Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk berritu egin dute duela bost urte bi gobernuen artean sinatutako lankidetza hitzarmena. Atzo sinatu zuten protokoloa, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, bi gobernuetako hainbat sailburuk eta kontseilarik lagunduta. «Leialtasun instituzionaletik» elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu zuten bi lehendakariek, eta lankidetzaren bitartez Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrei «zerbitzu hobeak» eskaintzeko konpromisoa berretsi zuten. Akordio berriak «zabaldu» eta «eguneratu» egiten du 2016an bi gobernuek sinatutakoa, eta bi erkidegoen arteko lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu bost esparrutan. Zehazki, ekonomiari, arlo sozial eta ekonomikoari, esparru administratiboari, azpiegiturei eta teknologiei eragiten die lankidetza akordioak.
Sinadura ekitaldiaren ostean, Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak Nafarroarekin duten lotura azpimarratu zuen Urkulluk komunikabideen aurrean. Adierazi zuen lurraldeen arteko harremana «berezia» dela eta lotura «historiko, linguistiko eta sozioekonomikoak» dituztela, eta hitzarmenarekin erronka globalei erantzun nahi dietela: «Pandemiak erakusten du erronkak globalak direla, eta beharrezkoa dela esperientziak partekatzea eta trukatzea, elkarrekin ikastea, lankidetzatik erantzuteko».
Txibitek ere Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu zuen, «herritar guztien onerako delako». Haren hitzetan, bi erkidegoen arteko loturak «historikoak eta familiarrak» dira, eta garrantzitsua da «adiskidetasun eta auzotasun» harremanei eustea.
Nafarroaren eta EAEren arteko hitzarmenak elkarlanerako 29 arlo biltzen ditu. Arlo bakoitzean adostuko diren berariazko hitzarmenek garatuko dute ituna. Atzo sinatutako dokumentuan lankidetza arlo berriak sartu dira, eta lehendik zeudenak neurri berriekin eguneratu. Besteak beste,migrazio politiketan mekanismo espezifikoak zehaztu dituzte, eta bi gobernuek bat egin dute beren lurraldera iristen diren migratzaile guztiei «harrera egokia» emateko helburuarekin. Horretarako,«kulturen arteko bizikidetza eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka hobetzeko mekanismoak» sustatuko dituztela zehaztu dute dokumentuan.
Aniztasunarekin lotutako akordioa ere jaso dute hitzarmenean, eta bertan nabarmendu dute «LGTBI+ kolektiboetako pertsonen eskubideak bermatzeko konpromisoa» hartzen dutela; besteak beste, bi gobernuek esperientziak eta sentsibilizazio kanpainak partekatuko dituzte. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean eta emakumeen aurkako indarkeriaren atalean ere elkarrekin jarduteko neurriak zehaztu dituzte protokoloan. Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarduera protokolo bat diseinatuko dute koordinatu ahal izateko harrera baliabideak, arreta integraleko zerbitzuak eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak artatzen dituzten beste zerbitzuak. Era horretan, modua izango dute berdintasun alorreko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak elkarrekin antolatzeko.
Gizarte zerbitzuen arloan, berriz, bi gobernuek erabaki dute akordio bat bultzatzea mugakide diren eremuetan bizi eta menpekotasunen bat duten pertsonek itundutako zerbitzuak edo zerbitzuari lotutako prestazioak jaso ahal izateko, mugakide den lurraldean erroldatuta egoteko beharrik gabe.
2030 Agendak ere toki bat du protokoloan. Besteak beste, bi gobernuek konpromisoa hartu dute agenda horretan zehaztutako xedeak politika publikoen diseinuan txertatzeko.
Elkarlana berritu dute
Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Txibitek eta Urkulluk. 29 esparrutan erdietsi dituzte akordioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu