Erregaien deskontua desagertzeak inflazioa handitu du Hegoaldean

Oinarrizko produktu batzuei BEZa kentzeak eta beste batzuei gutxitzeak ez du eragotzi elikagaien garestitzea %15,4ra iristea. Argindarra eta gasa duela urtebete baino %18,5 merkeago daude

Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Udan hasitako beheranzko joera eten du inflazioak. Uztailean %10,7ra heldu ondoren, %5,6raino apaldu zen abenduan, baina urtarrilean berriro egin du gora: prezioak duela urtebete baino %5,8 handiagoak dira, INEren arabera. Egutegiaren efektuaren ondorio da —iazko urtarrilean ere apalagoa izan zen—, baina batez ere erregaiaren gaineko deskontuaren amaierarena. Gorantz egin du elikagaien inflazioak ere.

Urte hasierarekin batera, Espainiako Gobernuak kendu egin zuen apirilaz geroztik gasolioari eta gasolinari ezarritako hogei zentimoko deskontua. Horri batu behar zaio erregaiaren beraren prezioa pixka bat handitu zela urtarrilean. Abenduan, batez beste, 1,629 euroan salerosi zen gasolina litroa Hego Euskal Herrian —eta horri hogei eta 25 zentimo artean kendu behar zaizkio, gasolindegiaren arabera—, eta 1,666 euroan, berriz, aurtengo urtarrilean. Gasolioaren kasuan, aldea pixka bat txikiagoa da: 1,707 eurotik 1,713ra.

Horrenbestez, jauzi handia egin du erregaiei dagokien inflazioak: abenduan urtebete lehenago baino %6,2 garestiago zeuden erregaiak, baina urtarrilean %12,5era igo da aldea.

Elikagaiek ere ez dute lagundu inflazioa jaisteko borrokan. Oinarrizko elikagai askori BEZa kendu die Espainiako Gobernuak sei hilabetez, eta beste batzuei %10etik %4era jaitsi die, baina jaitsiera hori ez da erabat islatu erosketa saskian. Ondorioz, elikagaien inflazioak hamarren bat egin du gora urtarrilean, %15,3raino, eta eten egin du aurreko bi hilabeteetan izandako moteltzea.

Urtarrilean ere azukrea izan da gehien garestitu den produktua, %68,4 igo da bere prezioa azken urtean. Gehien garestitu diren artean daude esnea (+%33,4), olioak eta koipeak (+%32,9), ogia (+%29,7), zerealak (+%23,1) eta esnekiak (+%21,4).

Haragien artean, txerrikia (+%14,2), ahatekia (+%13,7) eta behikia (+%12,7) garestitu dira gehien. Berritasuna da ardikiaren prezioa ere handitzen ari dela (+%10,5), aspaldiko partez.

Argindarra, merkeago

Argindarraren eta gasaren prezioak, ordea, beheranzko bidean jarraitu du. INEren arabera, energia horien prezioa neurtzen duen atalak (etxeetako berokuntza, argiztapena eta ura) beste koska bat egin du behera: abenduan %10,4 ari ziren merkatzen, eta urtarrilean jada %18,5 dira.

Behera egiteko itxura ez duena, ordea, azpiko inflazioa da, hau da, erregaiak eta elikagaiak aintzat hartzen ez dituena (aldakorrak izan ohi direlako). %6,7tik %7,3ra egin du jauzi, eta handiena da Euskal Herrian euroa erabiltzen denetik. Azpiko inflazioa hain handia izateak erakusten du energian hasitako eta elikagaietara igarotako inflazioa jarduera ekonomikoaren beste ataletara ere hedatu dela. Azpiko inflazioari begira ari da orain Europako Banku Zentrala, eta, jaisten ari ez denez, bere interes tasak handitzeko asmoa dauka hurrengo bileretan ere. Horrek jarraitu egingo du hipotekak eta herritarrek eta enpresek ordaindu behar dituzten maileguak garestitzen.

ELA: «Gero eta pobreagoa»

Azpiko inflazioari erreparatu dio ELAk: «Etengabeko igoerak erakusten du enpresak kostuen igoera produktuen eta zerbitzuen azken salneurrira eramaten ari direla. Enpresak egoera aprobetxatzen ari dira etekinak handitzeko». Sindikatuak gogoratu du soldatak ez direla inflazioa adina eguneratzen ari. «Langile klaseak, bere errentaren zati handiena oinarrizko produktuetara eta etxebizitzara bideratzen duenak, bere erosteko ahalmena murrizten du, eta gero eta pobreagoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.