Oraingoan ez du funtzionatu. Eusko Legebiltzarraren ezezkoak atzera bota du EH Bilduk aurkeztutako enpresen lekutzea zigortzeko lege proposamena. Koalizio abertzaleak eztabaida behartu nahi izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik alde egiten duten enpresei baldintzak jartzearen inguruan. Besteak beste, azken hamarkadan emandako laguntza publikoa itzularaztea legez arautzea nahi zuen. Elkarrekin Podemosen babesa baino ez du izan ekinaldiak, ordea; Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-EEren alboan lerratu da PP oraingoan, eta ezezkoa gailendu da bozketan.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, «hutsune» bat bete asmo zuen proposamenak. Izan ere, «modan» dago, haren esanetan, enpresen alde egitea: bai ekoizpenari dagokionez, bai erabakiguneei dagokienez. Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kokatzen diren enpresei ematen zaizkien laguntza publikoak arautzea nahi du koalizio abertzaleak; besteak beste, iraunkortasun edo egonaldi «kontratu» baten bitartez. «Zentzuzkoa da proposatzen duguna: enpresei egokitzapenean eta garapenean lagundu nahi diegu, baina gutxieneko hamar urteko iraunkortasun baldintza batekin». Hala, epe barruan ekoizpenaren erdia edo gehiago beste lurralde batzuetara eramaten duten enpresei emandako laguntza publiko guztia itzularaztea nahi du EH Bilduk.
Casanovak gogorarazi du Bizkaiko Batzar Nagusietan antzeko lege bat onartu zutela 2007an. Arau hori gainerako lurraldeetara zabaldua nahi du EH Bilduk. «Indarrean dago, eta inork ez du zalantzan jartzen». Arabak ere gauza bera egin zuen 2016an. Haren ustez, proposamena ez onartzeak bi gauza esan nahi ditzake: «haurren mendeku bat» izan dela, edo «EAJk jarrera ultraliberalak» defendatzen dituela.
Araututa dagoena arautu
Proposamenaren aurka agertu dira Elkarrekin Podemos ez beste alderdi guztiak. EAJk, PSE-EEk eta PPk ziurtatu dute ez dagoela lege beharrik, dagoeneko Europako Batasuneko zenbait arauk eta Jaurlaritzarenak ere zigortzen dituztelako alde egiten dutenak. «Ez du zentzurik dagoeneko arautua dagoena arautzea», nabarmendu du Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak. Enpresek alde egin ez dezaten lan egin beharraz ohartarazi du, ordea.
Jaurlaritzak proposamena ez onartzeko eskatu zien ganberako talde politikoei, esanez lehiakortasunean eragingo zukeela egungo arauditik kanpo hartutako beste edozein neurrik. Gainera, adierazi zuen dagoeneko garatzen ari dela lege proiektu bat gai horren inguruan. Zehazki, administrazioak ematen dituen laguntzak berriro antolatu nahi ditu.
Eusko Legebiltzarrak uko egin dio enpresen lekutzeaz eztabaidatzeari
Ez du tramitatu alde egiten duten enpresei laguntza publikoak itzularaztea eskatzen zuen EH Bilduren lege proposamena. Dagoeneko araututa dagoela argudiatu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu