Urkulluren hitzek haserrea eragin dute pentsiodunen mugimenduan

Lehendakariari egotzi diote «gezurretan» ari dela eta «gizartearen gehiengoari» bizkarra eman diola. ELAk uste du Ahal Dugu-koek uko egin dietela beren printzipioei; haiek«errespetua» eskatu dute

Bilboko udaletxearen aurrean pentsiodunek atzo eginiko elkarretaratzea. LUIS TEJIDO / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Giroa berotzen ari da. Geroz eta nabarmenago egiten ari da hilaren 30eko greba orokorraren aldekoen eta aurkakoen arteko aldea. Deitzaileek euren haserrea agertu dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta beste eragile batzuek eginiko kritikengatik. Pentsiodunak mintzatu dira gogorren. Jon Fano Bizkaiko mugimenduko bozeramailearen arabera, «justifikaezinak, nagusikeriazkoak eta sektarioak» dira Urkulluren hitzak. ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, berriz, Ahal Dugu-ri mintzatuzaio. Leporatu dio «bere sorrerako printzipioei uko egitea».

Ahal Dugu-k bere erabakia «errespetatzeko» eskatu du; Andeka Larrea komunikazio idazkariak azaldu du aldarrikapenekin bat datozela —militanteei parte hartzeko askatasuna eman diete—, baina uste dutela ez dela «garairik egokiena» horretarako, eskaera horiek Espainiako gobernu berriak «konpontzeko bidean» jarri dituelako, eta horietako batzuk jasotzen direlako Jaurlaritzarekin eginiko aurrekontu akordioan.

Pentsiodunek ez dute berdin pentsatzen. Astelehenero legez, Bilboko udaletxearen aurrean mobilizatu ziren atzo, eta Espainiako Gobernuak pentsioak %0,9 igotzeko erabakia «barregarritzat» jo zuten. «Tontotzat hartzen gaituzte igoera horrekin pentsio guztien erosteko ahalmena bermatzen dela esanda». Urkulluk ostiralean esandakoak ere gogoratu zituzten, eta «gezurretan» aritzea leporatu zioten. «Guztiz faltsua da [Jaurlaritzak] eskumenik ez duela pentsioen inguruan, diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez osatzen baititu pentsiorik txikienak». Lehendakariari egotzi zioten «enpresari handiekin eta bankariekin» bat egitea, eta «gizartearen gehiengoari —langileei eta pentsiodunei—» bizkarra ematea. Ohartarazi zuten «instituzioetan inkrustatuta» dauden eragileek «neurriz kanpoko kanpaina» bat abiatu dutela grebaren aurka.

1.200 batzorderen babesa

Dagoeneko 1.200 enpresatako langile batzordeek egin dute bat deialdiarekin, ELAk jakinarazi duenez; Lakuntzaren arabera, enpresa handi batzuetan CCOOko eta UGTko kideen babesa ere jaso dute. «Oso zaila da aurka egotea».

ELAko buruzagia «kezkatuta» agertu da Ahal Dugu-koen jarrerarekin. «Alderdi sistemikoak asimilatuak» izaten ari direla uste du. Jaurlaritzaren aurrekontuak babestearen truke «ezer gutxi» lortu dutela azpimarratu du, eta Espainiako Gobernua osatzeko akordioaz, ez duela «konpromiso zehatzik zein espliziturik».

Urkulluk gehiengo sindikaleko ordezkariekin biltzeko eskaerari uko egin izana ere kritikatu du: «Maila demokratiko eskasa erakusten du. Gizarte honen zati batengandik geroz eta urrutiago dago. Ez du arazorik patronalaren bozeramaile lanak egiteko. Arrazoia ematen diotenekin hitz egiten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.