta, ondorioz, enpleguari. Ohartarazpen hori bera egin zuen Maria Txibite Nafarroako presidenteak iragan apirilean, hain justu. Landabenen izan ditzakeen ondorioez arduratuta, araua bi urtez atzeratzeko eskatu zion Europako Batzordeari.

Alemania eta Espainia ez dira arauaren aurkako taldera batu oraingoz. Hala ere, ez da ahaztu behar Berlin gai izan zela Batzordearen erabakian eragin eta erregai sintetikoak debekutik salbuesteko. Madrilek ere ez du bere jarrera argitu, baina Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako jarduneko ministroak adierazi du araua aplikatzeko egutegiak «egingarria» izan behar duela sektorearentzat, eta uste du ezinbestekoa dela «ahalik eta azkarren akordio bat lortzea».

Europako Parlamentuak urte amaieran bozkatuko du neurria, baina gaur-gaurkoz zatiketa handia dago alderdien artean, irizpideak malgutzea nahi dutenen eta ingurumena babesteko politiketan atzerapausorik nahi ez dutenen artean. Izan ere, zeinbat talde ekologistak ohartarazi dute neurria ez onartzeak kalte egingo diela hirien kutsadurari eta hura arnasten duten herritarrei.

Ikusteko dago, beraz, proposamena bere hartan onartuko duten ala ez. Aukera guztiak mahai gainean daude, dena den, baita araua ez onartzearena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.