Soilik Espainiako sindikatu nagusien babesa lortu du Icetaren proposamenak

Arlo publikoan behin-behinekotasuna murrizteko proposamenari baiezkoa eman diote CCOOk, UGTk eta CSIFek. ELAren ustez, akordioa «oso larria da»

Miquel Iceta, sindikatuekin lortutako akordioa sinatzen atzo, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE.
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Administrazio publiko desberdinetan behin-behinean urteak daramatzaten ehunka mila langileren etorkizuna baldintzatuko duen proposamenarentzat arloko sindikatu nagusien —CCOOren, UGTren eta CSIFen— babesa lortu du Miquel Icetak, Funtzio Publikoko Espainiak ministroak.

Akordioaren arabera, hiru urtetik gorako epean behin-behinean betetako egiturazko lanpostuak eskaintza publikora aterakodira. 300.000 lanposturen kopurua aipatu du Espainiako Gobernuak, nahiz eta sindikatuek askoz ere gehiago direla esan izan duten. Oposizio horietan konkurtso faseari %40ko balioa emango zaio, eta hor gehienbat esperientzia hartuko da aintzat, hots, bitarteko langileek puntu gehiago izango dituzte.

Oposizioan plazarik lortzen ez duten bitarteko beharginek lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, hamabi hilabeteko soldata gehienera; eta, era berean, lan poltsetan sartuko dira.

Asmoa da ere Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren erreforma bultzatzea, batez ere gehieneko hiru urteko muga jartzeko hutsik dauden plazak behin-behinean betetzeari.

Errege lege dekretua

Icetaren asmoa da proposamena gaur errege lege dekretu bihurtzea Ministroen Kontseiluan. Eta, hala, beste prozedurarik gabe, hilabete baten buruan bozkatuko dute hura onartu ala ez Kongresuko diputazio iraunkorrean, udako oporraldiaren ondorioz saiorik ez dagoelako. Ministerioaren arabera, presazkoa da aldaketa hauek onartzea, Europako Batzordeak ezarritako epeak bete behar direlako.

Akordioak, hala ere, ez du jaso bileran zeuden ELAren eta CIGen babesik. «Guk ezezko biribila eman diogu», azaldu du Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako arduradunak. Haren ustez, akordioa «oso larria da; milaka langile publikoren lanpostuak daude jokoan». Mobilizatzen jarraituko dutela esan du, eta funtzio publikoko azken greban parte hartu zuten aldeekin eta beste kolektiboekin hitz egiten ari direla. Madrilen adostutakoak ez du jasotzen bitarteko gisa jardun diren langileentzako aparteko eskaintza berezirik. Eta horrez gain, ELAren ustez, plazarik lortzen ez duten langileentzako kalte ordainak ez daude ziurtatuta, plazari lotuta daudelako, eta zaila izango delako horiek eskatzea hezkuntzan edota osasungintzan hainbat plazatan aritu eta bata bestearen atzetik kontratuak pilatuz joan diren langileentzat.

Babesetan murritz

Arazorik handiena, hala ere, birjartze tasek hor jarraituko dutela da, eta ondorioz, eskainiko diren lanpostuen kopurua ezartzeko eskumena Madrilek izaten jarraituko duela. Hori da ELAren ezezkorako arrazoi nagusia.

Eta erkidego askoren ezetzarena ere. Joan den ostegunean erkidegoen babesik ez zuen lortu Icetak, horretarako deitu zen Sektore Konferentziara. Eusko Jaurlaritzak iritzi zion birjartze tasekin eta kontratuen iraupena hiru urtera mugatzearekin «euskal administrazioek beren funtzio publikoa antolatzeko duten eskumenaren inbasioa areagotzen» duela Espainiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.