Etxeak berritzeko Europako Funtsa osa dezala eskatu dio eraikuntzak Jaurlaritzari

Diru laguntzak hain goiz agortu izanak lan asko kolokan utzi dituela ohartarazi dute sektoreko eragileek. 130 milioi euro bideratu zituen, eta oso motz gelditu dira

Eraikin bateko fatxada birgaitzeko lanak, Deustu Bilboko auzoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eraikuntza sektore osoak etxeak zaharberritzeko diru laguntzak handitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Ekainaren 19an Etxebizitza Sailak Europako Funtsetatik bideraturiko dirua eskatzeko leihatila itxi zuen, eta sektorea ezustean harrapatu zuen. Eraikuntzako eragileen arabera, eskaera pila bat gelditu dira bidean, eta publikoki eskatu dute Jaurlaritzak aurrekontuetatik dirua bideratu dezala horiek asetzeko. Ez dute kopuru zehatzik eman, baina ulertarazi dute agian Europatik iritsitakoa halako hiru beharko litzatekeela.

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko eraikuntza patronalek duela bi aste egin zuten eskaera, eta atzo, besteak beste, hiru lurraldeetako aparejadore elkargoak, Hego Euskal Herriko arkitektoen elkartea eta Bizkaiko finka administratzaileen zein ingeniarien elkartea gehitu zitzaizkien. Eraikuntza sektore osoa elkartu da bultza egin eta Jaurlaritzari txorrota ireki dezala eskatzeko. Ireki bainoago, ez dezala itxi erregutu zioten Bilbon eginiko agerraldi bateratuan, dagoen «gizarte eskaera zabalari» erantzun eta laguntzen etenak sor ditzakeen kalteak eragozteko.

Eusko Jaurlaritzak 130 milioi euro bideratu zituen eraikinak zaharberritzeko, Europako Funtsetatik jasotako diruaren %7. Etxeen eraginkortasun energetikoa hobetu eta eraikuntza sektorearentzako lankarga ziurtatzeko neurria zen. Jaurlaritzak, baina, ekainaren 19an itxi zuen eskaerak jasotzeko leihatila, onarturiko 15.600 egitasmoei erantzuteko diru poltsa osoa beharko zuela argudiatuz. Dagoeneko 59,8 milioi euroren eskaerak onartuak ditu, eta ziurtzat jo du aztertzeke dituen egitasmoekin beste 70ak banatuko dituela. Alegia, jasotako dirua agortu dela. Espero baino goizago agortu ere, eraikuntza sektoreak zehaztu zuenez, hasiera batean 2026ra arteko proiektuak finantzatzea aurreikusten zelako.

Baina zenbat diru gehiago beharko litzateke? Pablo Abascal Bizkaiko Finken Administratzaileen Elkargoko presidenteak esan zuen emandakoa halako hiru beharko litzakeela —hura izan zen bozeramailea agerraldian—, baina gero zehaztu zuen bere kasa eginiko kalkulu bizkor bat zela. Dena den, badirudi aurreko poltsa pixka bat osatzea baino askoz gehiago nahi duela sektoreak.

40.000 euro arteko kaltea

Jendaurreko eskaera ofiziala izan zen, baina, Abascalek zehaztu zuenez, dagoeneko hartu-emanetan dago Mario Ioldi Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarekin. Hark jakinarazi zion Espainiako erkidego autonomoetan erabiltzen ez den dirua berriz banatuko dela, eta hortik funts gehiago jasotzea espero duela Jaurlaritzak. Esaterako, Kantabrian zaharberritzeko funtseko diruaren %6 adjudikatu dute bakarrik, eta Asturiasen %7. Sektoreak, baina, harago doan konpromiso bat nahidu, eta birbanaketa horri itxaron gabe poltsa bete dadila.

Abascalek emaniko datuen arabera, hainbat etxetako auzokideek 40.000 euro arteko inbertsioak egin dituzte diru laguntzak lortzeko beharrezkoak diren txostenak osatzeko eta haiek gal ditzakete. Era berean, nabarmendu zuen etxeen zaharberritzeetan inbertituriko diruaren zati handi bat zergen bidetik itzultzen dela kutxa publikoetara, lan eremu asko aktibatzen dituelako.

Nafarroan, lasai

Nafarroako egoera ez da hain muturrekoa, baina eskaera erritmoa bizkor doa. Etxebizitza Sailak 6.169 etxebizitza zaharberritzeko eskaerak onartu ditu, eta espero du 8.000 ingurura iristea. Ana Bretaña Etxebizitza zuzendariak azaldu duenez, Europako Funtsetako 19,1 milioi euro gelditzen dira banatzeke, eta Nafarroako Gobernuak beste 10 gehitu ditu. Nafarroak 61,4 milioi jaso zituen guztira Europako Funtsetatik etxeak zaharberritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.