2012ko lan erreformaren aldaketak adostu dituztela iragarri du CCOOk

Espainiako Gobernuak eta UGTk itunerako oinarria ukatu arren, CEOEk elkarrizketa soziala haustea egotzi die. Ultraaktibitate mugagabea eta sektoreko itunen lehentasuna berreskuratu nahi dituzte

Pepe Alvarez (UGT), Unai Sordo (CCOO), Magdalena Valerio Espainiako Lan ministroa, eta Antonio Garamendi (CEOE), astelehenean, Madrilen. A. GARAMENDI / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Akordioa iritsi ez bada ere, azken mugimenduak erakusten ari dira jarrerak gero eta gertuago daudela Espainiako Gobernuaren eta bi sindikatu nagusien artean. Atzo CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkari Mari Cruz Vicentek iragarri zuen Pedro Sanchezen gobernuak, CCOOk eta UGTk 2012ko lan erreformaren neurri gako batzuk aldatzea adostu dutela, eta CEOE patronala akordiorako oinarritik kanpo geratu dela. Azaldu zuenez, besteak beste, ultraaktibitate mugagabea berreskuratzea eta sektoreko itunak enpresakoen aurretik jartzea adostu dute. Alabaina, ez UGTk ez PSOEren gobernuak ez dute baieztatu akordiorako oinarria adostu dutenik. Erreformaren aldaketa batzuen inguruan «kointzidentzia handiak» daudela aitortu du UGTk, eta «lanean jarraituko dutela» gobernuak, ez besterik.

Patronalak, berriz, ohartarazi du «sorpresaz, suminduraz eta kezkaz» hartu duela CCOOk iragarritako albistea, eta salatu du sindikatuek eta gobernuak hautsi egin dutela elkarrizketa sozialerako mahaia.

CCOOk adostutzat jo ditu neurri gako batzuk: lan hitzarmen kolektiboen ultraaktibitatearen urtebeteko iraupena ezabatzea eta mugagabe bihurtzea berriz ere; sektoreko lan hitzarmenei lehentasuna ematea, eta ez enpresakoei; 52 urtetik gorako langabeek subsidio berezia berreskuratzea; eta azpikontratatutako enpresek sektoreko edo enpresa nagusiaren lan hitzarmena betetzea, besteak beste. Gainera, CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariak gobernuari eskatu dio «berehala» erabiltzeko eskura dauzkan legezko baliabide guztiak neurriak martxan jartzeko.

Aipatutako aldaketen artean bereziki garrantzitsuak dira ultraaktibitateari eta sektoreko lan hitzarmenei dagozkienak. Mariano Rajoyren gobernuak 2012an onartutako erreformaren ondorioz desagertu egin zen ultraaktibitate mugagabea, eta urtebeteko muga ezarri zioten.

EAJ, sintonian

Ordura arte, lan itun baten epea amaitu arren, haren ondorioek mugarik gabe jarraitzen zuten indarrean, beste lan itun bat adostu bitartean. Erreformak urtebetera mugatu zuen ultraaktibitatea, negoziazioetan botere gehiago emanez enpresariei. 2013ko uztailaren 8tik aurrera igarri zen desarautzea Hego Euskal Herrian, bertan behera geratu zirelako lan hitzarmen asko.

Erreformarekin, langileek, negoziazioan enpresaren baldintza berriak onartu ezean, lan itun kolektiboaren babesa galtzen dute urtebetera, eta arriskua daukate estatu mailako gutxieneko baldintzak izateko. Negoziazio kolektiboaren eta lan baldintzen «estatalizazioa» etengabe salatu dute ELAk eta LABek sei urtean.

Erreformaren beste aldaketa gakoa negoziazio esparruen lehentasunarena da. 2012tik, Espainiako lan itunek lehentasuna daukate erkidegoetan eta probintzietan sinatutakoen aurrean. Horien aurretik, enpresako hitzarmenak du balio handiagoa. Halere, ELA kezkatuta dago erreformaren erreformarekin, uste duelako eutsi egingo diotela estatalizazioari. Eta ohartarazi zuen Espainiako lan itunetan soldatak bertakoak baino txikiagoak direnez, «langileen pobrezia» hedatzen duela.

Gobernuak eta sindikatuek lan erreformaren aldaketak adostu arren, Espainiako Kongresuaren gehiengoak babestu beharko ditu. Aukera zaila, ikusirik Sanchez ez dela gai behar adina babes politiko biltzeko 2019ko aurrekontuentzako. EAJk azaldu du, nahiz eta akordioaren eduki zehatzik ez ezagutu, begi onez ikusten dituela ultraaktibitatea eta sektoreko itunen lehentasuna berreskuratzeko eskariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.