Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota du Sorzabalen aurkako euroagindua

Lehen aldia da Parisek tortura kasu batengatik euroagindu bat atzera botatzen duena. Prokuradoreak sinesgarritasuna eman die torturei

Sorzabalek jasandako torturak salatzeko agerraldi bat, 2002an. JON URBE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaturiko euroagindu bat: laugarrena. Euskal presoak Espainian jasandako torturak salatu zituen euroagindua aztertzeko auzi saioan, azaroaren 17an, eta prokuradoreak sinesgarritasuna eman zion Sorzabalen testigantzari. Bertzeak bertze, argudiatu zuen bazegoela« zalantza nahikoa deklarazioak lortzeko atxiloketaz». Orain, tortura salaketa horiek oinarritzat hartuta, euroagindu eskaera atzera botatzea erabaki du auzitegiak. Tortura kasu batengatik Parisek euroagindu bat ukatzen duen lehen aldia da. Espainiak Sorzabalen kontra egin duen laugarren euroagindu eskaera da gibelera bota berri dutena; aitzineko hirurak onartu egin zituen Frantziako justiziak. Euskal presoaren tortura salaketak izan dira eskaera bakoitzaren erdigunean; baina orain arte auzitegiak ez zituen kontuan hartu.

Izan ere, defentsak behin baino gehiagotan salatu izan du Sorzabalek torturapean egin zituela adierazpenak. Serge Portelli abokatuak torturaren gaia plazaratu zuen, esaterako, ekainean, Iratxe Sorzabalen kontrako euroagindu eskaera Parisko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberan aztertu zutenean. Espainiako justiziaren errealitatea azaleratu zuen orduan. «Botere judizialaren eta polizialaren arteko konplizitatea esplikatu du, eta badela garaia Frantziako justizia horretan sar dadin», azaldu zuen Xantiana Cachenault abokatuak.

Zazpi urteko zigorra

2015ean atxilotu zuten Sorzabal, Baigorrin (Nafarroa Beherea), David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Floresekin batera. Sorzabali eta Plari ETAren aparatu politikoko arduradunak izatea egozten zien Espainiak orduan; epaiketan, ordea, ETAko kide gisa zigortu zituzten biak, ez haren zuzendaritzakide moduan. Sorzabali zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Frantziako justiziak, 2019an.

Espainiako euroagindu eskaerak gibelera botatzea ez da ohikoa Frantziako justizian, oro har. Joan den uztailean egin zuen azkenekoz: Josu Urrutikoetxearen Barajasko auziko euroagindu eskaera atzera bota zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.