Hasi da lan gatazka Tubacexen

Enpresak proposatu du 150 behargin kaleratzea Amurrion eta Laudion. Langileek diote zuzendaritzak krisia baliatu nahi duela murrizketak egiteko: «Lanpostuak defendatuko ditugu»

Tubacexeko langile bat lanean, tutugileak Araban duen fabriketako batean. Aldi baterako erregulazioa aplikatu zieten seiehun behargini. BERRIA.
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Tubacexeko lan gatazkak zeresana emango du datozen asteetan. Amurrioko eta Laudioko fabriketan 150 langile kaleratzeko asmoa helarazi zien atzo zuzendaritzak langile batzordeko kideei, baina sindikatuek eta beharginek argi utzi dute beren lanpostuak defendatuko dituztela. Esan du enpresak Araban dituen fabriketan urtean hamar milioi euro aurrezteko beharra duela 2021. urtetik aurrera, eta langileen ordezkariei esan zien kaleratzeak ez diren beste bide batzuk azter daitezkeela helburu hori lortzeko. Beharginen soldatak eta lan baldintzak asko murriztea izan daiteke bat, baina ez dirudi haiek neurri hori onartzeko prest daudenik.

Arabako tutugileak mundu osoan bostehun lagun kaleratzeko asmoa du, bere lantaldearen %20, eta atzo zehaztu zuen horietatik zenbat izango diren Euskal Herrian. Duela hiru hilabete murriztu zituzten zuzendaritzako kideen soldatak, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierra aplikatu zieten Amurrio eta Laudioko seiehun langileri —guztira zortziehun inguru dira—.

Tubacexek, guztira, 25 milioi euro baino gehiago aurreztu nahi ditu 2021ean. Haien arabera, soldadurarik gabeko tutu herdoilgaitzen sektorea, egiten duten produktuarena, krisian dago duela urte batzuetatik, eta horregatik diote erabakia ez duela COVID-19aren krisiak soilik eragin. Enpresak dioenez, azken urteotan merkatuak %50etik gorako beherakada izan du, eta hori are gehiago okertu da petrolioaren prezioak behera egin duelako eta lehia handia delako.

Sindikatuak, borrokara

ELA sindikatuak, ordea, esan du Tubacexek azken urteetan etekinak milioika metatu dituela: «Kezkatzekoa da zuzendaritzak COVID-19aren osasun krisia baliatu nahi izatea era guztietako murrizketak egiteko». Sindikatuak argi utzi du enpresako zuzendaritza aberastu egin dela urte oparoetan, eta orain abagunea baliatu nahi duela lan baldintzei erasateko. Horregatik, borrokara joko duela iragarri zuen.

Horrez gain, ELAk kritikatu egin du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak erakutsitako jarrera; hark herenegun esan zuen Tubacexena oso albiste txarra dela, baina «errealismoz» onartu behar dela. Enpresari kritikarik ez egin izana gaitzetsi du sindikatuak, baita langileekiko elkartasunik adierazi ez izana ere: «Tamalez, sailburua berriz ere patronalaren alde lerratu da». Izan ere, Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko patronaleko presidenteak Tapiarekin bat egin zuen atzo, eta esan zuen enpresek halako neurriak hartzea beste aukerarik ez dutela bizirik irauteko.

TTI-Aceralava enpresako langile batzordearen iritziz ere diskurtso merkea da Tapiarena, eta lanpostuak defendatzeko eskatu diote. Haien ustez, begi bistakoa da enpresaren asmoa dirua irabaztea dela, «euren esfortzuarekin enpresa mundu mailan kokatu duten langileei eta familiei garrantzirik eman gabe». Tubacexen jokabidea harrigarritzat jo dute: «Berriz martxa hartu baino lehen erabaki dute bide erraza hartu eta langileak kaleratzea».

Langileen ordezkariek argi utzi dute ez dutela neurri traumatikorik onartuko: «Egungo hitzarmena betetzeko dago, eta Amurrion eta Laudion lana sortu eta inbertsioak egiteko hitza eman zuen zuzendaritzak».

LAB sindikatuak, berriz, esan zuen Tubacexen kontuen azterketa eginda argi ikusten dela nahiko ona dela enpresaren egoera ekonomikoa, berregituraketa prozesurik gabe langileen etorkizuna bermatzeko modukoa.«Tubacexek lan harremanen eredu berri bat ezarri nahi du, langile merkeak eta malguak kontratatzeko modua emango diona».

Urte hasieran, tutugileak 800 milioi euroren salmentak egitea jarri zion helburutzat bere buruari, baina gauzak erabat aldatu dira. Ekainaren bukaeran, taldeak esan zuen urtea galerekin itxiko duela, baina baita EBITDA positiboari eutsiko diotela ere, «kutxa erre gabe eta funtsezko inbertsioak gelditu gabe». Taldeak finantza egoera ona duela ere gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.