EAJ ez dago oparitarako, edo hala dirudi behintzat. Espainiako Gobernuari lan erreformaren aldeko bozak lortzeko epea amaitzen ari zaio, eta jeltzaleek ez dute asmorik beren eskaeretan beherapenik egiteko. «Une honetan gure boza ezezko biribila litzateke», onartu zuen atzo Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak. «Hitz egin dugu haiekin, baina oraindik ez dugu aurrera egin», gehitu zuen. Jeltzaleen eskakizunak ezagunak dira: autonomia eta lurralde mailako lan hitzarmenen lehentasuna eta bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentzia «arin» egin dadila.
Lan erreformaren bozketa egiteko atzerako kontua hasia da. Muga otsailaren 7a da, baina, Madrilgo hedabideetanzabaldu denez, 3an bozkatuko da, hurrengo asteko ostegunean. Espainiako Gobernuak aldeko 155 boz ziurtatuta ditu, PSOE eta Unidas Podemosenak, baina 176 behar ditu. Bide horretan EAJ eta ERC limurtzen saiatzen ari da. Sei eta hamahiru eserleku dituzte hurrenez hurren, eta, haien baiezkoarekin, erreforma onartua izango luke pisu txikiagoko bazkide batzuk lotuak ditu dagoeneko. Ciudadanos alderdi eskuindarrak ere bere bederatzi bozak eskaini dizkio erreformaren testua ez aldatzearen truke, baina Espainiako Gobernuak, oraingoz, ez du bide hori urratu nahi, Kongresuan dituen aliatuak ez haserretzeko.
Nazionalisten babesa lortzea, baina,pentsa zitekeen baino gehiago kostatzen ari zaio. Bere garaian, EAJk eta ERCk gobernuko inbestidura babestu zuten, baina lan erreformaren aldeko baietzari baldintzak jarri dizkiote. Estebanek Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan zehaztu zuenez, erreforma urgentziazko lege dekretu moduan bozkatzea nahiko luke, alderdiek aldaketak erantsi ahal izateko. Izan ere, Espainiako Gobernuari gogoratu zion sindikatuen eta patronalaren adostasuna garrantzitsua dela, baina legeak Kongresuan erabakitzen direla.
Korapiloaren lehen haria tokian tokiko lan itunen lehentasuna da, eta estatus hori legalki blindatzea salaketen aurrean. Estebanek ez du ulertzen nola katramilatu den hainbeste auzi hori, besteak beste Espainiako sindikatu eta enpresariekin hitz egindakoa baita. Argitu zuenez, CCOOk ez luke trabarik jarriko, eta UGTk uxatuak ditu hasieran zituen zalantzak. CEOE Espainiako enpresarien elkartean legoke oztopoa, beraz, esana baitute erreformaren testua aldatzen bada ez dutela babestuko. Estebanek adorea eskatu zion Pedro Sanchez Espainiako presidenteari: «Eta kexatzen badira, zer? Egun bateko zarata eta bale. Kexa hori aitzakia hutsa da».
CEOEren jarreraren inguruan ere zehaztasunak egin zituen Estebanek: «Haiekin hitz eginikoak gara, eta ez diote garrantzirik ematen tokian tokiko lan itunen lehentasunari. Agian, enpresari elkarte batzuk aurka agertu daitezke, Madrilgoa-eta, baina CEOEko buruek esan ziguten puntu hori gero politikariek aldatzen bazuten ez ziotela garrantzia emango». EAJko bozeramailearen ustez Europako Batzordeak ere ez luke oztoporik jarriko. Horiek hala, ez ditu ulertzen gobernuak aldaketa hori onartzeko dituen arazoak: «Gogorra litzateke itxura kontu bategatik lege hain garrantzitsu bat blokeatzea».
Eta aurrerago?
El País Espainiako kazetak atzo argitaratu zuenez, Pedro Sanchezek eskatu dio Yolanda Diaz Enplegu ministroari erreforma ukitu gabe konpromiso batzuk hitzartu ditzala EAJrekin eta ERCrekin aurrerago aldaketak egiteko, eta gero horiek onargarriak izatea CEOErentzat. Informazio horien arabera, gobernuak bozketaren ondoren ere erreforma aldatzeko moduren bat izango luke. Ikusi behar balizko promesa hori nahikoa den EAJren irmotasuna leuntzeko.
Korapiloko bigarren hari muturra bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentzia da, eta gai horretan EAJ da Espainiako Gobernuari presio egiten diona, eskualdatzea iaztik onartuta baitago. «Arin egin ezean, EAJk ez du lan erreforma onartuko», nabarmendu zuen Estebanek. Auzi horren inguruan epelkeriarik gabe mintzatu zen: «Noiz den arin? Hurrengo astean edo, luze jota, otsaileko lehen astean».
EAJk irmo jarraitzen du, eta ez ditu arindu lan erreforma onartzeko eskakizunak
Tokian tokiko lan itunen lehentasuna eta bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentzia «arin» lortu ezean, ez dute babestuko. Estebanek abstentzioa baztertu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu