Gaur zortzi, manifestu bat aurkeztu zuen kazetari euskaldun talde batek, hurrengo Eusko Jaurlaritzan arduradun elebidunak izenda ditzatela eskatzeko. 400 kazetarik sinatu dute agiria. Gaur aukeratuko dute Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari, eta egunotan jakinaraziko du nor izango diren sailburu datozen lau urteetan. Orduan jakingo da, beraz, zenbat sailburu diren erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai. Lehendakariak kazetarien aldarriari erantzun zein ez, manifestuak mahai gainean jarri du arduradun politikoek izan beharko luketen hizkuntza gaitasunari buruzko eztabaida, sarritan lokaztua. Bi oinarri ezinbesteko ditu eztabaida horrek, baina: batetik, gaitasun kontua dela hizkuntza bakarra edo biak jakitea; bestetik, erakundeetan euskara normalizatzeko funtsezko aldagaia direla arduradun politikoak.
Kazetarien manifestuak askotariko iritziak sortu ditu. Batetik, euskaltzaleen babesa eta atxikimendua, kazetarien agiriarekin bat egiteko sinadura bilketa eta guzti. Bidezko aldarria dela dioten erdaldun batzuen iritziak ere bai. Bestetik, ordea, ezinegona eragin du beste sektore batzuetan, eta irmo jo dute manifestua sinatu dutenen kontra: euskaraz ez dakitenak «diskriminatzea» dakarrela, herritar horien eskubide politikoak ezerezean utzi nahi dituztela, planteamendu «arrazista» dela... Areago, euskararen beraren kontrakoa dela manifestua. Ez dira argudio berriak. Argudio horrek badu bidegabekeria bat: auzia ez da euskaldunak eta erdaldunak, baizik eta elebidunak eta elebakarrak. Gaitasunaren ikuspegitik, okerra baita elkarren parekotzat hartzea bi hizkuntza ofizialak dakizkitenak eta bakarra dakitenak.
Defizita aipatu zuten kazetariek manifestuan, «berdintasun defizita»: ordezkari politikoak elebidunak ez izatea horma dela euskarazko hedabideen jardunean, eta, finean, euskarazko hedabideetara jotzen duten euskaldunentzat. Azken hilabeteotan are gordinago agertu da horma hori, koronabirusarekin lotutako komunikazio instituzionalean erabat gailen izan baita gaztelania.
Azken legealdian, lehendakaria eta sailburuak kontuan hartuta, kazetariek ezin izan diete euskaraz elkarrizketarik egin Jaurlaritzako hamabi arduradun nagusietatik bosti: ez elkarrizketarik, ez esplikazio eskaririk. Ez bada aurrez prestatutako testu bat irakurrita. Beren funtzioa erabat bete ezinik daude euskal kazetariak erkidegoko erakunde nagusian.
Diskriminazioaren argudioak helduleku bat du: datu soziolinguistikoak. Alegia, aintzat hartuta erkidegoan herritarren herenek dakitela euskaraz, ezin dela eskatu erakundeetako arduradun nagusiek jakitea, ez dakien gehiengoa «diskriminatzea» delako. Ez da berdin gertatzen beste ezagutza molde batzuekin. Hara: amaitu berri den legealdiko sailburu guztiek zituzten unibertsitate ikasketak, eta, areago, haietako lau doktoreak dira. Erkidegoko herritarren laurdenek ere ez dituzte unibertsitate ikasketak.
EAEko administrazioak urrats nabarmenak egin ditu azken hamarkadetan euskararen bidean, nahiz eta oraindik hutsune handiak dituen: hutsuneak, batetik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta hutsuneak, bestetik, erakundearen beraren jarduna euskarazkoa izan dadin. Hori da datozen urteetarako erronka: administrazioaren jarduna euskalduntzea. Helburu hori du ezarria Jaurlaritzaren azken euskara planak. Oinarria da herritarren eskubideak bermatzea. «Administrazioak obligazioak dauzka, eta bere langileak dira betebeharrak gorpuzteko tresna». Antzera esan liteke arduradun politikoez. Planak hau dio: «Erakunde ordezkariek normalizazioarekiko konpromiso sendoa eta benetakoa erakutsi behar dute». Konpromisoaren adierazle litzateke ordezkari elebidunak jartzea. Areago orain, administrazioko langileria eraberritzen ari denean, eta langile berri gehien-gehienek euskaraz badakitenean. Aukera handia zabaltzen ari da, eta hori indartzea dagokie arduradun politikoei.
Ezin ukatuzkoa da gizartearen zati batek bere egina duela diskriminazioaren diskurtsoa: Jaurlaritzak 2015ean egindako inkesta batean, laurdenek esan zuten euskararen aldeko neurriek erdaldunak «diskriminatu» egiten dituztela, nahiz eta erdaldunen %8k soilik adierazi zuten «diskriminatuta» sentitu direla inoiz. Azterlan berean, ordea, %90ek adierazi zuten administrazioak bermatu behar dituela herritarren «nahiak» hizkuntza hautuari dagokionez. Helburu hori lortu nahi bada, behar dira sustapenaz haragoko neurriak: beste eskailera maila bat igo behar da. Kartelak euskaraz jartzetik harago, erabiltzeko urratsa behar da. Hori da erabilera hauspotzeko bidea. Jaurlaritzak orain du egokiera, eta eredu izateko aukera.
ANALISIA
Diskriminazioa eta sailburu elebidunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu