Uztailera arte, aldundiek iaz baino 1.700 milioi euro gutxiago jaso dituzte

Zerga bilketa %20 jaisten ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina urte amaieran beherakada txikitu egingo dela espero dute aldundiek. Uztailean, zerbitzuak eta industria suspertu egin ziren

Errenta kanpaina luzatu izanak ondorioak izan ditu zerga bilketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Ezohikoa bada ere, aurten bat etorri dira aldundietako ogasunak: hamarren batzuk gorabehera, zerga bilketa %20 jaitsi da hiruretan. Kopuru osoetan, 1.696 milioi gutxiago jaso dituzte urtarriletik uztailera. Urte amaierarako falta diren bost hilabeteetan hobekuntzarik ez balego, 2020ak 3.100 milioi euroren zuloa utziko luke aldundien kutxetan eta, batez ere, Jaurlaritzarenean, hark jasotzen baititu ogasunek bildutako hamar eurotik zazpi. Edonola ere, aldundiek badute itxaropena beherakada azkenean ez dela hain handia izango, errenta kanpaina berezia baita aurtengoa, eta zor batzuen ordainketa udazkenera arte atzeratu baitute.

Asteazkenean hasi zuen dantza Gipuzkoak, %19,9ko jaitsiera izan zuela iragarrita. Ostegunean, iaz baino %19,7 gutxiago bildu zuela aitortu zuen Bizkaiak, eta oso kopuru antzekoa eman zuen atzo Arabak: %20,3. Guztira, 917,6 milioi jaso ditu zergetan urteko lehen zazpi hilabeteetan, aurreko urteko epe berean baino 234,4 milioi gutxiago.

Nafarroak ekainera arteko datuak eman ditu, eta ez dira oso desberdinak: 1.300 milioi jaso ditu, iaz baino 235 gutxiago(-%15,3).

Zerga guzti-guztien bilketa jaitsi da, apur bat gehiago BEZarena eta zeharkako beste zergena (hidrokarburoak, alkohola, tabakoa...); izan ere, itxialdiak eta orduz geroztiko jarduera ekonomiko apalak asko moteldu du kontsumoa.

Beherakada pixka bat apalagoa da zerga zuzenetan, bi arrazoi direla medio: batetik, oso kolpe gogorra hartu duen arren, enplegua ez da artean jarduera ekonomikoa bezainbeste txikitu; bigarrenik, sozietate zergak aurreko urteko irabaziak zergapetzen ditu, eta ez aurtengoak, eta hori gertatzen da errenta eta ondare zergen kanpainarekin ere. Hau da, zerga zuzenetan pentsatzekoa da krisiaren ondorio asko ez direla sumatuko 2021era arte.

Urtearen amaieran bilketaren jaitsiera moteldu egingo dela iradoki du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak: «Jarduera murriztearen eraginak kezkatzen gaitu. Hala ere, zerga bilketaren gutxitzeak ogasunak onartutako zerga atzerapenekin ere badu zerikusia. Horiek joera zuzenduko dute urteko azken hilabeteetan». Zehazki, azarora arte zain daude ogasunak, zergapekoek ordurako kitatu beharko baitituzte beren zorrak. Urte arrunt batean, uztailean da hori egitekoa, eta horrek azaltzen du, hein batean, ekainetik (-%13) uztailera (-%20) bilketa metatuan izan den beherakada.

Industria eta zerbitzuak

Baina bilketan eragin gehien izango duen faktorea jarduera ekonomikoaren bilakaera da. Udan, gutxika bada ere, zerbait berreskuratu dela erakutsi dute INEk atzo emandako datuek. Industriari dagokionez, ekainetik uztailera, suspertzea nabariagoa izan da Nafarroan (+%31,6) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino (+%27,5).

Horrenbestez, industriak itxialdiarekin izandako uzkurtzea arintzen ari da. Apirilean jo zuen goia, produkzioa erdira jaitsi zenean; ekainean, %37an kokatu zen, eta, uztailean, beherakada nabarmen apalagoa izan da:-%9,2 Nafarroan eta -%13,4 beste hiru lurraldeetan. Pentsa daiteke abuztuan hobera egingo dutela zenbakiek, enpresa oso inportante batzuek —Volkswagenek eta Michelinek, esaterako— langile guztiak atera dituztelako aldi baterako erregulaziotik.

Bilakaera agian ez da hain argia izango zerbitzuetan, merkataritza, ostalaritza eta garraioak herren baitabiltza, eta kasu positiboen ugaltzeak kontsumoa murriztuko baitu berriro. Edonola ere, uztailean izan da suspertze bat: %19 Nafarroan eta %24,1 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Betiere INEren arabera, iaz baino %9,4 gutxiago ari dira saltzen Nafarroan, eta %11,4 gutxiago Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.