Ez dago eraginik gabeko gerrarik, eta AEBek eta Txinak 2018ko martxoan hasitako gerra komertzialaren eraginak ere gero eta agerikoagoak dira mundu osoan. G20ko herrialdeen kanpo merkataritzaren jarduera %1,9 uzkurtu da aurtengo bigarren hiruhilekoan, eta jaitsiera ez da puntuala, duela urte pasatxo hasi baitzen beherako joera. Munduko hemeretzi ekonomia industrializatuenen kanpo merkataritza fluxua, beraz, 2017. urte amaieratik izandako mailarik apalenean dago. Inportazioek ere behera egin dute hirugarren hilabetez jarraian, %0,9.
Merkataritza gerraren bi protagonistek igarri dituzte kalteak, baina ez dira bakarrak. Txinaren nazioarteko salmentak %5,3 jaitsi dira bigarren hiruhilekoan,eta AEBetakoak, %1,1. Oraintxe hasi dira jaisten esportazioak bi potentzietan, lehen hiruhilekoan igo egin baitzituzten, OCDEren ustez, hain zuzen ere merkataritza gerrarako prestatzeko.
Baina, tartean egon arren, Europako ekonomia ere ari da igartzen esportazioen galga: esportazioak %1,2 apaldu dira bigarren hiruhilekoan, eta inportazioak, %2,3. Eta makalaldi handiena Alemaniak bizi du, Europako motor ekonomikoak, hain zuzen ere ekonomia industrializatuena eta esportatzaileena daukalako eta Donald Trumpen gobernuak mehatxupean daukalako Europako altzairua eta autogintza.
Alemaniako esportazioek %3 egin dute behera, eta inportazioek, %1,7. Jaitsiera leunagoa izan du Frantziak —%0,3 gutxitu ditu esportazioak, eta %0,7 inportazioak—; Italiak eutsi egin die esportazioei, %0,1 handituta, eta %0,6 gutxitu ditu inportazioak.
Eurogunean denak daude Alemaniara begira, haren moteltzeak diru batasuneko ekonomian eragin dezakeen ahulaldiaren beldur. Europako ekonomiarik handiena atzeraldiaren amildegira gerturatzen ari da, %0,1 uzkurtu baita haren BPG barne produktu gordina aurtengo bigarren hiruhilekoan. Moteltzeak dagoeneko badu eragina herrialdeko lan merkatuan: langabe kopuruak gora egin du lau hilabetez jarraian; abuztuan bakarrik, 4.000 langabe gehiago zenbatu zituen Enplegu Agentzia Federalak. Hala ere, Alemaniaren langabezia tasa EBko bigarren apalena da, %3,1ekoa, soilik Txekiar Errepublikaren atzetik (%1,9).
Zigorrak eta elkarrizketak
Italiako esportazioen igoera ñimiñoa kenduta, ez dago kanpo merkataritza hobetu duen EBko beste herrialderik G20an. Aurtengo bigarren hiruhilekoan kanpo merkataritza indartu duten herrialdeak lau dira, Italiaz aparte: Kanada (%6,4), Australia (%6,3), Mexiko (%2,4) eta Japonia (%0,2).
Washingtonen eta Pekinen arteko tentsioak, gainera, ez du baretzeko itxurarik, Txinako Merkataritza Ministerioko bozeramaile Gao Fengoek atzo esan arren «elkarrizketaren alde» egiten duela eta ez duela errepresalia gehiagorekin erantzungo. Dagoeneko jarri dizkiote elkarri nahikoa zigor bi potentziek udazkenean nazioarteko merkataritza are gehiago estutzeko.
AEBek gaur zortzi iragarri zuten Txinako produktu batzuei muga zergak %25etik %30era igoko dizkietela urriaren 1etik aurrera, 250.000 milioi dolarren balioarekin; halaber, datorren igandetik aurrera tarifak, %10etik %15era igoko dizkiete beste hainbat produkturi (300.000 milioi dolar).
Kolpe horri beste muga zerga batzuen igoerarekin erantzun zien Pekinek: %5etik %10era igoko dizkie AEBetako produktu batzuei, 75.000 milioi dolarren balioarekin.
Zigor horiek guztiak mahai gainean jarri eta gero, irailean elkarrekin negoziatzen jarraitzeko asmotan direla adierazi dute bi aldeek. Gerra komertzialaren hasieratik ari dira berbetan, baina egoera okertu baino ez da egin harrezkero. Europa, bitartean, beldur da Txinak 2020rako indarrean nahi duen SCSC Kreditu Sozial Korporatiboen Sistemarekin, uste baitu Txinako merkatuaren ateak itxi daitezkeela Europako enpresa batzuentzat. Merkaturako sarbidea soilik «enpresa fidagarriei» emateko puntu bidezko sistema bat da CSCS.
Gerra komertzialak ia %2 apaldu du G20ko kideen kanpo merkataritza
Txinaren esportazioak %5,2 jaitsi dira bigarren hiruhilekoan, eta AEBenak, %1,1. Eurogunean, batez ere Alemaniako ekonomiari ari zaio kalte egiten nazioarteko merkataritzaren moteltzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu