'Bateraguneko' defentsak epaiaren baliogabetzea baino ez du aurreikusten

Gorenaren sententzia berraztertzeko helegitea aurkeztu du Iruinek, eta Europaren epaiak bete beharrekoak direla dio. Gorenak ez du eperik erabakia emateko. Indarrean dago Otegiren inhabilitazioa

Arnaldo Otegi, iazko azaroaren 6an, Bruselan, Europako Parlamentuan, Estrasburgoren ebazpena jakin zenean. EFE.
enekoitz esnaola
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Bateragune auziko defentsak Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziaren baliogabetzea baino ez du aurreikusten aukera modura, atzo Gorenean bertan haren zigor epaiaren berraztertze helegitea aurkeztu ostean. Auzitegi horrek orain aste batzuk eman zion helegitea aurkezteko baimena, Europak duela urtebete bat AuzitegiNazionalaren epaiketa (2011) justua ez zela izan deliberatu, ebazpen hori aurtengo otsailean irmo geratu eta defentsak errekurtsoa sartzeko eskatu ondoren. Gorenak orain fiskaltzari igorriko dio berraztertze helegitea, eta ondoren erabaki egingo du. Erabakiaren berri emateko eperik ez du.

Iñigo Iruin abokatuak aurkeztu du helegitea, eta zehazki eskatu du Gorenak 2012ko maiatzaren 7an emandako sententzia baliogabetzeko; ez da hasi auziko argudio juridikoak-eta berriro azaltzen, ez delako halakorik egokitzen. Azaldu du jurisprudentziak dioela Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak bete beharrekoak direla, eta iritzi dio hori gertatuko dela orain ere. Epaia baliorik gabe geratuko balitz, auzipetuen aurka ezarri zituzten neurri guztiak bertan behera geldituko lirateke. Orain indarrean dagoen neurri bakarra Arnaldo Otegiren inhabilitazioa da: 2021eko otsailera artekoa du. Iruinek, Gorenean aurkeztutako idatzian, haren kasua nabarmendu du, kaltetuta segitzen duelako.

Euskal gatazkan aurrekari bat dago: Atutxa auzikoa. Europak 2017an ebatzi zuen auzipetuen eskubideak urratu egin zirela epaiketan, eta Gorenak berriki baliorik gabe utzi du aginte judizialari desobeditzea egotzita 2008an ezarritako inhabilitazio zigorra.

Iazko azaroaren 6an Europako auzitegiak zioen Bateragune auzian epaimahaia ez zela inpartziala izan, Europako Konbentzioko 6.1 artikulua urratu zuela esanda. Gorenak joan den urriaren 24ko autoan zioen giza eskubideak eta askatasunak urratzean, eta kalteek irauten badute, Europaren epaia badela nahikoa arrazoi Espainiako Estatuko sententzia irmo baten berraztertze helegitearen sarrera baimentzeko, Prozedura Kriminaleko Espainiako Legearen 954. artikuluaren arabera. Manuel Marchena, Julian Sanchez Melgar eta Susana Polo Garcia magistratuek sinatu zuten urriko autoa.

2009ko urriaren 13an izan zen Bateragune auziko operazioa. Auzitegi Nazionalak 2011n eman zuen zigor epaia, zigortuak ETAren esanetara ari zirela esanda. Gorenak berretsi egin zuen 2012an, kartzela urteak zerbait jaitsita —inhabilitazioak ez—. Konstituzionalak balekotzat jo zuen Gorenarena, 2014an. Auziko bost zigortuek denera ia 31 urte egin zituzten preso: seina urte Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak, eta Otegik eta Rafa Diezek bakoitzak kasik sei urte eta erdi. Jardun publikorako inhabilitazio zigorra ere jarri zieten, eta haien artetik Otegiri baino ez zaio falta betetzeko.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko irailean lirateke, epeak betez gero. 2016ko bozetan, EH Bilduk hautagai aurkeztu zuen Otegi, baina ezin izan zen aurkeztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.