Aurten ere hegaluzeak ur beroagoen bila alde egin baino lehen beteko dute espeziearen kuota arrantzaleek; %85 baino gehiago arrantzatu dute jada. «Arrantzatzen jarraitzen dugu, eta, dena normal badoa, hilabete amaierarako agortuko dugu kuota», adierazi du Eugenio Elduaienek, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak.
Aurreikuspena besterik ez dela gaineratu du, «itsasoa ez baita matematika». Abuztuaren hasieran plazaratu zituzten azken aurreikuspenak, eta, esan zutenaren arabera, posible zen arrantzaldia aurreko urtean baino lehenago amaitzea —abuztuaren 22an bukatu zen iaz—.
Ez da beteko uste hori, eta, beraz, 2018koak jarraituko du azken urteetako kostera laburrena izaten. Aurrez, 2016ko urrian erregistratu zen hegaluzeak alde egin baino lehenago kuota bete zen aldi bakarra. Normalean, hegaluzea Bizkaiko golkotik gertu arrantzatzen dute urriaren amaiera edo azaroaren hasiera bitartean. Halere, lehenago amaitu arren, egia da hasi ere lehenago hasi dutela arrantza garaia; uraren tenperaturak eta antxoaren suspertzeak lehenago erakarri dute hegaluzea euskal kostaldera.
Elduaienen arabera, hegaluzea «uztailaren erdialdean sartzen zen lehen, eta aurten dagoeneko ekainaren 20aren inguruanarrantzatu dugu». Gainera, kostatik gertu: «Jadanik hiru urte daramatzagu, batez ere azken biak, oso gertu arrantzatzen, beti Bizkaiko golkoaren barruan». Horri esker, gastuetan ere asko aurrezten dute ontziek, gasolio kontsumoa askoz txikiagoa baita.
Oraindik 2.200 tona inguru arrantzatzea falta da aurtengo kostera amaitzeko: guztira 16.620 tona harrapatzeko baimena dute. 15.000 tonako muga zuten iaz, eta horietatik 8.500 deskargatu ziren euskal portuetan; Gipuzkoan nagusiki, Getarian eta Hondarribian. Eboluzioa positiboa da, Elduaienek adierazi duenez: «Azken urteetan kopuru onarekin etortzen ari da arraina, eta jendeak agudo arrantzatzen du».
Oparotasunak eragina du prezioan ere. Batez beste, joan den urtean baino 20-30 zentimo merkeagoa da hegaluze kiloa aurten. Denbora gutxian arrain asko sartzen denez, oso handia da eskaintza ere. Elduaienen ustetan, lehen sektorearen berezko aldagaia da prezioaren gorabehera hori: «Eskaintza handia bada, prezioak behera egiten du, eta, urria bada, berriz, gora».
Kuotaren banaketa
Euskal arrantzaleek aspaldidanik eskatu izan diote Espainiako Gobernuari hegaluzeari dagokion kuota erkidegoka zatitzeko. Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak uste du hausnarketa egin beharko litzatekeela gai horren inguruan: «Denok pastel beretik arrantzatzen dugu, eta horrek arrantzaleak azkar ibiltzera behartzen ditu, atsedenik hartu gabe». Uste du «beste modu batera» arrantzatu ahalko luketela hegalaburraren kasuan bezala zatiketa egingo balute.
Arrazoi nagusia da Kanaria uharteetan, adibidez, lehenago sartu ohi dela atuna, eta, beraz, euskal arrantzaleek kuotaren zati txikiagoarekin konformatu behar izaten dutela.
Datorren astean amaituko da hegaluzearen arrantzaldia
Arrantzatu dezaketen kuotaren %85 gainditu dute arrantzaleek dagoeneko. Azken bi urteetan kostaldetik oso gertu harrapatu dute hegaluzea. 20-30 zentimo txikitu da kiloaren salneurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu