Iraganean autobus elektriko petoaren alde egindako apustua emaitza ezin hobeak ematen ari zaizkio Irizarri orainean. Hiriek kutsadurari aurre egiteko motor garbiak nahi dituzte euren autobus zerbitzuetan, eta, merkatu horretan, Irizar da ondoen kokatuetako bat Europan. Ormaiztegiko (Gipuzkoa) autobus konpainiak bi kontratu eskuratu dituela jakinarazi zuen atzo; bietako bat Espainian jokoan zegoen eskaera handiena da, Madrilgoa; bestea Gasteizkoa da, hori ere mardula zinez, autobusen karga sistemaz eta mantentzeaz Irizar bera arduratuko baita.
Horrela, 33 autobus elektriko dira bi kontratuen artean—20 Madrilerako eta 13 Gasteizerako—. Lehiaketa bietan garaile atera izanak Irizar hazkunde sendoaren bidean doala berretsi du. Kooperatibak iazko azaroaniragarri zuen espero zuela 2018ko fakturazioak %13 gora egitea.700 milioitik gorako salmentak izan dituela esan nahiko luke horrek.
Madrilgo EMTri saldu berri dizkion autobusak iebus modelokoak dira. Aurten bertan entregatuko ditu. Gasteizek, berriz, zero isurpeneko lehen linea erabat elektrikoa ezarriko du autobus berrien bitartez. Irizarrek karga azkarreko sistemekin batera hornituko ditu hamahiru autobusak, guztiak ere interoperableak. Horietako zazpi 18 metroko autobus artikulatuak dira, eta gainerako seiak 12 metrokoak, biak ere Irizar ie tram modelokoak. Yarritu eraikitzailearen eta LKS ingeniaritza enpresaren laguntza izan du azpiegitura osatzeko.
Halaber, kontratuan sartzen da pantografo bidez noiznahi kargatzeko estazio interoperableak instalatzea, ibilbideko bi lekutan; horri esker, autobusak ibilbidean eta lau minutuan kargatu ahal izango dituzte. Gainera, kargagailu adimendunak instalatuko dira kotxetegietan, horiek ere interoperableak; Irizarrek garatu eta hornitutako sistemak dira. Lehen ibilgailuak 2020. urtearen erdialdean entregatuko ditu.
Lehiakide gipuzkoarrak
Gasteizko kontratu horren lehiaketan aritu da autobus elektrikoen beste euskal ekoizlea, CAF; urtarrilerako, ordea, Gasteizko Udalak jakinarazi zuen Irizarren aldi baterako enpresa elkartea aurretik zihoala puntuazioan. Eta, azkenik, lehiaketa irabazi du. Beasaingo tren konpainiak Poloniako Solaris erosi eta gero, bete-betean sartu da autobus elektrikoen merkatuan, eta dagoeneko hainbat kontratu lortu ditu barne merkatuan, Irunen esaterako.
Irizarrek Adunan zabaldutako fabrikan, berriz, jarduerak ez du etenik. Kooperatibak dagoeneko amaitu du Frantzia iparraldeko Amiens hirian linea elektriko oso bat egiteko proiektua. 43 autobus elektriko ari dira lanean, taldeak berak kargarako garatu eta hornitutako azpiegiturekin batera. Egunean zehar, hiriko hainbat gunetan instalatuta dauden pantografoen bidez kargatzen dira autobusak, eta, gaueko kargarako, beste 43 kargagailu adimendun instalatu dira Riveryko kotxetegietan.
Irizar E-mobilityko zuzendari nagusi Hector Olabegogeaskoetxeak esan du «funtsezko proiektu bat» dela Irizar Taldearentzat. «Giltza Eskuraren gisako proiektu bat da, karga azkarreko Europako azpiegiturarik handiena duena. Amiens eskala horretako gure lehen sarea da, diseinuari, fabrikazioari eta karga sistemei dagokienez, eta, zalantzarik gabe, etorkizuneko proiektuetarako erakusleihoa izango da».
Horrez gain, Irizar Taldea 12 metroko hamasei ie tram autobus entregatzen ari da Aix-en-Provence hirirako. Pixka bat gehiago itxaron beharko dute Baionan, irailean baita lanean hastekoa Trambus izeneko zerbitzua, Irizarrek hornitutako 18 metroko ie tram modeloko hamar ibilgailurekin.
Irizarrek hazkunde elektriko bat berretsi du, 33 autobus gehiago salduta
Kooperatibak zero isuriko 20 ibilgailu elektriko saldu ditu Madrilen, eta beste hamahiru Gasteizen. CAFi gailendu zaio Gasteizko eskaera handiaren lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu